«Tortura iluntasunaz baliatzen da, eta foro honen helburua ateak irekitzea eta argiarekin eta takigrafoekin errealitate horren berri ematea da». Mirentxu Purroi kazetariaren hitzaurre horrekin hasiera eman zitzaion atzo Iruñean torturaren aurkako hiritar topaketari. Goizean eta arratsaldean torturaren inguruko hainbat elementu izan zituzten aztergai: auzi medikuen eta konfiantzazko medikuen zeregina, epaileen eta politikarien ardura, torturaren helburuak, ondorio psikologikoak...
Arratsaldean, Pau Perez psikiatrak eta Oihana Barrios psikologoak nabarmendu zuten torturak pertsonaren duintasuna deuseztea bilatzen duena: «Torturaren ondorio larriena eta krudelena duintasuna galtzea da», zioen Barriosek. Perezen iritziz, psikologoek torturatuekin egin beharreko borroka zailena «norberaren buruaren gaineko errua» da, ez baitago torturari aurre egiteko ahalmena duen pertsonarik. «Hori argi izan behar da, torturatzailearen azken helburua umilazioa eta errua sentitzea direlako». Barriosek itxaropen izpi bat eman nahi izan du, hala ere: «Atera daitekeen ondorio onena da duintasuna galdu ostean ez duzula berriro galdu nahi eta horrek gizakiago egiten zaituela».
Beste ondorio bat izan zen tortura sistematikoa dela. Amnesty Internationaleko kide batek jakitera eman zuen «Espainiako Estatuan» azken urteetan 6.000tik gora kasu salatu direla. Ane Ituiño2004tik 2009ra Torturaren Aurkako Taldeko kideak gogorarazi du Euskal Herrian 553 kasu izan direla, 1.000 biztanleko bi herritar: «Tortura egon badago, nahiz eta batzuei egia horrek min egiten dien». Denak bat datoz tortura inkomunikazio aldiak ahalbidetzen duela. Ituiñoren iritziz, makineria oso bat da tortura ahalbidetzen duena: polizia torturatzailea, auzi medikua, ofiziozko abokatua, epailea... «Baina azken ardura ministroarena da. Politika aldatzea lortu arte ez dugu tortura amaituko».
Gaur mahai inguru bat izango da. Martxelo Otamendi moderatzaile gisa arituko da, eta Jorge del Curak, Iratxe Urizarrek eta Karlos Hernandezek parte hartuko dute.
Torturaren aurkako foroa
«Torturaren okerrena duintasuna galtzea da»
Iruñean antolatutako foroan adituek azaldu dute sistematikoa dela tortura eta gizarteak onartu egiten duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu