Larunbat honetan Torturarik ez, epaiketa politikorik ez, proiektu guztien gauzapenari bai lelopean manifestazioa egingo dute Iruñean. Hiriburuko autobus geltokitik abiatuko da martxa, 17:00etan.
Dagoeneko ekimenarekin bat egin dute LAB, Emakume Internazionalistak, Orreaga, Komite Internazionalistak, Sasoia, CGT, STEE-EILAS, Bilgune Feminista, Lokarri, Herria2000Eliza, Ahaztuak, Indar Gorri, Lurra Andrea, Iruñeko Peñak... Antolatzaileek gainontzeko eragile sozial, sindikal eta politikoei ekimen horretan bat egiteko deia egin die.
"2003ko otsaila eta 2005eko maiatza artean 116 pertsona atxilotuak izan ziren Euskal Herrian, horietatik 28 nafarrak, 7 sarekada ezberdinetan. ETA-ko informazio eta kaptazio aparatuaren kidea izatea leporatzen diete. Behintzat 35ek torturak salatu zituzten epailearen aurrean, nahiz eta ondoren gehienek torturak jasan zituztela salatu zuten", manifestazioaren antolatzaileek adierazi dutenez.
"Eskubide zibil eta politikoen urraketa" horrekin ados ez daudelako hainbat eskaera egin dizkiote Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Espainiako Estatuari: inkomunikazioa baimentzen duen legea bertan behera geratzea, giza eskubideen defentsan nazioartean lanean aritzen diren hainbat eragilek eskatu duten bezala, esaterako.
politika
'Torturarik ez, epaiketa politikorik ez, proiektu guztien gauzapenari bai' lelopean manifestazioa egingo dute, larunbatean Iruñean
Autobus geltokitik irtengo da martxa, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu