«Tratu txarrak egin dizkidate, torturatu egin naute, ukatu egiten dut polizia etxean sinatutakoa». Ruben Villak esandakoak laburbiltzen du Espainiako Auzitegi Nazionalean entzundakoa: tortura testigantza gogorrak, eta nagusiki inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarritutako akusazioak. Gainontzekoak, ekitaldi publikoak, edo etxean aurkitutako eskuorri, zapi, itsasgarri eta paperak. Imanol Beristain, Ruben Villa, Xabat Moran, Ainara Ladron, Ikoitz Arrese, Saioa Zubiaur, Xabier Bidaurre, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga eta Irati Tobar eseri ziren atzo epailearen aurrean —hemezortzik deklaratu dute denera, hamar falta dira—. Plazaolak, Lizeagak eta Tobarrek izan ezik, guztiek salatu dituzte tratu txarrak eta torturak. Azken hiruek Espainiako Poliziari ihes egitea lortu zuten, eta Ipar Euskal Herrian atxilotu zituzten.
Atzo deklaratu zutenetatik, inkomunikatu zituzten guztiek sinatu zuten polizia aurreko deklarazioren bat. Atxiloketa unean batek baino gehiagok adierazi arren idazkari judizialari ez zutela horretarako asmorik. Fiskaltzak deklarazio horietan oinarritu zituen galderak, haietako batzuk pasa den ekainean Auzitegi Nazionalak berak absolbitutako gazteenak izan arren. 2009ko azaroko sarekadan atxilotutako Nahaia Aguado eta Idoia Iragorrirenak, esaterako. Galderen artean, Carlos Renedo aipatu zuen fiskalak. Eta segidan: «ETAko edo Segiko beste kideren batek eman dizkizu hitzaldiak?». Baina Renedo ere absolbituta dago.
Fernando Grande-Marlaska instrukzio epailearen aurretik pasatutako guztiek salatu zituzten torturak: mehatxuak, kolpeak, eraso sexistak, ariketa behartuak, poltsa... Beristain: «Ez nuen hitz egiten, eta gehiago jotzen ninduten. Korderik gabe utzi ninduten, eta hurrena oroitzen dudan bakarra da han nengoela blai eginda, izerditan, eta burua beherantz jarrita». Atxilotze unetik hasita izutu zituztela kontatu dute. Villa: «Etxeko eskaileratan behera, hil egingo nindutela egiten zidaten mehatxu, eta nire familia hilko zutela».
Moranek azaldu zuen tratu horien helburua: «Tortura fisiko eta psikologikoekin lortzen dutena da zure buruak krak egitea». Eta horrela, epaile aurrera eraman arte. Esan zuen bi gauza nahi zituztela poliziek: beren buruen aurkako deklarazioa berrestea epaileari, eta tratu txarrik ez salatzea. «Auzitegi Nazionalera iritsi baino ordubete lehenago biluzik nengoen tortura gelan».
Eta hara iritsi bitartean, «infernua». Ladron: «Biluzarazi eta mahai batean jarri ninduten. Bost polizia gizonezkoz inguratutako neska gazte bat nintzen. Edozer egin zezaketen. Hankak irekitzen hasi zitzaizkidan. Ez nien uzten, baina une batean ezin nuen gehiago. Erresistentzia fisikotik erresistentzia mentalera pasatu nintzen: 'ez naiz ni hemen nagoena'». Arrese: «Polizia batek pistola bat atera zuen, lokian jarri zidan. Kargatu egin zuen, eta gainbehera etorri nintzen». Bidaurre: «[Indautxuko polizia etxean, Bilbon] leiho batera hurbildu ninduten, eta galdetu zidaten ea banekien nor zen 'Txato' —Xabier Kalparsoro, 1993an hil zen han bertan, polizien eskuetan—. 'Gudari bat zen, zu bezala, eta zu jaio zinen urtean hemendik behera bota genuen'».
Akusazioak ukatu dituzte
Gehienek tratu txarrak salatu zituzten instrukzio epailearen aurrean, eta polizia etxeko deklarazioak ukatu zituzten. Egin ez zutenek, «erabat joanda» zeudelako, edo beldurtuta zeudelako oraindik. Inkomunikatuta pasatu ziren epaile aurretik. Auzi medikuari ere salatu zioten batzuek jasandako tratua, baina ez zuen askorako balio izan. Arreseren kasuan, esaterako, lesioak zituela jaso zuen txostenean, hark tratu txarra salatu ziolako. «Esan zidan epaileari bidaliko ziola, baina 'filtrazioak' egon zitezkeela bidean, poliziek jakin zezaketela».
Atzo, denek ukatu zituzten akusazioak, eta militantzia politikoa aldarrikatu zuten. «Lan egin dut, egiten dut eta egingo dut Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde», esan zuen, adibidez, Lizeagak. Denek errepikatu zuten hori, modu batean edo bestean. Zubiaur: «Froga guziek erakusten dute nire konpromisoa eta parte hartzea askapen sozial eta nazionalean». Independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren alde jarduten direla adierazi zuten, ezker abertzalean eta herri mugimenduan: gazte asanbladan, aisialdi taldean, sindikatuan, kultur elkarteetan, Ikasle Abertzaleetan...
Poliziak eta fiskaltzak froga gisa aurkeztutakoak jarduera publikoak izan direla nabarmendu dute denek. Horixe ikusi da fiskalen galderetan ere: agerraldiak, gazte martxak, agerraldiak, protestak, erakunde edo mugimendu legaletako bilerak... Poliziaren jarraipenek frogatu duten bakarra izan da auzipetuak taberna edo elkarte batean sartu eta atera egin zirela. Haiek miaketetan izandako jarrera ere salatu dute auzipetuek: etxe guztia miatzen zutela, beraienak ez zirela logeletatik ere gauzak hartzen zituztela. Zenbait elkarte eta gaztetxetan atzemandako gauzak ere egotzi dizkiete auzipetuei: paperak, kartelak...
Loiolako bostak
Auzipetu horiez gain, atzo goizerako Madrilen ziren bezperan Loiolako Aske Gunean Ertzaintzak atxilotutako bost auzipetuak ere: Xabier Arina, Imanol Salinas. Irati Tobar, Jazint Ramirez eta Igarki Robles. Arinak kolpeak zituen, eta «odola belarrietan», eta auzi mediku batek ikusi zuen atzo. Dena den, atxilotu ondoren tratua zuzena izan dela azaldu zuten. Bostak preso sartu ditu Angela Murillo epaileak, Madrilgo Soto del Realeko espetxean. Goizeko saioa hasterako, fiskalak eskatu zuen neurri hori, «ihes egiteko arriskua» zegoela esanda. Argudiatu zuen «justifikaziorik gabe» saihestu nahi izan zutela «justiziaren ekinbidea». Kontrakoa esan zuen defentsak. «Publikoki iragarritako protesta baketsua izan da».
Ainara Ladron auzipetuak, berriz, ez du epaiketan egon beharrik izango azken egunera arte, haurdunaldia dela eta. Gaur jarraituko dute auzipetuek deklaratzen, 10:00etan hasita.
«Torturatu egin naute»
Loiolan atxilotutako bost auzipetuak Soto del Realeko espetxera bidali dituzte.Hemezortzi gaztek deklaratu dute dagoeneko, eta «askapen nazional eta sozialaren alde» jardun dutela esan dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu