Trabagarriei buruzko polemika piztu du Barakaldoko ezbeharrak

Gazte bat hil zen larunbatean izandako sutean. Suhiltzaileek trabak izan zituzten kalean sartzeko

Garbitzaileak hondakinak kentzen ezbeharra pairatutako eraikinetik. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den igande goizaldean sute bat piztu zen Barakaldon (Bizkaia), Portu kaleko etxebizitza batean. Etxearen egitura zurezkoa da, eta sua azkar hedatu zen eraikin osora. 16 urteko gaztetxo bat hil zen, eta beste sei bizilagun erietxera eraman behar izan zituzten. Zaurituetako bi erietxean daude oraindik.

Ezbeharrak berriro piztu du polemika autoak espaloian aparkatzea edo oinezkoentzako kaleetan sartzea galarazten duten haga edo trabagarrien inguruan. Izan ere, suhiltzaileek haga horietako zenbait zerraz moztu behar izan zituzten Portu kalean sartzeko.

Karmen eguna zen igandekoa, Barakaldoko jaietako egun nagusia, eta festak bertan behera utzi zituzten ezbeharra zela eta. Barakaldoko Udalak dolu eguna ezarri zuen, jaietako ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituzten, eta txosnak itxita egon ziren egun osoan. Udaleko ordezkari politikoek doluminak adierazi zizkioten hildakoaren familiari.

Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen sutea. Barakaldoko Udalak BERRIAri adierazi dionez, suhiltzaileek egin beharko dute horren inguruko txostena, eta horren zain daude. Eraikina eraitsi beharko den ere zalantzan daude: udalak esan duenez, udal arkitektoak jadanik lehenengo azterketa egin du, baina ikerketa sakonagoa egin beharko dute eraikinarekin zer egin erabaki aurretik. Amaia del Campo alkateak esan du kalteak «oso handiak» direla eta egoera aztertu beharko dutela.

Sutea gertatu zenean, inguruko eraikinak ere hustu zituzten, eta 30 bat bizilagunek Larrea ikastetxean eman behar izan zuten gaua, baina eraikin horiek ez dute aparteko kalterik izan eta bizilagunak etxera bueltatu dira. Udalak informazio bulegoa atondu du udaltzainen egoitzan, biktimei arta emateko. Gainera, behin-behineko bizilekua bilatu diete hamar bizilaguni.

Eraikineko eskailerak ere zurezkoak ziren, eta behera erori ziren sutea hedatu zenean. Horregatik, goiko pisuetako bizilagunak atera ezinik gelditu ziren, eta garretatik ihes egin nahian leihoetatik patiora jauzi egin zutelako zauritu ziren erietxera eraman behar zituztenetako batzuk.

Duela zortzi urte

Duela zortzi urte ere polemika iturri izan ziren kalean ezarritako trabagarriak. Orduan ere jaietan zegoen Barakaldo, eta barraken esparruan noria batek izandako istripu baten ondorioz zenbait lagun handik jaitsi ezinik lotu ziren. Suhiltzaileek arazoak izan zituzten barraken esparrura sartzeko haga horiek zirela eta, eta erreskatea zenbait orduz atzeratu zen.

Orduan alkatetzara iritsi berria zen Del Campo, eta iragarri zuen herrian zeuden trabagarri guztiak kalez kale aztertu, eta larrialdi zerbitzuetarako oztopo izan zitezkeenak kendu egingo zituztela. Horren ondorioz, 722 erretiratu zituzten. Orain, Del Campok iragarri du berriro aztertuko dutela kaleko trabagarrien egokitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.