Tramiterako onartu dute ESK-k anbulantzien auzia dela-eta aurkeztutako salaketa

Ustezko prebarikazioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik salaketa jarri zuen sindikatuak, uztailean.

Javier Acuña eta Patxi Nicolau ESK-ko kideak, gaur, prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko irailaren 15a
13:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den uztailaren 20an, ESK sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzaren aurrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kontrataziorako aseguramenduko zuzendari Frumencio Molineroren eta anbulantzia kudeatzen dituen La Pau enpresako lehendakari Vicenc Chicharroren aurka, ustez prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egiteagatik. Arabako eta Bizkaiko osasun garraioa kudeatzen du enpresa pribatu horrek, eta sindikatuak «etengabeko irregulartasunak» egitea egotzi zion: besteak beste, pleguak, lan arriskuen prebentzioa eta lan harremanen eta langileen oinarrizko eskubideak ez betetzea. Bada, fiskaltzak tramiterako onartu du ESKren salaketa. Sindikatuko bozeramaile Patxi Nicolau eta anbulantzietako langile batzordeko kide Javier Acuñak agerraldia egin dute gaur Gasteizen auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Salaketak tramiterako onartu izana «positiboa» dela esan dute, eta espero dute enpresaren «praktika zitalak» argitara ateratzeko balio izatea.

ESK-k behin baino gehiagotan salatu ditu Lan Ikuskaritzaren aurrean anbulantziak kudeatzen dituen enpresaren arau hausteak: besteak beste, norbera babesteko ekipamendurik eskura ez jartzea, lan araudia ez betetzea, Gizarte Segurantzan iruzurrak egitea edo IAT ibilgailuen azterketa teknikoa gainditu gabeko ibilgailuak izatea leporatu dio. Salaketa horien ondorioz, Lan Ikuskaritzak 100.000 eurorainoko isuna jarri dio La Pau enpresari. Nicolauk jakinarazi duenez, gertakari horien guztien berri eman dio ESK-k Eusko Jaurlaritzari, baina hark ez du inolako neurririk hartu. Are: Jaurlaritzak beste hiru urtez esleitu dio enpresari Arabako premiazko osasun garraioaren kudeaketa, eta Bizkaikoa ere enpresa horren esku utzi du. «Guztira, datozen hiru urteetan 136 milioi euro poltsikoratuko ditu La Pauk», sindikatuko kideak salatu duenez.

ESK-ko ordezkariak uste du enpresak «arriskuan» jartzen dituela langileen eta herritarren osasuna, eta Jaurlaritzak ahalmena duela kontratua eteteko, baldin eta enpresak gutxieneko baldintzak batzuk betetzen ez baditu: adibidez, langileen lan osasuna. «Ordea, neurririk ez du hartu nahi, negozio hobia delako», kritikatu du Nicolauk. Larrialdi zerbitzuen pribatizazio prozesuarekin lotu du sindikatuak anbulantzien afera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.