Transak artatzeko, gutxienez hiru zentro aurreikusi ditu trans legearen erreformak

Trans legearen erreforma gehiengo zabalaz onartuko dute Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen, EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk irizpenaren alde bozkatu dute gaur; PPk, berriz, kontra.

(ID_13175980) (Endika Portillo/@FOKU) 2023-09-14, Gasteiz. Politika orokorreko plenoa egin dute Eusko Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkura bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urtarrilaren 30a
18:45
Entzun

EAEko trans legea moldatzeko irizpena adostasun zabalarekin onartu dute gaur Eusko Legebiltzarrean: EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk haren alde bozkatu dute. Alderdi popularrak, berriz, kontra bozkatu du. Hortaz, erreforma gehiengo zabalaz onartuko dute Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, transak artatzeko, gutxienez hiru zentro aurreikusi ditu legearen erreformak.

2012an onartu zuten EAEko trans legea. Zazpi urteren ondoren, legearen lehenengo erreforma onartu zuten. Honako hau izan zen aldaketa nabarmenena: ezarri zuten transak ez zirela gaixo gisa tratatuko, eta euren identitate sexuala egiaztatzeko ez zutela txosten psikiatrikorik aurkeztu beharko. Oraingoa, beraz, bigarren erreforma izango da. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos IUk aurkeztu zuten lege proposamena, eta hura babestu du orain EH Bilduk, «hainbat hobekuntza» txertatu ostean.

Osakidetzan, hezkuntzan eta enpleguan egingo dituzte aldaketak. Esaterako, Osakidetzak, gutxienez, lurralde bakoitzeko zerbitzu bat ezarri beharko du transak artatzeko. Lehen arretan egongo dira zerbitzuok, eta arreta osoa eta egokia jasotzeko eskubidea bermatu beharko dute.

Adingabeengan ere jarri dute arretagunea. Legeak jasoko du entzunak izateko eskubidea dutela. Are, erabakiak hartzeko eskubidea ere izango dute, euren identitate sexualarekin zerikusia duten neurriak hartzeko momentuan.

Transak dauden ikastetxeetan, ezinbestekoa izango da hezkuntzako kide guztiei prestakuntza eta aholkularitza egokia eskaintzea. Uniformea erabiltzeko betebeharra dagoen ikastetxeetan, gainera, identitatearen arabera janzteko eskubidea aitortuko zaie ikasleei. Era berean, administrazioarekin lotutako dokumentazio guztia adingabearen identitate sexualera egokitu beharko dute.

Hizkeran ere egingo dituzte moldaketak. Transexual edota transgenero hitzak erabili ordez, pertsona trans proposatuko dute, inklusiboagoa izan dadin. «Trans mugimenduaren eta pertsonen memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko» egun bat ezarriko dute, eta aitortza eta oroimen espazioak sortuko dituzte.

Klausulak lan hitzarmenetan

Erreformak EH Bilduk proposatutako hainbat aldaketa jasoko ditu. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, akordio berriarekin transen eskubideak «hobeto defendatu eta bermatuko» dira. Garrantzitsutzat jo du adostasuna «hain handia» izatea, eta honela arrazoitu du: «LGTBIfobiak eta transfobiak oso presente daude oraindik, eta eskuin muturretik LGTB+ eta pertsona transen kontrako gorroto diskurtsoak elikatzen eta areagotzen ari dira».

Besteak beste, EH Bilduk proposatu du lan hitzarmenetan klausulak txertatzea, «enplegu arloan, pribatuan zein publikoan, pertsona transen diskriminazioa saihesteko». Era berean, familietan gatazka edota sufrimendu egoerak gertatuz gero, gizarte zerbitzuen «hasierako esku hartzea» aurreikusiko du legeak.

Pertsona intersexualen errealitatea ere kontuan izango du erreformak. «Mutilazioa eta genitalen aldaketa debekatuko ditu, bai eta intersexualentzat kaltegarriak diren beste prozedura mediko batzuk ere», zehaztu du Arresek.

Irizpena onartu izanak «poz handia» eragin dio Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideari; esan du legeak «pertsonen eskubideak aitortu eta bermatuko» dituela. Ildo beretik, alderdi sozialistako Gloria Sanchezek nabarmendu du legea «pauso garrantzitsua» izango dela, «berdintasunean aurrera egiteko eta gizarte bidezkoago eta askeago batean aniztasuna onartzeko». Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, argudiatu du kontzeptuak gehiago argitu behar direla, eta testuari segurtasun juridiko handiagoa eman behar zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.