Transen aurkako «bortxa instituzionala» bistaratu dute txosten batean

Gurutzetako unitateak ez ditu transak «errespetuz eta duin» artatzen, LumagorriHAT, Anitzak eta Loratuz Lotu kolektiboek ondutako inkestaren arabera. Inkestatuek diote ebakuntza egiteko aukera oztopatu egiten zaiela.

Osakidetzako Genero Identitatearen Unitatearen inguruko txostena aurkeztu dute gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Osakidetzako Genero Identitatearen Unitatearen inguruko txostena aurkeztu dute gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko ekainaren 6a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitatera jotzen duten transek «oztopoak, ziurgabetasuna eta patologizazioa» pairatzen dituzte, hau da, «bortxa instituzionala». LumagorriHAT, Anitzak eta Loratuz Lotu LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko plataformek egin dute salaketa. Ez da lehen aldia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitatearen aurka ahotsa goratzen dutena, baina orain zurian-beltz jarri dute euren salaketa: trantsizio medikoko prozesu bat hasi nahi duten pertsonen testigantzak eta artarekin lotutako datuak jaso dituzte txosten batean. Eta ondorio nagusia zera da: unitate horrek ez dituela transak «errespetuz eta duin» artatzen.

Txostenaren berri eman dute gaur hiru elkarteek prentsaurrekoan. Gogoratu dute iazko abuztuan GIUn gertatutako kasu baten harira salaketa plazaratu zutela ESK sindikatuarekin batera, eta han jakinarazi zutela unitate horretan pertsona transen identitatea patologizatzen dela pazienteak psikiatria kontsultara bideratzen dituztelako, eta tratu «erabat iraingarria, desegokia eta bortitza» jasotzen dutela. Hura ez zela izan kasu bakana azpimarratu dute, badirela gehiago, baina gehienek «beldurragatik» ez dutela salaketa publikorik egin nahi.

Hala ere, azken hilabeteetan izan da urratsa egin duenik. Apirilean sortu zuten Sumin Trans elkartea, Gurutzetako unitatean transek pairatzen duten bortizkeria salatzeko asmoz. Taldeko kide diren zenbait pertsonaren lekukotzak jaso zituen BERRIAk orduan, eta, salatu zutenez, zerbitzu horretatik pasatzen den oro psikiatriara bideratzen dute, tratu laidogarria emanez.

«Gure identitateak zalantzan jartzen dira, trantsizio prozesuari modu negatiboan eragiten dion jarrera heteronormatiboekin»

CLAUDIA UGARTELumagorriHAT elkartea

LGTBI kolektiboen eskubideen aldeko elkarteek gaur jakinarazi dutenez, unitateko erabiltzaile batzuek jasandako tratu «iraingarria» dela eta, euren kezka agertu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta Trans Legeak aurreikusia duen gida sanitarioaren erredakzioan parte hartzeko borondatea helarazi. Baina, salatu dutenez, Osasun Sailak ez die erantzun elkarteek egindako eskaerei, eta haien parte hartze eta ekarpenik gabe argitara eman du gida.

Horiek horrela, eta osasun gida egiteko prozesutik kanpo geratu ondotik, trantsizioan dauden pertsonen artean inkesta bat abian jarri zuten hiru kolektiboek, «ia inoiz salatzen ez diren egoerak eta indarkeria egoerak» ikusarazteko asmoz. Martxo eta apiril artean egin zuten inkesta, eta 42 pertsonak parte hartu zuten; Ikusgunek eta Sumin Trans taldeek bildutako informazioarekin osatu dute txostena.

Itxaron zerrendak eta tratua

Bildutako informazioa hainbat ataletan banatu dute, eta, besteak beste, jaso egin dituzte ebakuntza motaren araberako datuak, itxaron zerrendak, eta unitatea erabiltzen duten transen lekukotzak. Eta, oro har, «ezkorrak» dira ondorioak, Claudia Ugarte LumagorriHAT elkarteko ordezkariaren esanetan.

Itxaron zerrendei dagokienez, «datu kezkagarriak» jaso dituzte. Pazienteek batez beste bost urte baino gehiago itxaron behar dute baginoplastia bat egiteko, eta beste hainbeste mamoplastia baterako. Baginoplastia bat egin nahi duten hamasei lagunetatik soilik lauri egin diete ebakuntza hori. 

Mastektomiaren kasuan, bi urtekoa da batez besteko itxaron zerrenda, baina inkestan jaso dute badirela ebakuntzaren zain denbora gehiago daramatenak ere. Orkiektomien kasuan —barrabil bat edo biak kentzea—, berriz, urtebete baino gutxiagoko epean egin dira ebakuntzak, inkestatuek erantzun dutenez. Bularrak handitzeko ebakuntzei dagokienez, adierazi dute 2020an egin zutela azkenekoz bularren handitze bat, eta, ordutik, ebakuntza hori eskatua duen pertsona bakar bati ere ez diotela egin.

Itxaron zerrendak hertsiki lotua daude transek Osakidetzan jasotzen duten tratuarekin, txostenaren egileek salatu dutenez. Inkesta erantzun dutenen hirutik batek esan du ebakuntza egiteko aukera «oztopatu» egin dietela. «Ikusten dugu patologizaziorako joerak nagusi izaten jarraitzen duela Gurutzetako GIUn. Pertsona guztiak behartzen dituzte psikiatriatik igarotzera, eta tratu umiliagarria jasotzera. Gure identitateak zalantzan jartzen dira, trantsizio prozesuari modu negatiboan eragiten dion jarrera heteronormatiboekin», ohartarazi du Ugartek.

datuak

5

Zenbat urte itxaron behar diren ebakuntza baterako, batez beste. Elkarteek emandako datuen arabera, bost urte baino gehiago itxaron behar du trantsizioa egin nahi duen pertsona batek ebakuntza egiteko. Baginoplastiaren kasuan eta mamoplastiaren kasuan gertatzen da hori bereziki. Mastektomiaren kasuan, bi urtekoa da batez besteko itxaron zerrenda, eta urtebete baino gutxiagokoa orkiektomien kasuan. Bularrak handitzeko ebakuntzei dagokienez, adierazi dute 2020an egin zutela azken ebakuntza, eta, ordutik, ebakuntza hori eskatu duen pertsona bakar bati ere ez diotela egin.

%33

Zenbatek erantzun duten ebakuntza egiteko aukera oztopatu zaiela. Inkestatutako 42 pertsonetatik %33k erantzun dute ebakuntza egiteko aukera «oztopatu» egin dietela.

Jasotako lekukotzak aintzat hartuz, bi dira Gurutzetako unitatean ebakuntza «oztopatzeko» arrazoi nagusiak, elkarteen ustez: lodifobia eta identitate ez-binarioekiko diskriminazioa. Salatu dutenez, «gehiegizko pisua» duten Gurutzetako erabiltzaileek diote osasun langileen iruzkin «iraingarriak eta umiliagarriak» jaso dituztela, eta batzuetan ez dituztela itxaron zerrendan sartzen epe laburrean argaldu arte. Horrez gainera, genero ez-binarioa dutenei tratamenduak ukatu dizkietela salatu dute, argudiatuta ez direla Trans Legean jasotako eskubideen onuradun.

Horiek hala, elkarteek eskatu dute genero identitatearen unitateak «errespetuz eta duin» arta ditzala transak, indarkeria albora dezala, eta kolektiboa «subjektu politiko» gisa har dezala. Transak artatzeko zerbitzuak deszentralizatzeko ere galdegin dute, eta transei arreta emateko gidan kolektiboen parte hartzea «blokeatzeari» uzteko. Gaur egun Galdakaokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.