Andoni Garcia. EHNE sindikatuko kidea

«Transgenikoak hedatzen badira ezingo da beste nekazaritza motarik egin»

maddi ane txoperena iribarren
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Oso larria» da Europak transgeniko gehiago baimendu izana, Andoni Garcia EHNE nekazarien sindikatuko kidearen iritziz. Europak «marra gorriak» gainditu dituela dio, eta, gainera, transgenikoak erabiltzeak bertzelako nekazaritza ereduei ere kalte eginen diela ohartarazi du. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oztopatzeko aukerak lituzkete, ordea.

Zer iruditu zaizu Europak hartutako erabakia?

Elikadura eredu osasuntsu eta nekazaritza iraunkor baten kontrako neurriak dira: oso larriak. Europako Batasuna, halaber, erakusten ari da TTIParen negoziazioei ezarri behar omen zizkion marra gorriak gainditzen ari dela. Prest dago transgenikoei atea zabaltzeko, bioteknologia enpresa handien mesedetan, eta segurtasun neurriei jaramonik egin gabe.

TTIParekin lotuta dago, beraz?

Bai, erabat. Negoziazio horiek isilpean egiten dabiltza, eta Europa jada ari da legeak TTIParen arabera aldatzen, isilpean, bukaeran aldaketak txikiagoak izan daitezen.

Estatuek oztopa dezakete?

Bihurria da, estatuek traba dezaketelakoan Bruselak samurrago onartzen dituelako halako neurriak. Espainiak bidea irekiko die transgenikoei, baina Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak badute berez gelditzeko eskumena.

Zer eraginen du praktikan?

Nekazarien eta kontsumitzaileen eskubideak urratuko ditu, transgenikoa kutsatu egiten baita, eta, hortaz, ezingo da beste nekazaritza motarik egin ondoan. Erabaki gaitasun politikoa eta elikadura burujabetza galdu egingo ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.