Koronabirusa

Transmisio gaitasun handiagoko aldaera bat, baina larritasun maila berekoa

Adituen arabera, aldaera berriak ez du eraginik izanen txertoan. Miren Basaras Mikrobiologia irakaslearekin solastatu da BERRIA

Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Kezka piztu du SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriak. Hona hemen sei gako, auzia ulertzeko.

Birusaren andui berri bat al da?

Ez. Ez da andui bat, birusaren aldaera bat baizik. Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakaslearen esanetan, birusak «une oro» aldatzen dira, eta, mutazio bat andui berri gisa sailkatzeko, «aldaketa handia izan beharko litzateke; kasu honetan, ordea, ez dirudi birusa asko aldatu denik».

Zer aldatu da?

Birusaren S proteinari eragin dio aldaketak. «Hori da, funtsean, birusak gure gorputzeko zeluletara lotzeko behar duen proteina», azaldu du Basarasek. «Mutazioari esker, birusak gaitasun handiagoa du zeluletara lotzeko, eta, ondorioz, errazago transmititzen da». Horrek ez du esan nahi, ordea, aldaera berria kaltegarriagoa denik. «Kaltegarritasun maila ez da handitu», azaldu du EHUko irakasleak. «Orain arteko ikerketetan ikusi da transmititzeko gaitasun handiagoa duela, baina kalteak ez direla larriagoak. Gainera, badakigu zer egin behar dugun birusa transmititu ez dadin; hortaz, neurriak hartuz gero, ez da zabalduko; ez birus berria, ez lehengoa».

Gisa honetako lehen mutazioa al da?

Ez, eta seguruenera ez da azkena izanen. Basarasek gogorarazi du, adibidez, beste aldaera bat atzeman zela Espainian duela hilabete gutxi: «D-64 izeneko bat izan zen, eta azken hilabeteetan mundu osora hedatu da. Ohiko kontua da birus bat aldatzea».

Zenbat denbora darama zirkulazioan?

Dirudien baino gehiago. «Iraileko positibo batzuetan atzeman dute», azaldu du Basarasek. Hortaz, ez da oraingo mutazio bat: «Badirudi hilabete batzuk daramatzala gure artean». Hortaz, zergatik azaleratu da orain? Erresuma Batuan egin dituzten azterketei esker: «Sekuentziazio horietan ikusi dute aztertutako positibo gehienak aldaera honekin kutsatu zirela, eta horrela ondorioztatu dute transmititzeko erraztasun handiagoa duela».

Txertoari eraginen dio?

Ez dirudi txertoen eraginkortasuna arriskuan dagoenik. EHUko adituaren esanetan, txertoak S proteina «blokeatzeko» sortuak dira, eta orain «ez dirudi mutazioak eragina izango duenik eraginkortasunean». Hala ere, «zaintza epidemiologikoa indartzeko» deia egin du, aldaera berria noraino hedatu den jakiteko.

Zerbaitetarako balio du hegaldiak eteteak?

Birusaren hedapenaren arabera. Basarasen ustez, ezinbestekoa da jakitea aldaera berria «noraino dagoen hedatua», neurri eraginkorrak hartu ahal izateko: «Oraingoz, Italian, Danimarkan, Australian eta Herbehereetan atzeman dituzte kasu batzuk, eta ikusi beharko dugu ea honaino ere iritsi den». Irakaslearen ustez, birusa dagoeneko oso hedatua balego, «ez luke inongo zentzurik izango Erresuma Batuko hegaldiak eteteak». Horren ordez, beste bide bat proposatu du: «Garrantzitsuena da ahalik eta azkarren ikustea zer zabalkunde duen aldaerak, eta zaintza epidemiologiko jarraituak egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.