Ia hamar urte pasatu dira EH Bilduk Trantsizio Ekologikoko Idazkaritza sortu zuenetik, eta uztailean Bizigintza ponentzia onartu du koalizioak, trantsizio ekosoziala egiteko bide orri estrategikoa izango dena. Koalizioaren III. Kongresuaren ostean egin dute aparteko prozesu hori, eta militanteen %76,67ren baiezkoa jaso du. Udako oporren hasieran erantzun die galderei EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkariak, Mikel Oterok, Gasteizko egoitza ia hutsik zegoela oporraldiaren kausaz. Bertako langile batek «zerbitzu minimoetan» dabiltzala esan du, ironiaz.
Oterok azaldu duenez, trantsizio ekologikoak duen «lehentasun politikoagatik» egin dute gai hori espresuki jorratzen duen ponentzia onartzeko prozesua. Eztabaida luzeak izan dituztela aitortu, eta adierazi du gaiaren garrantziak behar duen mailako «prozesu potentea» egin dutela: koalizioko idazkaritzak idatzitako Bizigintza ponentzia osatzeko, eskualde mailako 42 bilera antolatu dituzte, eta militantziak aurkeztu dituen hiru ponentzia alternatiboen gainean ere aritu dira. Gatazkak izan dituztela aitortu du, proiektu polemiko batzuk martxan dauden eskualdeetan bereziki, baina hala ere militantzian «onarpena» nagusi izan dela zehaztu du, nahiz eta «egonezina» nabaritu oinarrietan.
Idazkariak zehaztu duenez, ponentziaren helburua ez da problematika jakin batzuen gaineko analisia eta proposamena egitea, baizik eta «gidalerro orokor batzuk marraztea». Nolanahi ere, energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren hedapenaren tamainak eta erritmoak gizartean eta koalizioko militantzian sortu zuen eta sortzen duen kezkaz jakitun, aparteko lan bat eskaini diote gai horri, Oterok azaldu duenez, beste gai batzuetan ere isla duelako.
Berriztagarrien hedapena
Energia trantsizioa gauzatzeko egin beharreko urratsei buruz, Oterok uste du ponentziaren zati hori bi premisa indartsu baina gatazkatsutatik abiatzen dela: lehena, krisi ekosozialari aurre egiteko beharrezkoa dela trantsizio energetikoa egitea; bigarrena, «ikerketetan oinarrituta» tamaina txikiko berriztagarriekin nahikoa ez denez, tamaina handiko azpiegiturak behar direla. Horiek horrela, abiapuntu honetatik zuzen heldu diote eztabaidari: «Galdera da: nola egingo dugu hau?». Bada, bi betebehar zehaztu ditu ponentziak, Oteroren esanetan: lurralde plangintza «potente» bat egitea, eta zentral berriztagarrien hedapenaren nolakoa zehaztea.
%76,67PONENTZIAK MILITANTEEN ARTEAN JASO DUEN BABESA, EHUNEKOTAN. Bozkatu duten militanteen %76,67k baiezkoa eman diote Bizigintza ponentziari. Hiru ponentzia alternatibo aurkeztu dizkio militantziak.
Izan ere, Otero kritiko agertu da azken urteetan dagoen proiektu eskaerekin, «uholde» baten moduan eta «lurraldearen plangintzarik gabe» iritsi direlako. Hori dela eta, uste du beharrezkoak direla nazio, eskualde eta herri mailan lurraldea sailkatuko duten planak, ez soilik EAEko Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala. Eusko Jaurlaritzaren jarduna kritikatu du, lurralde plan sektorialak 2021ean onartua behar zuela argudiatuz, eta gogora ekarri du oraindik ez dela onartu.
Gainera, horrek proiektu eskaeren «uholdea» ere bultzatu duela uste du, eta nabarmendu du koalizioak ez duela gustuko non eta nola ari diren eskaerak egiten: «Gauza bat da onartzea tamaina handiko azpiegiturak behar direla, eta beste bat da ontzat ematea eskaintzen ari zaizkigun proiektuak eta haien ezaugarriak».
Enpresek egindako proiektuen txosten askotan, nabari da teknikariak ez direla lurraldean bertan egon, azaldu duenez: «Batzuetan oso nabarmena da. Gertatu da, esaterako, hemengo zuhaitzez osatutako baso baliotsu bat eta eukalipto multzo bat ondoan egotea, eta proiektu eoliko bat jarri nahi izatea baso preziatu horretan. Eta halako gauza asko herritarrekin hitz eginda konpondu daitezke». Beste batzuk «astakirtenkeriak» direla zehaztu du, Solariak Araban eguzki plaketarako egin nahi dituen instalazioak, esaterako.
«Elikagai pila ekoizten dugu, horren parte nagusia esportatu egiten dugu, eta kontsumitzen dugunaren %90 inguru kanpotik etortzen da»
MIKEL OTERO EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkaria
Zentral berriztagarrien hedapenak koalizioaren aburuz izan beharko lituzkeen ezaugarriak zerrendatu ditu idazkariak: «Ingurumen bermeduna izan behar luke, prozesu garden eta parte hartzailea, eta herritarrekin ahalik eta gehien adostua».
Dena ez da energia
Trantsizio energetikoak duen «zentralitatea» ukatu gabe, gainontzeko problematiken gaineko proposamena jorratzeari ere ezinbesteko deritzo Oterok. Hala, arazo konkretuetan sartu gabe, analisi bat egin zuten, «balantze material eta energetiko handieneko sektoreak» identifikatzeko eta haien eraldaketarako bidea marrazteko: industria, garraioa, eraikinak, elikadura, turismoa, basogintza eta uraren kudeaketa dira.
Izan ere, Oterok azaldu du Euskal Herria ez dela energian soilik menpeko, elikagai eta material asko ere inportatzen baitira: «Ez da elikadura subiranotasunerako ikuspuntu batetik ekoizten, merkatu logika batetik baizik. Elikagai pila ekoizten dugu, gure ekoizpenaren parte nagusia esportatu egiten dugu, eta egunero kontsumitzen dugunaren %90 inguru kanpotik etortzen da». Hala, sektore bakoitzaren diagnostikoa egin eta ildo estrategiko propioak marraztu dituzte Bizigintza-n. Nolanahi ere, Oterok nabarmendu du energia kontuek haietan inplikazioak dituztela, industrian eta garraioan bereziki.
Orokorrean, prozesuak «tokiko bihurtzea» da gakoa, Oteroren esanetan, eta nabarmendu du horrek harreman handia duela elikadura sistemarekin. Haren ustez, eztabaidak eta hausnarketa prozesuak areagotu egingo dira koalizioan auzi energetikotik kanpo dauden aferen gainean ere.