Trantsizio energetikoaren gerizpean ugaritzen ari diren berriztagarrien proiektuek sortutako kezka alde batetik, eta apirilaren 28ko itzalaldiaren ezustekoa bestetik, konbinazio perfektua suertatu da, eta Antonio Turielen hitzaldia aditzera 250 lagun baino gehiago bildu ziren asteazken arratsaldean Hernaniko San Jose Langilea elizan (Gipuzkoa). Puntarik punta betetako aretoa ikusita, ironia ezin saihestu, eta eliza batean bere herriko apaizak baino jende gehiago elkartu zuela esanez hasi zuen sermoia Turielek.
Urumeako Mendiak Bizirik taldeak maiatzean antolatutako ekitaldi sorta baten barruan, Trantsizio energetikoaren mugak aztertu behar zituen Turielek, zeina fisika teorikoko doktore eta CSICeko ikerlaria baita, baina ez zuen saihestu itzalaldiaren gaia, eta ia bi ordu iraun zuen saioan aletu zituen klima larrialdiaren gakoak —eta zergatik dagoen planetan bizia arriskuan—, krisi energetikoaren larritasunak —«energia gabe gelditzen ari gara»— eta energia berriztagarriek eta elektrifikazioak bere ustez dituzten ezintasun batzuk.
Trantsizio energetikoa «beharrezkoa, presazkoa eta saihetsezina» dela onartu zuen, baina adierazi zuen hori lortzeko indarrean jarri den makroproiektu berriztagarri eta industrialen ereduak ez duela funtzionatzen eta kalteak eragiten dituela ingurumenean eta gizartean. «Berriztagarrien burbuila» aurki desegingo dela ere iragarri zuen; eta gero eta energia gutxiago egongo dela eta garestiagoa izango dela ere bai.
Horren aurrean, materialen eta ingurumenaren mugak aintzat hartuko dituen «jarduera metaboliko bat» behar du gizarteak, haren hitzetan: kapitalismoa gainditu nahi bada, desazkundearen bidetik ekin behar zaio gizartearen, ekonomiaren eta balio kulturalen eraldaketa bati. «Beste trantsizio eredu bat posible da», ebatzi zuen: «Baina infinituraino haziko den sistema bat ez da posible».
Eta sare elektrikoan berriki izan diren gorabeheren inguruan, adierazi zuen ez dagoela energia berriztagarrien kontra, baina azpiegitura horiek egonkortzaileak behar dituztela, sare elektrikoaren frekuentzia ez desorekatzeko. Halere, berriztagarriez bezainbat energiaren kontsumoa apaltzeaz ere hitz egin beharko litzatekeela ohartarazi zuen.
Gaur, osteguna, Bilbon arituko da hizlari Turiel, Zientziaz Blai jardunaldietan; Sarean-en izango da, 18:00etan.
Hernaniko hitzaldiaren xehetasunetan sartuta, berriz, bost ataletan bereizi zuen hitzaldia:
1. Bizitzaren mugak planetan
Bizitzak planeta honetan irauteko, badira bederatzi muga, edo arrisku, Stockholmeko Erresilientzia Institutuak egindako azterketa baten arabera: klima aldaketa, ozeanoen azidifikatzea, biosferaren osotasuna, nitrogeno eta fosforo zikloak, ozono geruza, atmosferako aerosolak, ur gezaren erabilera, kutsadura kimikoa eta lurren erabilera. Bederatzi muga horietatik sei gaindituak daudela ziurtatu zuten 2023an.
Turielen arabera, muga horietako edozein pasatzeak «ondorio atzeraezinak» izan ditzake, gizakientzat biziezina bihurtuko litzatekeelako planeta. Eta muga horietako bakoitza gainditzeak eragin ditzakeen ondorioak turrustan pilatu litezke, gainera. Horregatik, Turielen ustez, modu integralean hartu behar dira arazo horiek guztiak, baldintza edo muga horietako bakoitzak besteetan eragin dezakeelako, eta ustekabeko ondorioak eragin.
2. Klima aldaketa, bertan
Parisko Akordioan, 2015ean, munduko herrialdeek erabaki zuten airearen tenperatura 1,5 gradu ez igotzeko ahalegina egin behar zela, eta bi gradu ez igotzea lortu behar zela, inondik ere. «Tira, airearen tenperatura, momentu honetan, 1,7 gradu gainetik dago» industria aurreko tenperaturekin alderatuta, Turielek gogorarazi duenez. «Eta urte gutxi barru iritsiko gara bi gradura».
Horrek izan ditzakeen ondorioak erakusten ahalegindu da: 1,5 gradu igotzeak esan nahi du momentu batzuetan Iberiar penintsulako leku batzuetan 45 graduko tenperaturak izatera ailegatuko direla; eta bi gradu igotzeak esan nahi du leku batzuetan 50 gradura ere iritsiko direla udan. «Hori biziezina da», esan du, eta nabarmendu du migrazio klimatikoak errealitate bat direla dagoeneko.
Ez da tenperatura bakarrik: igoera horrek eragiten du ur lurrun gehiago pilatzea airean, eta horrek ekartzen du euri erauntsi bortitz eta larriagoak gertatzea, eta bestelako ondorio batzuk. Itsasoetan ere berotzea «azeleratzen» ari da, Turielen arabera, eta horrek eraginak ditu: «Ekaitz gero eta zakarragoak ikusten dira itsasoetan, eta hona ere etortzen ari dira halako fenomeno bortitzak, ikusten ari zarete». Europan azkeneko urteetan izan diren eurite bortitzak ekarri ditu gogora, Europa erdialdean eta Valentzian (Herrialde Katalanetan) berriki gertatu direnak, esaterako.
«Klima aldaketaren auzia oso-oso larria da, eta agenda politikoan ez da lehentasun bat, kontrakoa esaten den arren», ohartarazi du.

3. Energia iturrien krisia
Ez da orain esan berria, baina berriz errepikatu du: «Petroliorik gabe gelditzen ari gara». Turielek gogora ekarri du Repsol ez dela gehiago petroliorik bilatzen ari, eta Cepsa zena —orain, Moeve— «dinosauroak besarkatzen» hasi dela, eta ez dela kasualitatea petrolio konpainiak beste energia iturri batzuetan inbertitzen hastea. «Zer gertatu zen 2014an? Repsol berdea bilakatu zen bat-batean?».
Ez du debalde aipatu 2014. urtea, urte hartako uztailean AEBetako txosten batek aipatu baitzuen erregai fosilekin lanean ari ziren enpresek irabazi baino gastu handiagoak zituztela. «Eta hori gertatu zen petrolio upela inoizko garestien zegoen garai batean. Baina 110 milioi dolar ari ziren galtzen urtean». Gero eta garestiagoa omen da petrolioa atera eta tratatzea; ustiatzea eta errentagarri egitea. «Horregatik hasi ziren enpresa horiek petrolioan desinbertitzen». Gaur egun, ekoizten dena baino petrolio gehiago kontsumitzen omen da: «Sortzen dena baino zazpi aldiz petrolio gehiago».
Baina ez da petrolioa bakarrik: uranioa ere gutxitzen ari bide da. «Bukatzen ari da, eta aspalditik genekien agortuko zela: 2016tik 2023ra, %23 apaldu da ustiaketa». Entzuleei esan die ez kezkatzeko gehiegi orain indarra hartu duten zentral nuklearraren lobbyekin, uranioa bukatu egingo delako: «Ez da egongo berpizte nuklearrik: ostiak egongo dira, bai, baina gelditzen den uranio apurrarengatik».
Ikatzak eta gasak «pixka bat gehiago» eutsiko diotela esan du, baina, halere, sistema energetikoa gainbehera prozesu batean sartu dela eta hurrengo urteetan areagotu egingo dela. Ondorio batzuk dagoeneko ikusi ere egiten direla azaldu du, Europan ez konturatu arren: «Diesela falta da, eta diesela da gure sistema ekonomikoaren odola». Azaldu du dieselaren produkzioa azkeneko urteetan %15 gutxitu dela, eta hori Afrikan eta batez ere Latinoamerikan eragiten ari dela; «nahiz eta gu hemen ez garen konturatu». Elikagaietan eta zenbait lehengairen garestitzean eta produkzio murrizketetan eragin du, esaterako.
Azkar laburtzeko: «Hori da arazoa: energiarik gabe gelditzen ari gara». Termodinamikaren eta geologiaren arauak direla gogorarazi du: muga fisikoak dituela planetak, eta ezin dela etenik gabe hazi, eta kentzen dena agortu egiten dela. «Gure energia kontsumoaren %85 ematen duten iturriak gain behera doaz».
Baina ez da alarmarik sortu, eta zergatik? «Ordezkapen azkar bat», trantsizio energetiko azkar bat hitzeman delako. Eta horrek guztiak esplikatzen du trantsizio energetikoaren inguruko azken urteetako presa, neurri batean.
4. Berriztagarrien eta elektrifikazioaren ezinak
Adaxkatik hostoa bezala, aurreko baieztapen horretatik sortzen da galdera: «Baina zeinek ziurtatu dezake berriztagarriekin gaur egungo kontsumoa berdindu ahalko dugula?». Ezkor dago Turiel: ez du uste posible denik. Energia berriztagarriak ekoizteko aukeratu den ereduari jarri dion izenak ere erakusten du zerbait: Berriztagarria, Elektrikoa eta Industriala, BEI. Alegia, makroproiektuen eredua.
Eta zenbait arazo ikusten dizkio eredu horri: bat, ez dagoela argi zenbat elektrizitate sor dezaketen, batzuetan kalkuluek huts egiten dutelako eta espero baino energia gutxiago sortzen dutelako; bi, ez dagoela material aski era horretako behar adina azpiegitura eraikitzeko —hizpidera ekarri ditu litioa, zinka, kobrea, zeina «ustiaketaren mugara» iristen ari dela ematen baitu, eta beste zenbait material, beharrezkoak direnak haize errotak eta panel fotovoltaikoak eraikitzeko—; hiru, erregai fosilak erabiltzen jarraitzen dela azpiegitura horiek eraikitzeko; eta lau, ingeniaritza akatsak egiten direla halakoen eraikuntzan, sarri.
Adibide gisa aipatu du Gamesak arazo teknikoak izan zituela berak sortutako pala eredu batekin, hautsi egiten zirelako. «Gero eta haize errota handiagoak sortzeko lasterketa batean sartu gara, sorgailu txikiagoekin oraindik ere ingeniaritza arazoak dauden honetan: ongi egiaztatu gabeko haize errotak jarri izan dira, eta hautsi egiten dira, eta gero zer egiten duzu horrekin?».
Gero, bada beste arazo bat, haren ustez: energia kontsumoaren parte bat besterik ez du betetzen elektrizitateak. Eta azaldu du Espainian 130 megawatt sortzeko potentzia dagoela instalatua, eta kontsumo gehieneko momentuetan 41 megawatt behar izaten direla; eta hortik behera normalean 26,5 megawatteko kontsumoa izan ohi dela. «Elektrifikazioaren apustuak bere mugak erakutsi ditu». Alegia, elektrizitatearen kontsumoa ez dela handitu uste zen adina; are gehiago, desindustrializazioari lotuta argindarraren kontsumoa apaltzen ari dela, eta orain Iberiar penintsulan dagoen azpiegitura energetikoa gehiegizkoa ere badela kontsumo errealarentzat.
Ez du zalantzarik Turielek: «Eredu hau burbuila bat izan da». Eta uste du azkar zulatuko dela, gainera, Europak Next Generation programan erabilitako laguntzak berrarmatzeko gastura bideratu nahiko dituelako aurrerantzean, eta laguntza horiek gabe berriztagarrien proiektu batzuk bertan behera geratuko direlakoan. «Ezinezkoa da energia kontsumoaren %80 elektrifikatzea epe motzean».

5. Eta itzalaldia heldu zen
Berez hitzaldiak trantsizio energetikoaren inguruko kontuei erantzun nahi bazien ere, apirilaren 28ko itzalaldia ezin izan zuen saihestu Turielek —«lasai, bukaeran hitz egingo dut horretaz», esan zuen, umorea galdu gabe—, eta eman zuen gertatu zenaren bere bertsioa.
Azaldu zuen, hasteko, udaberria izan ohi dela energia fotovoltaikoarentzat garairik onena, eguzki izpiak indartu eta eguzki orduak ugaritzen hasi ahala. «Eta enpresek, orduan, gelditu egiten dituzte nuklearrak eta ziklo konbinatuko zentralak».
Bestalde, esplikatu du REE Red Electrica de Españak iaz bost aldiz aktibatu zuela enpresei elektrizitatea eteteko mekanismoa. Enpresa batzuek, izan ere, energia merkeagoa jasotzearen truke, energia eteteko arriskua onartzen dute. Sarean arazoren bat izaten denean, horri aurre egiteko erabiltzen du REEk mekanismo hori: «Eta urte batean mekanismo hori bost aldiz aktibatzeak adierazten du zerbait ez zebilela ongi».
Tentsio handiko sare elektrikoetan gerta litekeen okerrena frekuentzia desinkronizatzea da. Halako sareetara konektatuta dauden energia sorgailu eta osagarri guztiek 50 hertzean funtzionatu behar dute, potentzialean diferentzia bat eragiten duen zerbaitek «tximista bat lehertzearen pareko efektua» lukeelako sisteman. Zentral hidroelektrikoek eta ziklo konbinatuko gas zentralek 50 hertzean funtzionatzen dute, eta sare elektrikoaren tentsioa orekatzen laguntzeko ahala dute horregatik. Baina, Turielek zehaztu duenez, azken urteetan instalatu diren berriztagarrien azpiegiturek beste era batera funtzionatzen dute: ez dira sinkronoak, eta sistemaren frekuentzia desinkronizatzea eragin dezakete, sarearen kudeatzaileak eragotzi ezean. «Nahi zen guztia sartzea: hori zen eredua».
Eta berriztagarriak gutxi izan diren bitartean ez da arazo nabarmenik izan, baina Europan, iaz, era horretako gertakariak bikoiztu egin bide dira, berriztagarriak ugaritu ahala. Apirilaren 28an, itzalaldia hasi baino ordu erdi lehenago, oszilazio edo gorabehera handiak agertu ziren Iberiar penintsulako sarearen frekuentzian: «Seguru asko, energia gehiago zegoen; eta REEk agindu beharko zukeen produkzioa apaltzeko, baina hori ez zaie gustatzen konpainiei». Turielen hitzetan, egoera horretan, lasta bota zuen sistemak, «modu basatian». Eta dena deskonektatu zen: alegia, funtzionatu egin zuten babes sistemek, bestela kiskali egingo baitziren sarearen osagarri asko.
Oraindik datu asko ikertu beharko diren arren, modu horretan esplikatu daiteke, oraingoz, itzalaldiaren arazo teknikoa. «Baina non dago arazo humanoa?», galdetu du. Energiaren merkatuan ikusten du erantzuna, haren funtzionamenduan eta izaera «marginalistak» eragindako ondorioetan, nahiz eta logika bat izan ondorio «perbertsoak» eragiten dituelako.
Merkatu marginalista bat zer den azaldu du, paella bat jarrita adibide gisa: euro bat arroz, hamar euro ganba eta euro bat azafrai erosiz gero, normalean, pentsatzekoa da paella horrek hamabi euro balioko dituela. Bada, merkatu marginalistetan, azafraia sartu bada merkatuan azkena, paella horrek 1.500 euro balioko ditu, azafrai kiloa prezio horretan dagoelako. Bestela esanda, energiaren pool edo nahasketan sartzen den azkeneko energia iturriak erabakitzen du prezioa. Kontrara, gerta liteke prezioa zero izatea, edo, are, negatiboa ere: «Batzuetan, energia sortzeagatik pagatu ere egiten da». Baina nola liteke hori?
Esaterako, energia eolikoen eta fotovoltaikoen jabe batzuek dirua jasotzen dute, merkatuko prezioa negatiboa bada ere, estatuak bere garaian energia hori sustatu nahi izan zuelako, eta, horiek bultzatzeko, energia sortze hutsagatik ordaintzen dielako. Ez berriztagarrien instalazio guztiekin, baina batzuekin gertatzen da hori, esaterako. Horregatik, energia sortzaile batzuei ez die hainbeste eragiten merkatuko prezioa zero izateak, eta, kontrara, energia asko sortzea saritzen du merkatuaren logikak; eta, gainera, berriztagarrien energia isuria sarean egonkortzeko sistemek eragingo lukete, horretan inbertitu beharraz gainera, sarera ez isurtzea nahi adina energia.
Baina arazoa ez direla energia iturri berriztagarriak, hori argi utzi nahi izan du Turielek: «Adi, berriztagarriak jartzearen aldekoa naiz». Arazoa da, haren ustez, azpiegitura horiek egonkortze sistemarik gabe instalatu direla, eta horrek sare elektrikoa desegonkortzea eragin dezakeela. «Egonkortze sistema horiek derrigorrezkoak izan beharko zuketen». Azaldu du berez ustez orain eztabaida «lokazteko» gogoa dagoela, REEk, sektoreko konpainiek, Espainiako Gobernuak, Europako organoek... denek daukatelako egoera honetara iritsi izanarekin zerikusiren bat, edo horren inguruko arduraren bat.
Lasai egoteko esan die entzuleei, sare elektrikoa ez dela berriro eroriko. «Gasa erreko dugu, sistema egonkortzeko». Orain elektrizitatea garestitu egingo dela, horren dudarik ez izateko ere esan du.