Trantsizio ordenatu bat

Basagoitik afiliatuen esku utzi nahi zuen bere ordezkoaren hautaketa. Azkenean, berak eta bere zuzendaritzako kideek izendatu dute Quiroga.

jokin sagarzazu
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Trantsizio «ordenatu» bat nahi zuela esan zuen Basagoitik. Hausturarik gabea. Ez zuela traumarik nahi —San Gilen dimisioaren ostean ireki zen zauria gogoan zuelako edo—. Horregatik, esan zuen «desiragarriena» zela bat egite zabala bilduko lukeen hautagaia adostea. Eta azkar egin behar zela. Politika uzten duela esan, eta bizkor ibili da haren ordezkoaren aukeraketan Basagoiti. Eta militanteei ezer kontsultatu gabe egin du dena, gainera.

PPren estatutuen arabera, bi aukera zituen: ezohiko batzarrera deitzea edo lurralde batzarra biltzea —hiru herrialdeetako zuzendaritzako kideak biltzen dituena—. Iaz egin zuen EAEko PPk bere azken batzar orokorra, eta, beraz, 2015ean egin beharko luke hurrengoa. Ezohiko batzarra egiteko aukera zuen, baina horretarako 45 egun lehenago deitu behar zuen. Tarte txikia zuen, hark azaldu zuen bezala, udako oporraldia baino lehen utzi nahi bazuen kargua. Baina bazuen. Eta kargua utzita ere, deitu zezakeen ezohiko batzarrera. Baina gainean egon nahi zuen. Badaezpada. Eta lurralde batzarra bildu du, azkenean. Arantza Quiroga izendatu dute presidente, behin behinean, eta, gutxienez, ezohiko batzarra egin arte. Soilik orduan izango dute hitza afiliatuek.

Ezohiko batzarrera deituta, presidentegaiek beren lantaldeak eta programak aurkeztu behar dituzte, eta bozketara eraman. Agian, hori saihestu nahi izan zuten Basagoitik eta bere zuzendaritzak. Aho batez hartu dute erabakia, Alfonso Alonso Arabako PPren presidenteari hautagaitza ez aurkeztea galdegin, eta hark eskaera onartu ostean.

Hauteskundeen ostean iragarri bazuen ere, Basagoitiren erabakiak ezustean harrapatu ditu hainbat militante. Arabarrak bereziki. EAEko PPk ez du inoiz presidente arabarrik izan, nahiz eta herrialde horretan duen pisu instituzional handiena. Bi presidente gipuzkoar izan ditu —Jaime Mayor Oreja 1989-1996 eta Maria San Gil 2004-2008— eta bi bizkaitar —Carlos Iturgaiz 1996-2004 eta Antonio Basagoiti 2008-2013—. «PPren hurrengo presidenteak arabarra izan behar du», esan zuen Alonsok iazko abuztuan. Gaur egun babes gehien izango lukeen hautagaia bera litzateke. Madrilen duen pisuagatik erreferente bat da EAEko militanteentzat —PPren bozeramailea da Espainiako Kongresuan—. Hark, baina, Madrilen jarraitu nahi zuen, aurkakorik eskatu ezean. Eta hautagaitza ez aurkezteko eskatu dio zuzendaritzak.

PPko kideek beste aukera bat ere bazuten: Javier de Andresena. Arabako ahaldun nagusiak txantxak egin ditu aste honetan, esanez «alderdi barruan» bere izena azaldu dela, baina berak ez duela ezer entzun. Zerrenda horretan Gasteizko alkatea ere bazegoen, Javier Marotok, baina, esan du bere «obsesio bakarra» alkatetza dela —gauza bera esan zuen legebiltzarkide izendatu aurretik—.

Hirugarren hautagai bat ere azaldu da. Santiago Abascal Denaes fundazioko presidenteak bere burua aurkeztu du aste honetan, eta politika utzita zuen Maria San Gilekin azaldu da ekitaldi batean. 2008ko batzarrean zuzendaritzatik kanpo geratu zen korrontea ordezkatzen du Abascalek, Mayor Orejarekin batera. Basagoitiren zuzendaritzarekin kritikoak dira, eta, horregatik, soilik ezohiko batzarrera deituta izango lituzkete aukerak.

Telefono dei batek, baina, argitu zuen Quirogaren bidea. Basagoitik bere erabakiaren berri eman eta hurrengo egunean jaso zuen Madrildik, eta asteazkenean bildu zen Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiarekin. Alderdiko iturriek baieztatu zuten informazioa, baina inork ez du azaldu zertaz aritu ziren hizketan. Ordutik, bolo-bolo ibili da Quirogaren izena.

Basagoitik gustukoa du Irungo politikaria. Haren esku utzi zuen Eusko Legebiltzarreko bozeramaile lana egitea, eta, aurreko legegintzaldian, berak proposatu zuen Legebiltzarreko presidente izateko. Quirogak Bizkaiko zuzendaritzaren babesa zuen eta baita Gipuzkoakoa. Borja Semper herrialde horretako presidenteak, hautagaien artean azaldu bazen ere, Quirogaren hautagaitza ez zuela oztopatuko esan zuen. Horrez gain, Madrilen ere irudi ona dauka Quirogak. Etorkizun handiko politikaritzat daukate. Bat egiten du Basagoitik alderdiari eman nahi izan dion irudi berriarekin —PSE-EErekin eta EAJrekin akordioak egitearen alde azaldu da—. Eta, baita alderdiaren sektore kontserbadoreenekin ere. Legebiltzarreko presidente zela hitzak neurtu behar izan zituen. Baina legegintzaldi honetan behin baino gehiagotan azaldu du bere benetako aurpegia, zuzendaritzaren aginduak betez. Ordenak betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.