Trapagarango (Bizkaia) prostituzio etxe bateko bezeroekin harremanetan jartzen saiatzen ari da Osakidetza, gizonezko horiei tuberkulosia antzemateko proba egin nahi baitiete osasun arduradunek. Bertan prostituzioan aritzen den emakumeetako bati antzeman diote gaixotasun hori. Bestalde, gainerako prostitutei «banan-banan deitzea» ez du baztertzen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, «parte hartzea aurreikusitakoa baino txikiagoa» izan baitzen infekzioa diagnostikatzeko analisietan.
Gaur hasi dira Osakidetzako hautaproben lehen faseko azterketak, Barakaldoko BECen, eta han eman du horren berri Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Esplikatu duenez, ekainaren 3an biriketako tuberkulosi baziloduna antzeman zioten Trapagarango prostituzio etxe batean aritzen den emakume bati. Bada, andre horrek izandako harreman estuak aztertzeko eta kasu berriak baztertzeko, «berariazko esku hartzea» egin zen lokalean, ekainaren 8an eta 9an, Martinezek jakinarazi duenez.
Patologia «oso kutsakorra» dela ohartarazi du Alberto Martinez Osasun sailburuak
Osasun sailburuak zehaztu du tuberkulosi kasuetarako Bizkaiko hiru erakunde kudeatzaileek eta zaintza epidemiologikoko unitateko profesionalek parte hartu zutela esku hartze horretan. Besteak beste, tuberkulosi infekzioa diagnostikatzeko analisiak egin zituzten, eta torax erradiografiak ere bai, Gurutzetako ospitalean.
Hala ere, Martinezek aitortu duenez, «parte hartzea aurreikusitakoa baino txikiagoa izan zen», eta Osasun Saila «jarduketa osagarri bat» egitea aztertzen ari da: kutsatzeko arriskua egon zenean prostituzio etxean ari ziren emakumeen izen-abizenak eskatzea eta haiei banan-banan deitzea, toraxeko erradiografia eta beharrezkotzat jotzen diren gainontzeko probak egiteko.
Kutsatze posibleak
Martinezen arabera, helburua da gaixotutako emakumeak izandako harremanen azterketa osatzea eta detektatu gabeko kutsatzeak egon direla baztertzea. Horiek horrela, eta ikusita zaila dela kasu posibleak identifikatzea, «kutsatzeak gertatu diren edo gerta zitezkeen inguruabarrengatik», kontaktu posibleei beren osasun zentrora joateko aholkatu die, «kontrol egokiak egiteko».
Osasun arduradunak azpimarratutakoaren arabera, gaitza non atzeman duten ikusita, zaila da «kutsatze posibleen jarraipena egitea. Bestalde, patologia «oso kutsakorra» dela ohartarazi du.