Epaian onartu dute Sorzabalek «tratu bidegabea» jasan zuela.
Epaian diote zalantzarik ez dagoela zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak jarri zizkiotela. Gainera, gehitu dute horren helburua zela atxilotuak deklararaztea Guardia Zibilak nahi zuena. Epaiketan azaldu zen moduan, gutun bat dago honen guztiaren oinarrian. Baina epaian adierazi dute deklarazio hartan baldintza haietan zegoela idatzi zuela gutun hori. Beraz, baliogabetzat jotzen du deklarazioa, baita gutun horretan zioena ere, gutun hori ez baitzuen idatziko deklarazio hartan egon ez balitz. Horrenbestez, Fernando Andreu epaileak garrantzia ematen dio guk epaiketan aurkeztutako auzi medikuak egiaztatutakoari. Benito Morentin auzi medikuak esan zuen «zehaztasun handiz» baieztatu daitekeela elektrodoak aplikatu zizkiotela, eta epaileak iritzi dio dena bat datorrela.
Are gehiago, zuzenbideari begira idatzi hori baliogabea dela dio.
Bai, hori da. Epaileak esaten du frogak behar direla akusazioari eusteko. Baina aurkeztutako froga bakarra autoinkulpazioaren gutun hori zen, eta, gainera, zati bat bakarrik itzulita. Alegia, gutun horretan bi zati zeuden: batetik, Iratxek berak kontatzen zuen Guardia Zibilari eginiko deklarazio hartan zer ekintza hartu zituen bere gain, eta, bestetik, hori guztia zer baldintzatan kontatu zuen, alegia, torturapean. Epaileak gutun hori baliogabetzat jo ostean, epaian esan dute beste frogarik ez dagoela.
Aurrekaririk sor dezake epai honek?
Ez dakit beste kasu batzuetarako hala izango den, baina uste dugu Iratxerentzat baietz. Ez da baliagarria izango honen aurretik eduki dituen epaiketetarako, baina bai aurrera begira eduki ditzakeenetarako. Iratxek hiru auzi zituen irekiak Espainian. Duela hiru urte zigortu zuten lehenarengatik; hain zuzen, gutun hartan oinarrituta. Epai horri helegiteak jarri dizkiogu, eta Konstituzionalak atzera bota ostean, Europara joko dugu. Izan ere, diote epai horretan ez dela torturaz hitz egiten, eta hori ez da egia. Gutun hori osorik irakurri behar da, Iratxek idatzia baitu guardia zibilari zer kontatu zion eta hori torturapean kontatu ziola. Bigarren zati hori ez zuten itzuli —jatorrizkoa euskaraz zegoen—. Bigarren Epai hau Iratxeri eginiko bigarren epaiketari dagokio. Gero, hirugarren epaiketa bat ere eduki zuen, baina hor ere froga faltagatik absolbitu zuten —peritu grafologikoa ez zuen eraman fiskalak, eta epaileak ezin izan zion oharra egotzi Iratxeri—. Beste kausa bat dauka, ordea; laugarrena. Euroagindua eskatuta dauka Espainiak Frantziari horri buruz epaitzeko. Eta Frantziak ukatu egin du, eta txosten bat eskatu du Iratxek atxiloketaldian izandako tratuari buruz.
Hor eragina izan dezake?
Uste dugu euroagindua geraraz dezakeela halako epai batek, eta egon litekeela zer landua lehen epaiketako epaiari erantzuteko ere.
Halako epairik ezagutu duzu?
Nik uste dut tratu txarrak epai batean hitz horiekin aitortzen diren lehen aldia dela. Hau da, epai batean aitortzea Guardia Zibilak torturatu eta elektrodoak jarri dizkiola preso bati... halako esaldirik ez dut inoiz ikusi. Egia da kasu honetan oso argia zela. Argazki batzuk zeuden. Auzi medikuak esaten du ez dagoela zalantzarik elektrodoak izan zirela. Iruditzen zait beste ondorio batzuk ekar ditzakeela, baina oraindik ez da erraza esatea zer ekarriko duen.