Gara egunkariak plazaratu duenez, Espainiako Poliziak joan den astean Oarsoaldean (Gipuzkoa) egindako sarekada handian atxilotutako gazteetako batek bere burua zauritu zuen, tortura psikologikoen ondorioz.
Valdemoron (Madril, Espainia) espetxeratuta daukaten Aitor Alberdin senideei agertu dienez, eskumuturreko zainak hozka eginez eteten ahalegindu zen joan den asteartean, inkomunikazioko bosgarren egunean, Auzitegi Nazionaleko kalabozoetan. Bere buruari eginzizkion zaurien ondorioz, erietxe batean ingresatu behar izan zuten eta ebakuntza ere egin zioten.
Alberdik agertu du etengabe tratu txar psikologikoak jaso zituela inkomunikatuta eduki zuten denboran, eta presio horren eraginez zauritu zuela bere burua. Bere bikotekidea atxilotzeko agindu bat erakutsi ziotela azaldu du Alberdik, eta horrek eragin zion samina eta erruduntasun sentsazioa ezin izan zituela jasan.
Nolanahi ere, berriro ere epailearen aurrean deklaratzea eskatu du Alberdik, orduan egin zuen deklarazioa atzera botatzeko.
Sarekadan atxilotu eta aske geratu diren gazteek "inork merezi ez duen tratua" jaso dutela salatu zuten atzo prentsaren aurrean.
Sarekada Oarsoaldean