Trena nahi dute, baina ez AHTa. «Herri eta eskualdeak elkarrekin lotuko dituen azpiegitura bat» eskatzen dute, baina ez «Madril edo Bartzelonarako bidaian minutu batzuk aurrezteko besterik balio ez duena». Abiadura handiko trena baztertu eta «tren publiko eta soziala» aldarrikatzeko sortu da AHT Ez - Trenaren Aldeko Ekinbidea izeneko plataforma. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean.
Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren Nafarroako korridorearen lanei eman nahi dien bultzada ikusita, «kalea berreskuratu» nahi dute sustatzaileek. Ahalik eta fronte zabalena osatu. Plataforma bera da pluraltasun horren isla: ezkerreko alderdi eta sindikatuez gainera —besteak beste, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra, LAB eta ELAko ordezkariak izan ziren atzoko aurkezpenean—, herri mugimenduko hamaika eragilek osatzen dute egitasmoa. «Inposizioaren aurka, ahaleginak batzea erabaki dugu, prozesu hau geldiarazten saiatzeko, eta benetako eztabaida soziala sustatzeko», azaldu zuen Andoni Markes bozeramaileak, atzoko aurkezpen ekitaldian.
Dagoeneko prest dute lehen mobilizazioa, gainera; azaroaren 11rako antolatu dute manifestazio bat. Iruñean izanen da, 17:00etan. Gazteluko plazatik abiatu eta Sarasate pasealekuan bukatuko da protesta.
Abiadura handiko trenaren proiektua arbuiatzeko «arrazoi ugari» daudela uste du Markesek: «Batetik, lurrean duen eragin ikaragarria; bestetik, kostu ekonomiko itzela eta etenik gabeko diru laguntza publikoak, korridore honek ez baitu bidaiari kopuru nahikorik izanen, kostuak berdintzeko; azkenik, zalantzazkoa da salgaiak garraiatzeko garaian izanen duen erabilgarritasuna ere».
Horregatik, AHTaren ordez, «kalte gutxiago eragin eta merkeagoak diren alternatibak» proposatu dituzte: «Trenbidea ez da aspalditik berritu; hala ere, egungo errealitatera egokitzea posiblea da, beharrezkoa den tokietan trenbidea bikoiztuta, hirugarren erraila ezarrita edota maiztasuna nahiz geldialdiak hobetuta». Aldaketa horien bidez, «eskualdeak modu eraginkor eta merkean lotuko dituen trena» lor daitekeela nabarmendu dute plataforma berriaren sustatzaileek.
«Tren soziala» aldarrikatuko du AHTaren aurkako plataforma berriak
AHT Ez - Trenaren Aldeko Ekinbidea aurkeztu dute Iruñean. Manifestazioa eginen dute azaroaren 11n, Gazteluko plazatik abiatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu