Ezkerreko alderdi 'ez abertzaleak' Hego Euskal Herrian

Trena ez da pasatuko

UPNren gobernu alternatiba osatu nahi dutenak hasiak dira sozialistarik gabeko Nafarroa batean pentsatzen. PSNren egoera «konponezina» dela uste dute, alderdia «hilda» dagoela.

jokin sagarzazu
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela bost urte, inor gutxik pentsa zezakeen alderdi sozialistarik gabeko Nafarroa bat. «Orain arte ezagutu dugun PSN desagertzeko zorian dago». Argi mintzo da Jose Luis Uriz; PSNtik kanporatu, eta egun PSCko militantea da. Ez da hain «erradikala» —«desagertuko dela asko esatea da»—, baina antzera pentsatzen du Bixente Serrano Izkok, Euskadiko Ezkerreko eta Auzolan koalizioetako buruzagi ohi eta Geroa Baiko kideak. «Gainbeherak ez du etenik, eta noraino irits daitekeen ez dakit, baina oso beltza da PSNren geroa». Hori hala izanik, biek ala biek uste dute «inoiz baino gertuago» dagoela «erregimen» aldaketa Nafarroan. Helburuan bat datoz. Eta, ñabardurak ñabardura, baita formetan ere.

Eta hasi dira mugimenduak. PSOEren barruko Izquierda Socialista iritzi taldearen bilera batean izan zen Uriz aurreko igandean. Egun horretan bildu zen, halaber, Podemos alderdiko buruzagi batekin, Madrilen. Mezu argi batekin joan zen bi bileretara: «Esan nuen egungo bidetik ez dagoela ezer egiterik ez Espainian eta ez Nafarroan». Urizen arabera, ezkerreko alderdiak gehiengoa dira Espainiako Estatuaren menpeko lurralde osoan. Gehiengoa, era berean, «Nafarroan eta EAEn». Hori «aktibatu» behar dela uste du, eta elkarlana defendatu du; bakoitzak bere «nortasunari» eutsita, baina ezkerreko alderdi guztien artean, «baita [euskal] abertzaleekin ere».

Serrano Izkoren arabera, berriz, Nafarroan ez du horrenbesteko garrantzirik «ezker-eskuin ardatzak». «Aldaketa nahi dugunon eta nahi ez dutenen ardatzak balio du hemen». Hor ikusten du elkarlanerako esparru zabalago bat. Hala ere, hark uste du oraindik zenbait jarrera findu behar direla. «Ezkerra-ko eta, batez ere, ezker abertzaleko sektore batzuetan oraindik badira antzinako jarrera batzuk. Hala ere, zorionez, hori ere aldatzen ari da». Horren harira, Urizek uste du atzean utzi behar direla «ezkerrean ohikoak diren sektarismoak eta lelo zaharrak».

PSNren egoerara itzulita, hark dio alderdiak ez duela konponbiderik. Gogoratu du ezen, botoak galtzeaz gain, kide askok utzi duela alderdia. «Utzi dutenetako askok ez dute jakinarazi jendaurrean, eta alderdiak ere ezkutatu nahi du hori. Baina ia ez da inor geratzen PSNn. Alderdia hilda dago Nafarroan». Era berean, esan du PSNren barruan geratu den talde kritikoa oso ahula dela, diskurtso aldetik eta kopuru aldetik. «Ezinezkoa» da, beraz, alderdia barrutik berritzea, Urizen ustez.

Antzeko iritzia dauka Serrano Izkok. «Ez da inoiz gehiago izango erreferente bat Nafarroan». «Azken urteetan, etengabeak izan dira kontraesanak eta Madrilgo inposizioak», azpimarratu du. Eta aurrera begira ere, Ferrazen aginduak bete beharko dituelakoan dago. «PPk eta PSOEk —edozein delarik idazkari nagusi berria— hitzartua dute Nafarroan ezer ez aldatzea». Horrek norbaiti mesede egiten badio, Espainiako eta Nafarroako eskuinari egiten dio, Serrano Izkoren ustez. «Orain, ikusi behar da zein den UPNren indarra; Europako hauteskundeetan ez du parte hartu, eta ez dakigu gobernu krisiak nola eragingo dion sektore horrin. Hala ere, ez da komeni ahaztea Nafarroan indar handia izaten jarraituko duela».

Izan ere, eta azken hauteskundeetako datuei erreparatuta, abertzaleek botoen %22 lortu dituzte —%28 2011n—, eta ezker ez-abertzaleko alderdiek, berriz, %34 —azken 30 urteotako batez bestekoa baino lau puntu gehiago—. Gehiengoa dira, baina gutxigatik. Gainera, UPNk ez du parte hartu. «Ezta Geroa Baik ere», Serrano Izkok gogorarazi duenez. Inkognita horiek argituko dira datorren urtean.

Hiru hipotesi

UPNrekin zer gertatuko den ez daki, baina sozialisten egoerak ez duela atzera bueltarik dio, argi, Urizek. «Krisi honek ez dauka zerikusirik aurretik izandako beste batzuekin». Urralburu eta Otanoren ustelkeria kasuek eragindako krisiari buelta emateko gai izan zen alderdia. Baina uste du orain «larriagoa» dela egoera.

Serrano Izko bat dator horrekin. «70eko hamarkadan Urralburuk berak autodeterminazio eskubidean sinesten zuen. Baina iritsi ziren Madrilgo inposizioak eta bere buruari esan zion: 'hau bada joko politikoa, zergatik ez usteldu'. Eta hor hasi zen gainbehera». «Alderdi ustela da PSN».

Oinarrian, sozialistena, «sinesgarritasun krisia» dela dio Urizek. Urrundu dela herritarren eskaeretatik eta alderdi sozialista batek defendatu behar dituen printzipioetatik. Eta horri gehitu dizkio azken urteetan UPNrekin eginiko gobernu aliantzak; «Madrilek inposatuta». «Horrek eraman du galbidera alderdia».

PSNko kide ohiaren ustez, duela hamar urte inguru bazuen konponbidea egoerak. «Nafar nortasunarekin» bat egingo zuen PSN bat nahi zuen berak, «Katalunian Maragallek PSCrekin egin zuenaren antzekoa». Baina trena pasa zen. «Orain ezinezkoa da. Zerbait erradakilagoa behar da».

Hala, eta Nafarroako sozialistek zer egin behar duten galdetuta, hiru hipotesi aipatu ditu Urizek. Alderdia utzi duten kideak PSNra itzuli eta alderdia berritzen saiatu: ez du ikusten. Podemosen izena eman eta alderdi hori bihurtzea «Nafarroako alderdi sozialista». Hori ere zail ikusten du, «gaur gaurkoz», nahiz eta ez duen ezer baztertzen; ezta PSNko hautetsi batzuk alderdia utzi eta atxiki gabeko hautetsi bezala Podemos-era pasatzea. «Horrelako kasuren bat ikusiko dugu laster».

Urizek, hala ere, nahiago du Ezkerra, Podemos eta PSNtik joandakoak batu, «koalizio batean-edo, eta datorren urteko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztea. Bi ideia oinarri izanda: ezkerreko praktika eraldatzaile bat garatzea herrialdeko gizarte eragileen batera eta erabakitzeko eskubidea defendatzea, «printzipio demokratiko bat delako». Horrek «derrigor» ekarriko luke elkarlanean aritzea ezker abertzalearekin. «Haientzat ere ona litzateke ezker hori sortzea. Erabakitzeko eskubidearen defentsa egingo genuke denok: eta gero, abertzaleek defenda dezatela independentzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.