Euskal Herrira itzultzeko atea zabalik daukate ia guztiek. Beste kontu bat da ate hori noiz zeharkatu nahi duten, eta zein baldintzatan.
AEBetan lan egitea sekulako aukera izaten da zientzialarien eta ikertzaileen ibilbide profesionalerako, puntako ikerketa taldeak daudelako hainbat eta hainbat espezialitatetan, eta toki gutxitan ikusten diren baliabideak daudelako han. Hori bai, ikertzaileen arteko lehia ere izugarria da, eta egonkortasuna lortzeko erronka, latza.
Abantaila eta desabantaila horiei Donald Trump gehitu zaie orain. AEBetako presidentearen agintaldiaren lehen hilabeteak gorabeheratsuak izan dira zientziaren alorrarentzat. Unibertsitateen kontrako zigorra, mozketak hainbat ikerketa lerrotarako finantzaketan eta atzerriko ikertzaileentzako trabak, bisa eta baimenak direla eta.
Horiek horrela, Donostian ezarriko den IBMren ordenagailu kuantikoa ezagutarazteko asmoz AEBetara egindako bidaia baliatu zuen Ikerbasquek New Yorken bizi diren ikertzaile batzuekin biltzeko.
Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren lan ezagunenetako bat zera da: atzerrian lanean ari diren punta-puntako ikertzaileei Euskal Herrian jarduteko aukera eskaintzea
Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren lan ezagunenetako bat zera da: atzerrian lanean ari diren punta-puntako ikertzaileei Euskal Herrian jarduteko aukera eskaintzea. Programa horri esker, Ikerbasqueko ikertzaile mordoa dago gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoetan.
Eta asmoa ikertzaile gehiago erakartzea da. Zabalik daude deialdietako batzuk —urtero zabaltzen dira— maila desberdinetako ikertzaileentzat, eta asteotan, bideokonferentzia bat egingo dute deialdien inguruko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko.
Hala ere, joan den astean New Yorkera egin behar zuten bisita bat probestuta, Ikerbasqueko gerente Miguel A. Arozenak eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuorde Adolfo Moraisek deialdiari buruzko xehetasunak eman zizkieten ikerlariei, eta haien galderei erantzun zieten aurrez aurre, Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkaritzaren egoitzan.
Galdera mordoa izan ziren: Ikerbasqueren deialdiaz, lehiaketarako baldintzez, eskaintzen diren baliabideez, lehentasuna duten sektoreez... Eta halako batean Trump aipatu zuten.
«Itzelezko sarraskia»
Ikerlarietako batek esan zuen bazuela Euskal Herrira itzultzeko gogoa, baina ez Trumpengatik, hark ez zuela arazorik eragin bere jardunean. Hori entzutean, aulkian jarrera aldatu zuen Pello Aspuru ekonomistak (Santutxu, Bilbo, 1994).
New Yorkeko Unibertsitatean dabil Aspuru, doktoretza ondokoa egiten. Eta laster Vienara doa, energia merkatuen arautzeaz ikertzen jarraitzeko, ikatzaren erabilera murrizteko xedeaz —klima larrialdiari aurre egiteko. Badoala jakinda, BERRIArekin askatasunez hitz egin zuen Aspuruk Trumpi buruz. «Egoera asko larritu da, Trump unibertsitateei dirua kentzen ari da, ikerketatik dirua kentzen. Batetik, gobernu federalak zientzia laguntzeko daukan National Science Foundationen aurrekontua mozten ari da. Eta bestetik zergak ordainarazi nahi dizkie unibertsitateei. Hori itzelezko arriskua da unibertsitateen finantzetarako».
«Oso pozik nago nire unibertsitatea ez delako AEBetan egongo, sarraskia itzelezkoa izaten ari baita. Pena da, nire ustez ikerketa baita herrialde honek daukan gauzarik hoberenetariko bat»
PELLO ASPURU Ekonomista
Eta diru mozketa ez da Trumpek AEBetako ikerkuntzara ekarri duen arazo bakarra. «Hona ikastera eta ikerketa egitera datozen atzerritarrei bisak kentzen dabil», azaldu zuen Aspuruk, hurbilekoekin halako kasuak ikusi dituela gaineratuz. «Mundu guztia dago oso urduri». Etortzekoak zirenei ere oztopoak jartzen ari zaizkiela esan zuen, «txinatarrei eta frantziarrei trabak jartzen ari zaizkie enbaxadetan».
Talentu ihesa
Vienako Unibertsitatera aldatzeko erabakia Trumpek hauteskundeak irabazi aurretik hartu zuen ekonomista bilbotarrak. «Aurretik izan zen, eta oso pozik nago nire unibertsitatea ez delako AEBetan egongo, sarraskia itzelezkoa izaten ari baita. Pena da, nire ustez ikerketa baita herrialde honek daukan gauzarik hoberenetariko bat».
Itziar Etxeandiak (Zornotza, 1982), berriz, ez ditu zuzenean igarri Trumpek ikerkuntzan egindako mozketak. Farmazia ikasketak egindakoa da Etxeandia, eta osasun teknologietan aditua eta aholkularia. «Nik Filadelfiako American College of Physicians (Sendagileen Ameriketako Unibertsitatea) erakundean egiten dut lan; gobernuz kanpoko erakunde bat da nolabait, eta apenas jasotzen du funts federalik».
«Dirua funts federaletatik jasotzen duten erakundeetan egunak kontatzen ari dira, ea noiz bukatuko zaizkien kontratuak»
ITZIAR ETXEANDIAAholkularia osasun teknologietan
Baina, zeharka bada ere, igarri egin dute zerbait gertatzen ari dela. «Borondatezko batzordeetan genituen profesional askok jada ezin dute bileratara joan, mezu elektronikoei erantzun... Agindua jaso dutelako halakoetan parte hartzeari uko egiteko».
Etxeandiak azaldu zuenez, egoera kezkagarriagoa da funts federalekiko mendekotasun handiagoa duten erakundeetan: «Dirua funts federaletatik jasotzen duten erakundeetan egunak kontatzen ari dira, ea noiz bukatuko zaizkien kontratuak». Egoerak luzaz irauten badu, «[Trumpek] beste bost urtez aginduan jarraitzen badu, bai, izan daiteke talentu ihesa».