Bartzelonako Zeroport plataformako kidea

Daniel Pardo Rivacoba: «Turismo tasa tamalgarria da; arazoa kudeatzen ari diren sentsazioa ematen du, eta gizartea desmobilizatzen da»

Desazkundearen aldeko eta turistifikazioaren kontrako herri mugimenduan militatzen du. Uste du turistifikazioak Bartzelonan utzitako zauriak ikasbide izan daitezkeela bide bera hartu duten beste hirientzat.

DANIEL PARDOK UTZITAKOA
DANIEL PARDOK UTZITAKOA
kristina martin
2026ko maiatzaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zeroport plataformak Kataluniako desazkundearen aldeko eta turistifikazioaren aurkako kolektibo ugari biltzen du. Daniel Pardo Rivacoba (Zaragoza, Espainia, 1976) plataforma horretako bozeramailea da. Duela hogei bat urte Bartzelonan bizi da, baina gaztaroa Getxon (Bizkaia) eman zuen, eta gertutik ezagutu ditu Donostiak eta Bilbok turismoarekin duten harremanaren nondik norakoak. Atzo Bilbon izan zen, eta bere esperientziaren berri eman zuen Sukar Horia eta Jauzi Ekosoziala taldeek antolatutako Turismoa SA, espoliazio baten kronika izenburupeko jardunaldietan.

Esaten duzue aireportuak handitzeak «ekozidak eta antisozialak» direla. Zer eragin izaten ditu inguruko herrietan eta ingurumenean?

Zarata, kutsadura eta lurzorua suntsitzea dira ondorio nagusiak. Bartzelonako Prat aireportua, gainera, Llobregateko deltan dago, eta delta hori da Bartzelonako metropoli barrutian geratzen den nekazaritza eremu bakarra. Aireportuaren zabalkundeak, beraz, lurzoru hori zementatzea ekarriko luke. Herrialde ikuspegitik, are sakonagoa da eragina, Prat aireportua baita turismoaren monolaborantzan ardaztutako ekonomia eredu baten zutabea. Iaz 57 milioi bidaiari jaso zituen; egunean batez beste mila hegaldi, eta gehienak turismo mugimenduak dira. Horrek ondorio oso larriak ditu: herritarrak kanporatzea eta pobretzea, turismoaren sektorearen lan baldintzak okerrenak direlako. Horretaz gain, turistifikazioaren eraginez, garraio publikoaren sareak gainezka egin du, eta baliabide gehiago jarri behar dira osasun sisteman, garbiketan eta segurtasunean. Turismoaren industriak, beraz, herritarren zergekin finantzatutako zerbitzu publiko horiek guztiak ustiatzen ditu, baina haiek sortzeko eta mantentzeko apenas egiten duen ekarpena.

Aireportuak handitzeko dirua badute, baina eguneroko garraio sarean, ordea, gabezia handiak daude.

Aldiriko tren sarea, batez ere, herri klaseak erabiltzen du egunero mugitzeko. Sare horren arazoak aspaldikoak izan arren, orain goia jo du. Bai Espainiako Gobernuak eta bai Generalitateak milioiak eta milioiak inbertitu dituzte aireportua zabaltzeko, eta egunero milaka herritarrek erabiltzen duten garraioak, kontrara, desinbertsio sistemiko bat pairatzen du.

Zer egin dezakete herritarrek horri aurre egiteko?

Gizarte eragileak antolatzea eta ekinean aritzea, horixe da neurrigabeko hazkunde horri buelta emateko bide bakarra. Bestela, beste edozein krisialdik egingo du, eta ondorioak dramatikoak izango dira.

Zer krisialdi?

Turismoa sektore oso aldakorra da, oreka perfektua behar du ondo funtzionatzeko. Edozein mehatxuk hankaz gora jar dezake, eta horren adibide asko daude: COVID-19ak sortutako pandemia, Islandiako sumendiaren keak aire trafikoa gelditu zuenekoa, Rambletan egondako atentatua, gaur egungo erregaien krisialdia... Turismoaren jarduera edonoiz joan daiteke pikutara, eta, turismoak pisu handia duen ekonomia batean, horrek ondorio oso larriak eragin ditzake jendearengan. Gure proposamena da turismoaren pisu hori pixkanaka-pixkanaka gutxitzea, eta prozesua ondo planifikatzea.

Nori ekartzen dio onura turismoak?

Argi dago elkar hartze handia dagoela lobby turistikoaren eta politikarien artean. Bartzelonan, adibidez, harreman historiko bat dago PSC eta Bartzelonako hotelen gremioaren artean, eta, udal politikari begiratuz gero, turismoaren industriak eta alderdi sozialistak eskutik helduta gobernatu dute arlo ugaritan.

«Etortzen nintzen bakoitzean, harriduraz ikusten nuen Donostia Bartzelona hiri markaren eredua hitzez hitz hartzen ari zela, justu egin behar ez denaren eredua izan arren».

Erresistentzia mugimenduek balio al dute? Zertarako?

Erresistentzia adierazpenek ezeroso sentiarazten dituzte turismoaren sektoreko eragileak eta agintari politikoak. Horregatik, gatazka indargabetzeko eta gizartea desmobilizatzeko neurriak hartzen dituzte. Hala ere, zerbait lortu da: Bartzelonan apartamentu turistikoak mugatzen dituen plana dugu orain. Ez da nahikoa, baina beharrezkoak dira halakoak. Bartzelonako Assemblea de Barris pel Decreixement Turistic (Turismoaren Desazkundearen aldeko Auzoen Asanblea) mugimenduak hamar urteko ibilbidea du, eta gure balantzea gazi-gozoa da. Alde batetik, lortu dugu herritarrak jabetzea zer-nolako ondorioak dituen turistifikazioak, eta, horri esker, klase politikoaren diskurtsoak ere aldatu dira; dagoeneko ez dute esaten turismoak onurak baino ez dituela. Diskurtso aldaketa horrek, baina, ez du ekarri turistifikazioa murrizteko benetako politika eraginkorrik.

EAEn tasa turistikoa ezartzeko akordioa lortu berri dute. Bartzelonan ibilbide luzea du tasa horrek. Eraginkorra al da?

Bartzelonako tasa turistikoa tamalgarria da, gaur egun jasotzen den diruaren hiru laurden turismoa sustatzeko delako. Turismoari ezarritako zerga bat zertarako eta turismo gehiago sortzeko… Zulo ugari dituen balde bat betetzen saiatzea bezala da. Gainera, oraindik larriagoa zera da, tasa horrekin lortzen dutela arazoa kudeatzen ari diren sentsazio hori ematea, eta, horren ondorioz, gizartea desmobilizatzen da.

«Donostia eta Bilbo ez daude Bartzelona bezala, nahiz eta kezkatzeko modukoa izan hotelak zenbat zabaldu diren eta nola bihurtu dituzten alde zaharrak parke tematiko. Nire gomendioa da gizartea antolatzea eta berandu izan baino lehenago agintariak presionatzea aldaketak egin ditzaten»

Bilbora etorri zara zure esperientziaren berri ematea. Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

Bizkaian bizi izan nintzen 90eko hamarkadaren amaierara arte, eta orduz geroztik askotan etorri naiz. Ikusi izan dudan itxuraldaketa ikaragarria da. Etortzen nintzen bakoitzean, harriduraz ikusten nuen Donostia Bartzelona hiri markaren eredua hitzez hitz hartzen ari zela, justu egin behar ez denaren eredua izan arren. Pena eta amorru handia ematen dit ikusteak zer gertatzen ari den Bilboko alde zaharrean eta zer politika duten hotelei dagokienez Donostian. Hala ere, Donostia eta Bilbo ez daude oraindik Bartzelona bezala, nahiz eta kezkatzeko modukoa izan hotelak zenbat zabaldu diren eta nola bihurtu dituzten alde zaharrak parke tematiko. Horregatik, nire gomendioa da gizartea antolatzea eta berandu izan baino lehenago presioa egitea agintariek aldaketak egin ditzaten. Bizilagunekin elkartea egiten ari den lana eredugarria da.

Denok gara turistak esaldiarekin isilarazi nahi dituzte kexak. Zenbat du egiatik esaldi horrek?

Ez kexatu hainbeste, denok turistak garelako topikoa deseraiki behar da. Datuei begira, hori gezurra da, populazioaren heren batek ezin duelako hotel edo apartamentu turistiko batean astebeteko oporraldirik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA