Ikastolen Elkarteak tutoretza saioak berregituratuko ditu, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako nerabeei «toki seguru bat» eskaintzeko. Hitz egiteko, hausnartzeko, eragiteko: Onki proiektua ondu dute. Eli Altolagirre Aranburu (Urretxu, Gipuzkoa, 1974) da ekimenaren sortzailea; Zigor Ibarzabal Baztarrika (Oñati, Gipuzkoa, 1979), berriz, Ikastolen Elkarteko Hezkuntza zuzendaria.
Onki aurkeztu zenuten joan den astean, Ikastolen Tutoretza Plan Integral berria. Zer da zehazki?
ZIGOR IBARZABAL: Pandemia ostean, kezka nabarmena zegoen — kezka lehendik ere bageneukan, baina pandemiak areagotu egin zuen—: gure ikasleen eta lankideen buru osasuna, egoera psikosoziala. Gogoeta egin genuen ikastoletako zuzendaritza mintegietan, eta eskatu zen tutoretza planei eta tutoretza ulertzeko moduari buelta bat emateko; hor abiatu genuen Onkiren planteamendua. Ikusi genuen ikaslearen garapen akademikoan asko zentratzen ginela, gatazken ebazpenerako esku hartzean asko jarduten genuela, eta gutxiago prebentzioan, nahiz eta Kivarekin prebentzioa lantzen ere aritzen ginen.
ELI ALTOLAGIRRE: Pertsonari begira jarriko gara: barruak begiratzera, barruak deskubritzera; horrek lagunduko digu harremanetan eta bizitza beteago bat edukitzen.
Eta zein aldaketa ekarriko ditu ikastoletara?
IBARZABAL: Momentu bat berrirudikatzea izango da; hau da, nerabeek behar dutena toki seguru batean adierazteko aukera izatea. Programa hau astean bi orduan egitea nahi dugu, eta bi ordu horiek jarraian izango balira, askoz ere hobeto; orain arte, ordubetean egin izan dugu tutoretza. Benetan kalitatezko momentu batzuk sortu nahi ditugu, ikasleen artean harremanak edukitzeko, eztabaidatzeko, nork bere kontuak ekartzeko.
«Momentu bat berrirudikatzea izango da; hau da, nerabeek behar dutena toki seguru batean adierazteko aukera izatea»
ZIGOR IBARZABALIkastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna
ALTOLAGIRRE: Uste dut oso inportantea dela irakasleen prestakuntza ere. Tutoretzan asko landuko ditugu gazteen egonezinak, kezkak, zalantzak, eta horrek tutoreei beldurra ematen die. «Noraino esan dezaket eta noraino ez? Zer galdetuko dute eta zer ez?». Irakasleak emozionalki prestatzeak lagunduko digu tutoretza saio benetan onuratsuak ateratzen. Eta nahi dugu ikasleek ere aukera moduan bizi dezatela tutoretza saioa. Onki DBHko lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetarako diseinatu dugu; gero etorriko da Lehen Hezkuntza. Zergatik? Nerabezaroa oso aukerako garaia da, eta emozio asko daude. Lehen Hezkuntzan, beti hitz egiten da lotura seguruaz, atxikimenduaz, eta ematen du hori ahazten zaigula Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Erreferenteak hor ere inportanteak gara, eta hortxe egon behar dugu.
Onkik ikaslearen ongizatea du xede. Gaur egun, hori zalantzan ote dago?
IBARZABAL: Nerabezaroa garai gogorra da nerabearentzat; aldaketa izugarri pila dituzte, eta dena intentsitate handiz bizi dute, baina pasio berarekin bizi dituzte arazoak, hutsegiteak, ziurgabetasuna... Gaur egungo gizarte ereduaren, sare sozialen, estetika munduaren, gorputz normatiboen eta perfekzionismoaren aurrean zera esaten dugu: «Begiratu ezazu barrura».
ALTOLAGIRRE: Kanpaina asko doaz hainbat jokabideak aldatzera, moldatzera. Bai, baina goazen hori haiekin batera egitera; nik uste dut hori ere badakarrela Onkik. Hitz eginda, gauza asko ekidin daitezke. Hainbat gai jorratuko ditugu: bizitza, heriotza, suizidioa... Horrelako gaiez hitz egiteak asko lagunduko digu prebentzioan; uste dut Onkik hori badaukala.
«Hainbat gai jorratuko ditugu: bizitza, heriotza, suizidioa... Horrelako gaiez hitz egiteak asko lagunduko digu prebentzioan»
ELI ALTOLAGIRRE Onki proiektuaren sortzailea
Orain arte ere ez zarete geldirik egon. Proiektu honek, esaterako, Kiva entzutetsua ordezkatuko du, ezta?
ALTOLAGIRRE: Ordezkatu baino gehiago, Kivaren lanketa egingo du, baina programa askoz osoagoa da Onki.
IBARZABAL: Uste dut gogoeta sakonagoak egitera eramaten gaituela ikaslearekin, eta prebentzio lana indartzen du.
Onkik hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bultzatuko duela diozue. Nola lortu asmo duzue, adibidez, gurasoen konpromisoa?
ALTOLAGIRRE: Gurasoek momentu oro jakingo dute zertaz hitz egin dugun, zer landu behar dugun. Gida bat ere prestatuko dugu gurasoentzat.
IBARZABAL: Nik bi erronka ikusten ditut. Batetik, ikusi behar dugu barrutik guk zer egin dezakegun familiekin ditugun harreman horietan helarazteko beste mezu batzuk, beste elkarrizketa mota batzuk edukitzeko, eta, aldi berean, gai hauen inguruan familiak informatuta mantentzeko eta beraiek ere ahalduntzeko. Bestetik, konturatzen gara seme-alabak heltzen doazen heinean, autonomia irabazten doazen heinean, gurasoek distantzia bat hartzen dutela, bai ikastetxetik, baita askotan erreferente diren irakasle horiengandik ere; eta hori berreskuratu egin behar dugu.