Ikerketa

Txabola batean gorpuzkiak agertu dira Nafarroan; antzeko bigarren kasua astebetean

Iruñeko Beloso auzoan topatu dituzte aztarnak suhiltzaileek. Etxegabeek erabiltzen omen zuten etxola. Maiatzaren 25ean, txabola batean bizi zen gizon baten gorpua erreta aurkitu zuten Tuteran.

Auzi Polizia, gaur goizean, gorpuzkiak aztertzen. FORUZAINGOA
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 1a
17:28
Entzun

Iruñeko ekialdeko Beloso auzoan, giza gorpuzkiak topatu zituzten suhiltzaileek atzo gauean.

Sute bat egon zen inguruan, eta suhiltzaileak joan ziren hara. Utzitako etxola batean topatu zituzten giza gorpuzkiak. Suhiltzaileek foruzainei deitu, eta horiek Auzi Poliziaren taldea mobilizatu zuten. Nafarroako Auzi Medikuntzaren Institutura eraman dituzte aztarnak. Foruzainen arabera, etxerik gabekoek erabili izan dute etxola hori.

Lehen azterketen arabera, aspaldi hildako pertsona batenak lirateke gorpuzkiak, eta, itxuraren arabera, emakumezko batenak.

Gaur goizean ikerketa gehiago egin dituzte inguruan.

Tuteran, duela astebete

Nafarroan antzeko beste aurkikuntza bat egin zuten duela astebete. Maiatzaren 25ean, gizonezko baten gorpua topatu zuten suhiltzaileek Badina izeneko eremuan. Hilotza erreta zegoen. Foruzainen arabera, litekeena da gizona hamar egun lehenago hil izana, inguruko basoan pizturiko sutean.

Hildakoa jatorriz Beasaingoa zen (Gipuzkoa), eta 70 urte zituen. 

Maiatzaren 14an etxegabe baten gorpua aurkitu zuten Orkoienen (Nafarroa), zaborra biltzeko kamioi batean. 27 urte zituen gazteak, eta Madrilgoa zen sortzez, baina asteak zeramatzan Nafarroan.

Martxoaren 12an, 23 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten Bilboko Uribarri auzoan.

Urtarrilean, etxerik gabeko 56 urteko gizonezko bat hilik agertu zen auto baten barruan, Hendaiako Kaneta auzoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.