Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Arabako Unibertsitate Ospitalean atzo bakartu zuten emakumeak ez du koronabirusik. Osakidetzak jarduera protokoloa aktibatu zuen atzo, Txinan sorturiko gaitz hilgarriarekin lotutako kasu bat izan zitekeelakoan. Izan ere, Txinara berriki bidaiatu zuen emakumeak, eta gaitzaren antzeko sintomak zituen, arinak izan arren.
Analisi klinikoak Euskal Herriko zenbait laborategitan eta Majadahondako (Espainia) erreferentziazko laborategian egin dituzte.
Ez da Euskal Herrian susmagarritzat hartu duten lehenengo kasua. Urtarrilaren 25ean baieztatu zuten Gurutzetako erietxean (Barakaldo) ospitaleratuta zegoen andrazko batek ez zuela koronabirusik. Pneumonia zuen, baina ez birus klase horrek eragindakoa, analisiek erakutsi zutenez. Hura ere bakartuta eduki zuten erietxean. Txinan ibili berria zen, Wuhan inguruan.