Euskal Herriko etxeetan gero eta ohikoagoa da maskotak edukitzea, txakurrak eta katuak batez ere. Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak BERRIAri adierazi dionez, 2024ko uztailekoa da eskura duten azken datua, eta orduan 284.623 txakur zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 46.631 txakur zeuden 2023an. Gaur egun, pentsatzekoa da kopuruak 350.000 txakurren langa gainditu duela Hego Euskal Herrian. Horietatik 250.000 bat etxeko txakurrak dira, eta gainerakoak artzain txakurrak, ehizarakoak eta beste zeregin batzuetarako erabilitakoak dira. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere ugariak dira txakurra duten etxeak.
Etxeko txakurren ugaritzea moda kontutzat jo daiteke, baina gizartean eta familia egituretan izandako aldaketen erakusgarri ere bada. Eta, halaber, aldaketak eragiten ditu hirigintzan, ekonomian, ohituretan eta beste zenbait arlotan.
Adibidez, EHUko Psikologia fakultateko irakasle Aitor Aritzeta Galanek (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1975) uste du aldatu dela gizarteak animaliak ikusteko modua: «Garai batean, animaliak lan egiteko, zerbitzu bat emateko edo laguntzeko izaten ziren, baina azkeneko hamarkada hauetan, buru osasunaren kontzientziazioarekin batera, animaliei buruzko ikuspegia ere aldatu da, eta orain ongizate emozional eta psikologikoa sustatzeko baliagarri ere ikusten ditugu».
Sonia Brena (Barakaldo, Bizkaia, 1976) SOS Bilbao elkartekoa da 2003tik, eta haren presidentea 2012tik. Abandonatutako txakur eta katuak erreskatatu, artatu eta haientzat familiak bilatzea da elkartearen eginkizun nagusia. Pandemiaren ostean, adopzioen gorakada handia sumatu zuten elkartean, eta, Brenak dioenez, haiekin lan egiten duten elkarte gehienetan nabaritu zuten hori: «Ez dakit zergatik, baina orduan jende askok erabaki zuen bizitza animalia batekin partekatzea».
«Animaliei buruzko ikuspegia aldatu da, eta orain ongizate emozional eta psikologikoa sustatzeko baliagarri ere ikusten ditugu»
AITOR ARITZETA GALAN Psikologoa
2022an, baina, joera hori gelditu egin zen. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: etxebizitzaren krisia, inflazioa, gerrak edo «bizi dugun ziurgabetasun aroaren ondorioak», Brenaren hitzetan. Iaz joera hasi zen aldatzen, eta adopzio datuak 2023koak baino hobeak izan ziren: «Ikusiko dugu orain zer gertatzen den, baina itxaropentsu gaude».
Brenaren arabera, txakurra edo katua edukitzeko gogoa moda kontua izan daiteke, «baina, azken finean, modak giza portaerak dira, eta denboran irauten badute, gizarte aldaketa bilakatzen dira. Errealitateak argi erakusten digu gero eta ugariagoak direla txakurrak edo katuak dituzten etxeak, eta umeak, aldiz, gero eta urriagoak».
Hark ere uste du animalien inguruko pertzepzioa aldatu dela gizartean, eta orain «sentitzeko gaitasuna duten eta familiako kide diren izakitzat» hartzen dituztela askok. Dioenez, ikuspegi hori ez da berria, «beti egon baita animaliak direla-eta sentsibilitate handia izan duen jendea, baserri giroan ere bai», baina oraingo berritasuna da askoz jende gehiagok duela pertzepzio hori.
David Restrepo (Kolonbia, 1989) eta Raul Martinez (Barakaldo, Bizkaia, 1988) txakur hezitzaile espezializatuak dira, eta Made of Diamond izeneko taldea osatzen dute. Haiek ere nabaritu dute azken urte hauetan gora egin duela etxean txakurra izateko joerak, eta «mentalitate aldaketa batekin» lotu dute hori: «Garai batean oso ohikoa zen txakurra etxaldeko atarian ikustea kate batez loturik. Hori ez da guztiz desagertu, baina orain txakurrekin erlazionatzeko beste modu batzuk agertu dira, eta, horiekin batera, beste ohitura batzuk, eta industria oso bat ere bai».

Haien lanbidea dela eta, Restrepo eta Martinez Europa osoan ibiltzen dira, arrazako txakurren erakustaldi eta lehiaketetan. Kanpoan ikusten dutenak pentsarazten die oraindik badagoela zer hobetu: «Atzerriko zenbait lekutan oso aurreratuta daude txakurrekin bizitzeko kontu horretan, normaltzat jotzen dute, eta, adibidez, askoz erraztasun handiagoak daude txakurrarekin jatetxe batera sartu, hotelean ostatu hartu edo hondartza batera joateko. Horretaz oraindik badugu zer ikasia hemen».
Familia ereduak
Gizartean izandako beste aldaketa sakonago batzuen isla ere bada animaliak etxean edukitzeko joera. Aritzetak: «Familia ereduak aldatu dira, eta jende askok uste du animaliek, emozioen arloan, gizakiek eskaintzen duten guztia edo ia guztia eskain dezaketela. Familia egiturak txikitu egin dira, guraso bakarreko familiak eta bakarrik bizi diren pertsonak ugaldu dira, gizartea zahartu da, eta bakardade sentimendu horri aurre egiteko modu gisa ikusten dira animaliak, eta, aldi berean, babes emozionalerako iturri gisa».
Aritzetaren iritziz, askotan «interdependentzia harreman bat» sortzen da txakurraren eta jabearen artean: «Zuk arreta ematen diozu animaliari, berak konpainia ematen dizu, egunerokoan errutina batzuk sortzen dira, ardura sentimendu bat ere, bizirik dagoen izaki bat zaintzen ari zarelako... Horrek guztiak izugarrizko inpaktua du ongizate emozionalean».
Animaliekin harremana izateko modu berri horrek ondorioak ditu eguneroko bizimoduaren alor askotan. Ekonomiari dagokionez, industria oso bat sortu da: garai batean, animalien janaria zen industria horren erdigunea, baina gaur egun osasun arta, jostailu eta osagarriak, turismorako aukerak eta txakurrentzako produktu eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu industria horrek.
«Oraindik ez dugu ulertzen batzuetan animaliaren ongizatea ez dela bateragarria gure bizimoduarekin»
SONIA BRENA SOS Bilbao elkarteko presidentea
Brenak dioenez, animaliei zuzendutako produktu eta zerbitzuen merkatua gora dator, eta enpresa handiak ari dira albaitaritza klinika gehienak erosten. «Hori hala bada, izango da negozioa egiteko aukera ikusten dutelako. Beraz, diruaren norabideari erreparatzen badiogu, ondoriozta dezakegu denboran iraungo duen joera batez ari garela».
Laura Maza (Laredo, Espainia, 1991) txakur trebatzailea da, eta Akindi elkartearen zentroa zuzentzen du Gatikan (Bizkaia): «Garai batean, jendeak etxean uzten zuen txakurra oporretara joaten zenean. Orain, aukera mordoa dago: txakurrak onartzen dituzten hotel eta jatetxeak, txakurrentzako egoitzak eta abar. Txakurrentzako zerbitzuak ere ugaldu eta espezializatu egin dira: orain, albaitariak ez ezik, txakurrentzako kardiologoak, onkologoak eta abar ere daude». Eta hiri paisaia ere aldatu du joera berriak: orain, gero eta arruntagoa da parkeetan txakurrentzako gune bereziak topatzea.
Txakurrak trebatzeko ikastaroak ere sar daitezke zerbitzu eskaintza berri horretan. Horren garrantzia nabarmendu du Mazak: «Txakurren beharrak oso oinarrizkoak dira. Gainerako animaliek bezalaxe, jarraitu beharreko irizpide batzuk behar dituzte, eta oso argi eduki zein den erreferentzia, nola jokatu behar duten jakiteko. Bestalde, bere funtzioa betetzen ari dela sentitu behar du: etxean ezer egin gabe egoteak sekulako estresa sortu ahal dio, txakurra ez baita horretarako jaio. Trebatzeak gizakiari laguntzen dio txakurraren portaera ulertzen».
Onurak eta arriskuak
Aritzetak uste du joera berri honek ondorio positiboak dituela «oinarrizko baldintza batzuk betetzen badira: jabeak ondo jakitea zer den animalia bat edukitzea, zer behar dituen, nola hezi behar duen eta abar». Dioenez, txakurra edukitzeak lagundu egiten die bakarrik bizi direnei, haurrei «ardurak partekatzen» irakasten die, eta harremanak hobetzeko ere balio dezake: «Askotan konturatzen zara jabeek txakurrak kalera ateratzen dituztenean jabeen artean ere harreman sozialak sortzen direla. Jende askok lagunak egin ditu txakurrei esker».
Animaliekin bizitzearen onurei dagokienez, Brenak uste du «harremanaren araberakoak» direla. «Zer da hobea, bikotekide batekin edo bakarrik bizitzea? Harremana nolakoa den». Hark ere uste du abantaila batzuk argiak direla: «Ariketa fisikoa sustatzen du, harremana errazten du txakurra duten beste pertsonekin, bakarrik bizi diren pertsonentzat ere sostengu emozional garrantzitsua da, eta umeentzat ere onuragarria da, enpatia sustatzen baitu. Baina, beste aldetik, gaizki aukeratzeak asko zaildu ahal digu bizitza; arazoak sor daitezke, esaterako, familia batek txakur mota jakin bat aukeratzen badu eta ezin baditu haren beharrizanak bete».
«Garai batean, jendeak etxean uzten zuen txakurra oporretara joaten zenean. Orain, aukera mordoa dago. Txakurrentzako zerbitzuak ugaldu eta espezializatu egin dira»
LAURA MAZA Txakur trebatzailea
Izan ere, etxean txakurra edukitzeko joera berri honek izan dezake arriskurik. Aritzetaren ustez, arrisku horiek txakurrentzat dira, batez ere: «Animaliak badu bere sena; txakurrak, adibidez, beharren hierarkia bat du, gizakiek dutenarekin alderatuta desberdina dena: kirola behar dute, diziplina, eta, azkenik, maitasuna. Gizakiok, aldiz, maitasuna lehenesten dugu, horri ematen diogu garrantzia, eta txakurrak sena galtzea ekar dezake horrek, baita jokabidearen distortsioak sortzea ere». Dioenez, «jokabide desegokiak» sor daitezke horren ondorioz: adibidez, txakurrak «autoritate rola» hartzea «jabeak ez dakielako oso ondo nola jokatu, edo nola jarri mugak txakurrari».
Antzeko iritzia du Brenak. Dioenez, agerikoa da kontzientziazioa handitu dela eta garai batean oso normalizatuta zeuden egoera batzuk «kexa eta salaketa iturri» direla orain —adibidez, txakurra ate bati beti lotuta edukitzea—, «baina oraindik ez dugu ulertzen batzuetan animaliaren ongizatea ez dela bateragarria gure bizimoduarekin. Seguru asko, familia batek pentsa dezake bere txakurra asko maite duela, baina ez badio uzten lokatzetan sartzen zikintzen delako, edo ez badu aske uzten beste txakur batzuekin jolas dadin edo korrika egin dezan, haren bizimodua ez da guztiz kalitatezkoa izango».