Itaunketa egiten hasi zitzaidan, orain zuzen, orain zeharka. Kotoiaren proba edo. Eta galdera bota zuen: «Gustuko dituzu txakurrak?». Susmorik batere gabe erantzun nion: «Inoiz ez diet kalterik egingo. Hurbilduz gero, laztantzen ditut batzuetan, baina ez nuke txakurrik izango». Ezustean heldu zen torpedoa: «Txakurrak gorrotatzen dituzu». Ez nuen erantzuteko denborarik izan. «Erabiltzaileak blokeatu egin zaitu», jakinarazi zidan pantailako mezuak.
Lehen uneko harridura igaro eta eskerrak eman nizkien biziari, Ama Lurrari eta unibertsoari. Ez al dugu benetakoak izan behar, garen bezalakoxeak? Gainera, nola esan, dena ondo joanez gero, nork ziurtatuko zidan egun batean ez nuela berarekin eta txakurrarekin ohe berean sartu beharko, maitasun froga gisa? Halakorik izango baita, ez pentsa.
Bilbo. 50 urtetik gorako bikote bat tranbian, dotore eta garesti jantzita. Andreak txakur txiki bat du altzoan, harekin jolasean. Bi eskuekin hartu, jaso eta musu eman dio muturretan. Gero, zerbait esan dio gizonari, ahapeka. Irribarre egin eta musu. Hari ere ezpainetan. Zur eta lur ni. Lagun bati kontatu diot. «Zer, ba? Txakurra maite badu, zergatik ez dio musurik emango?». Bestelakoa izan da beste adiskide baten erantzuna. «Aggg!!! Musu eman dio? Eta gizonari ere bai? Baina txakurrek edonon sartzen dituzte muturrak! Zaborretan, zuloetan, beste txakurren atzealdean...».
Munich. Galdetegia egin diote irrati ezagun bateko kazetariari. Hiru desio esateko. Azaldu ditu gizon gazteak. Horietako bat: «Txakur baten aitatxo izatea. Aukeran, golden retriever batena». Lehen, txakur baten jabeak ginen; orain txakur baten gurasoak gara. Zure alaba izango da zakur hori? Semea? Non aurkituko duzu bikotekidea txakur baten aita izateko? Meetic.guauguau.com webgunean? Animal Tinderren? Doggy Style-n ernalduko duzu txakur emea, Versailles ispilu baten aurrean?
Zakur baten aitatxo izatea. Irudizko esaldia da, baina zerbaiten sintoma. Ez dut uste duela 40 urte Alemanian halakorik esango zutenik. Are gutxiago Euskal Herrian. Venice Beach-en, Kalifornian, agian bai. Agian. Ume baten aitatxo izatea, hori bai arriskua. Txakur batena, berriz, ez. Lasai. Une oro zure aginduetara. Ez duzu berarekin ezer negoziatu beharko; mende izango duzu gau eta egun; ez zaizu jonki irtengo; ez zaitu zahar etxean aparkatuta utziko. Zakurrak oso esker onekoak dira. Txakur baten aitatxo izatea win-win da beti.
Gasteiz. Neska erdi biluzik dago Zara-ko probalekuan, praka berriak janzten. Zerbait arraroa sentitu du. Bueltatu eta... txakurtxo bat haren aztala miazkatzen. Non dago animaliaren alegiazko gurasoa? Zergatik ez du lotu? Gaztea kexaka hasiz gero, nola erreakzionatuko du? Hozkia ematen dizu maskota baten mingainak? Txakurrak gorrotatzen dituzu?
Gero eta leku gehiagotan sartzen dira txakurrak. Arazorik ez, baldin eta haien jabeek arduratsu jokatzen badute. Zeren eta inoiz gerta bailiteke dog-friendly jatetxe batean postrean tiramisua jaten ari zarela golden retriever bat ondoan agertu eta pastelari begira jartzea, adurra dariola. Eta zuk puskarik ez eskaintzea eta jabea haserretzea. Edo, emanez gero, beste koilara bat eskatu, eta orduan zakur-gurasoa hurbildu eta, herraren txinpartek begiak erretzen dizkiotela, esatea: «Txakurrak gorrotatzen dituzu!». Eta zu salatzea eta jatetxeak zu blokeatzea, animalia solte utzi duen bezeroa barik.
Berlin, 60ko urteak. Mutil batek bere txakurra erreko du Kempinski hoteleko terrazan kafea hartzen ari diren burgesen aurrean, pastela okerreko eztarritik joan dakien. Badaki hilketa horrek gehiago inarrosiko dituela Ami-ak Vietnamen napalm-ez hiltzen ari diren haurren heriotzek baino. Eszena Günter Grass idazleak irudikatu zuen. Orduan bezala, orain ere pentsa liteke giza sufrimenduak epel uzten dituela zenbait lagun. Hala eta guztiz ere, gaur inork ez luke txakur bat sakrifikatuko, areago berea, hori salatzeko. Zorionez. Denbora aldatu den seinale. Zinez.