Non utzi dugu txapela? Gure jantzi internazionalena gero eta gutxiago ageri da gure kaleetan. Nonahi ikusten ditugu kapelak eta, batez ere, biserak. Txomin Agirrek irudikatu zuen Arranondon bazen txapelik. Kresaletan ez ezik, garo artean ere izaten zen, euskaldun fededunaren ezaugarri. Iragana da aro hura. Gizartea aldatu den seinale.
Horretaz nor hobeto jabetu kanpoan denbora luzea eman duena baino? Joseba Sarrionandiak adierazi du Alea aldizkarian: «Sorpresa itzela izan zen, 42 urtean euskal gizartea guztiz aldatu delako (...) Zentzu guztietan aldatu da, politika, hizkuntza... Janzkera ere aldatu da. Gaztetan kalera irtenda banekien nor zen baserritarra, nor langilea, nor aberatsa. Orain denok dugu estilo amerikanoa».
Estilo amerikanoa. Gero eta baserritar gutxiago. Gehienok kaletarrak gara, kaletar amerikanoak, langileak edo aberatsak. Txapelik gabeko Euskal Herririk izango da inoiz? Baliteke, baina ez asaldatu. Larriagoa da euskararik gabe ere Euskal Herria izan daitekeela entzutea. Eta halakorik esaten hasi zaizkigu, ahapeka eta zeharka bada ere.
Txapela buruan, ibili munduan dio esamoldeak. Txapela nongo mundura daramazun. Izan ere, Baskenmütze batek—euskaldunen boneta deitzen diote txapelari Alemanian— ika-mikak eragin zituen joan den hilean Bundestagen. «Baskenmütze batek zalaparta sortu du», azaldu zuen Frankfurter Rundschau egunkariak. Andrea Lindholzek, Legebiltzarreko presidenteorde kontserbadoreak, Die Linke alderdiaren diputatu Marcel Bauer bota zuen ganberatik buruan zuen txapela erantzi nahi izan ez zuelako.
Iskanbila txapelaren historia kontatzeko erabili dute zenbait hedabidek: Biarnon sortu ei zen eta handik «ondoko Euskal Herrira» etorri. Errebeldia puntu bat izan du txapelak, identitateari lotua. Esparterok debekatu zuela ere adierazi dute. Paris bohemioko artisten artean gailendu zen. Glamourraren sinboloa, iraultzaren ikonoa izan da, nahiz eta oso modu ortodoxoan ez jantzi. Marlene Dietrichek txapela eroaten zuen buruan —eta Greta Garbok batzuetan—; Che Guevarak ere bai. Eta, noski, ETAko kideek.
Lagun bati baino gehiagori entzun diet txapelak zahartu egiten gaituela. Adinekoen kontua omen da. Orbana gaztetasun eternalaren paradisuan. Antigoaleko arropa dugu txapela. Bereak egin du: euskal janzkera euskal jaietarako utzi dugu. Hor egon behar du, nonbait. Amerikanoak gara behe laino artean? Americanos, blue jeans and chinos, Coke, Pepsi and Oreos. Nor irteten da zapatu gauean txapela buruan, herriko festetan ez bada? Te acuerdas de Miguel el cashero? Oso ondo enroilatzen zen, bai, baina nork nahi zuen Miguelin artaburuarekin larrutan egin?
«Esango nuke euskal legebiltzarretan txapelak baino arinago ikusiko ditugula Athletic, Alaves, Osasuna edo Reala taldeen kamisetak»
Bundestageko istilua dela eta: noiz eta non jantzi eta erantzi txapela? Etiketa arauak ez dira antzina bezain zorrotzak, eta eskertzekoa da, baina horrekin ere, kontuz. Lekuaren arabera. Inguruari erreparatu: lehendakari bilera izan da asteon. Txapelik ez ospakizunean, nahiz bestetan jantzi duten, burusoilak izan edo ez. Esango nuke euskal legebiltzarretan txapelak baino arinago ikusiko ditugula Athletic, Alaves, Osasuna edo Reala taldeen kamisetak. Bundestagen bertan Bayern edo Dortmund taldeena baino lehenago. Seguru. Egokia izango litzateke? Aho itxian ez da eulirik sartzen.
Badirudi biserak janzkeren partida irabazi diola txapelari. Kezkagarria da? Txapela euskaraz mintzatzen zen Arranondon. Orain janzten duten guztiek euskaraz egingo balute, pozik. Bestelakorik gerta liteke, ordea. Biseradunak euskaraz egitea —Zer duzu? Haserre zaude nirekin, papi?—eta txapeldunak, erdaraz —«ahí va la hostia!», «dónde, pero?»—.
Ondo da gure janzkiagatik estutzea, baina lasai: txapela ez da galduko. Alemanian die Baskenmütze janzten segituko dute Bundestagetik kanpo. Euskaldunok ez dugu txapela salbatuko. Ez dugu zertan. Halaber, alemaniarrek ez dute euskara salbatuko. Ez dute zertan. Euskara soilik euskaldunok salbatuko dugu, salbatuko bada. Txapelarekin edo txapelik gabe.