Pasaiako portuko jarduna —merkantzia askotarikoen garraio etengabea, tartean hondakin batena: txatarrarena— gertuan dute Gipuzkoako zenbait herrik: Lezok, Pasaiak, Errenteriak eta Donostiak. Lezon, bereziki, ondo-ondoan dute portua. Herritarrek entzun egiten dituzte portuko zarata etengabeak, eta merkantziak mugitzean zabaltzen den hautsa ere usu sentitzen dute: fatxada belztuetan, leiho ertzetan, maizegi estutzen zaien arnasan... Atzo su hartu zuen txatar meta batek, eta aparteko neurriak hartu behar izan zituzten herrian: Lezotik Pasai Donibanera doan errepidea ixteko agindua eman zuten ertzainek, eta portu inguruko bizilagunei udaltzainek esan zieten leihoak ixteko, eta etxean geratzeko. Hainbat ordu egin zituzten horrela. Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, Gipuzkoa, 1973), Ager Arrieta (Errenteria, Gipuzkoa, 1976) eta Carmen Clemente (Madril, 1960) Lezon bizi dira, eta aspaldi ari dira portuko jardunak eragiten dituen arazo askotarikoen gainean abisu ematen. Mobilizatzen ari dira orain ere. Azken sutearen harira, salaketa bat prestatzen ari dira. «Masiboa izatea nahi dugu».
Atzo arratsaldean bertan, elkarretaratze bat egin zuten Lezoko udaletxe parean: jendetsua izan zen, eta han utzi zuten agerian salaketa jartzeko asmoa. Gaur gaiaz solastatzeko hiru solaskideek hartu duten tartean, jendea hurbiltzen hasi zaie, salaketarekin bat egiteko bideei buruz galdezka. Atzo egunsentiko bizipenak ere hizpide izan dira gaur solasaldi askotan, portua arriskutsua dela ageri-agerian ikusi zuten egun horietako bat izan baitzen. Ez dituzte berehalakoan ahantziko goizak izan zituen xehetasunak. Bat datoz, oro har, horietan. Etxe barruraino sartu zitzaien erre usaina aipatu dute, adibidez, hirurek: sarkorra, astuna, higuingarria: «Usain txarrarekin esnatu nintzen: pneumatiko edo metal erreen usaina zen». Horrek eragindako ondoeza ere ekarri dute hizpidera: «Erabat zorabiatuta nengoen, buruko min handiarekin». Eta sentitu duten informazio falta: «Telefonoetara Es-alert mezu bat bidali zutela esan zuten: baina ez. Ez genuen jaso». Ostiraleko batzarrean galdera egin zuten: nork jaso zuen mezu hori. Bakar batek esan zuen jaso zuela: Errenterian. Eta arriskua egon zen; kutsadura neurgailuak badira herrian, eta jakin dute bentzenoa oso goian egon zela —hidrokarburo bat da, minbizi sortzailea—.
«Hemen portu zikin bat daukagu; beste inongo portutan nahi ez duten materiala guk pilatzen dugu, eta instituzioek egundoko konplizitatea dute horretan»
Lezoko herritarra
AGER ARRIETA
Arazoak maiz izaten dira. Ondorioz, gertatzen ari zenaren sorburua berehala igarri zuten atzo ere herritar gehienek. Arrieta: «Burura datorkizun lehenbiziko gauza da: portua. Beste bat, berriro». Txatar tontor handiak ia beti daude agerian portuan: parajearen bereizgarrietako bat dira. Usu «kalitate txarreko» txatarra izaten dela adierazi dute, bereizi gabea, eta, ondorioz, arriskutsua. «Dena nahastuta egoten da: olio zikinak, plastikoak, bateriak...», azaldu du Intxaurrandietak. Atzoko sutearen sorburuan litio bateria bat dagoen susmoa dago, esaterako. «Erradioaktibitatea ere atzeman izan dute txatar tontor horietan», erantsi du Arrietak. Protokoloa abiarazteko moduko suteak oso maiz gertatzen ez badira ere —aurreko sute handia 2018an izan zen—, sute txikiagoak sarri sortzen dira, kontatu dutenez. Abuztuaren 8an ere igarri zuten, adibidez, erre usain sarkorra herrian. Horrek artegatu egiten ditu. «Izan ere, egunero daukagu guk errauste planta bat ondoan: iragazkirik gabe», gaitzetsi du Clementek. «Hemen portu zikin bat daukagu; beste inongo portutan nahi ez duten materiala guk pilatzen dugu, eta instituzioek egundoko konplizitatea dute horretan», erantsi du Arrietak.
«Agian esan behar dugu: hemen txatarrik ez. Zergatik? Herritarrak ondoan daudelako»
Lezoko herritarra
CARMEN CLEMENTE
Suteez bestelako arazoak ere badira. «Txatarra aire librean dago, eta horrek berekin dakar egunero partikula kutsagarriak arnastea herritarrok; izan ere, portua herrian bertan dago», gogorarazi du Intxaurrandietak. «Euria egiten duenean, euri hori iragazten da txatarretik, eta euri ur hori kutsatu egiten da». Txatar metek askotan, gainera, asteak eta hilabeteak egiten dituzte portuan, aire librean pilatuta.

Txatarraren biltegiratzea eta garraioa ez da, hala ere, herritarrek pairatzen dituzten arazoen kausa bakarra. «Zarata ere arazo handi bat da Lezon», azaldu du Intxaurrandietak. «Autoak mugitzen dituztenean, adibidez, gauean, klanka-klanka-klanka egiten dute...». Lorik egin ezinik igarotako gauen berri eman du Clementek. «Kudeaketa hobea behar dute, oro har», ondorioztatu du. Behin-behineko neurriak hartu izan direla onartu dute, baina adabakiak izan direla aldaketa horiek.
Zuztarreko aldaketak eskatu ditu Intxaurrandietak: «Zerbait egin behar dute portuko aktibitate ekonomikoak errespeta ditzan herritarren osasuna eta segurtasuna». Gogora ekarri du ezen, legez, indarrean dauden araudiak betetze aldera, «eskura dauden teknika onenekin» lan egin behar dela, eta hori dela eskatu beharreko gutxienekoa. «Aktibitate ekonomikoa ezin da egon gure osasunaren gainetik, eta egin behar bada, egin dadila segurtasun neurri batzuen barruan: herritarrok ezin dugu halakorik jasan. Osasunaren gainetik ez dago ezer». Eskari horietan harago ere badoa Clemente: «Agian esan behar dugu: hemen txatarrik ez. Zergatik? Herritarrak ondoan daudelako».
«Zerbait egin behar dute portuko aktibitate ekonomikoak errespeta ditzan herritarren osasuna eta segurtasuna»
Lezoko herritarra
AINHOA INTXAURRANDIETA
Ardurak
Gaiaren gaineko ardura partekatua dela onartu dute: Pasaiako Portuko Agintaritzari, merkantzien garraioa kudeatzen duten enpresei eta Eusko Jaurlaritzari, hirurei dagokie jardun ona bermatzea. Ingurumen baimenak emateko erantzukizuna, ordea, Jaurlaritzarena dela gogoratu dute, eta propio eskatu nahi diote herritarren ongizatea gogoan hartuta jokatzeko. «Aktibitate bat onartzen baduzu, eta jartzen badituzu baldintza batzuk, horiek bete egin behar dira», gogoratu du Intxaurrandietak. Auzitara jotzeko zer bide hartuko duten erabakitzeko dute oraindik, baina datozen asteotan argituko dute.