Europako Imtech enpresak Tarnosen (Landak, Frantzia) egin nahi duen metanizazio xedea gaitzetsi du CADE elkarteak, osasunari eta ingurumenari kalte egin diezazkiela argudiaturik. Metanizazioa egiteko, Tarnoseko lantegiak Herbehereetatik ekarritako txerri gorotza baliatu nahi du enpresak. Baionako portutik sartuko litzateke gorotza. CADEk «inoiz ez bezalako osasun arriskua» litzatekeela salatu du. Txerritegi industrialetako gorotza «egiazko pozoia» dela nabarmendu du, osasun arazoei leherketa arriskua eransten baitie.
Xedea plantan ezartzeko aurrekontua 70 milioi eurokoa da, eta 25 milioi metro kubo metano ekoitziko lituzke. Hori sortzeko, 650.000 tona txerri gorotz sartuko lirateke Baionako portutik. Lantegian berean, hamabost lanpostu sortuko lituzke zuzenean. Adituek egindako ikerketak gogora ekarri ditu Victor Pachon CADEko presidenteak: «Hamar milioi txerrik ehun milioi gizakik baino gorotz gehiago ekoizten dute».
Industrialki hazten diren txerrien gorotzean osasunarentzako kaltegarri diren 300-400 ekai atzematen direla gogorarazi du CADEk, horien artean antibiotikoen aurkako erresistentzia garatua duten bakterio ugari. Eritasun horiek gizakiengan eragina izan dezakete. «Arriskuaz jabetzeko, aski da begiratzea hazkuntza mota horien inguruan garatzen diren eritasun motak: larruko gaitzak, arazo neurologikoak, arnas sistemako infekzioak, hesteetako arazoak....», erran zuen Pachonek atzo, asmoa salatzeko egin agerraldian. Gai horri buruzko osasun ikerketa sakonenak Herbehereetan egin dituzte. Emaitzetan ageri da Sarm izeneko eritasunaren aldaeraren bat garatzen dutela txerrien % 40k. Leherketa eta sute arriskuak ere ez dira ahantzi behar. Arrisku hori neurtzen duen Seveso sailkapeneko maila gorena ukanen du gorotza metatzeko guneak.
Sufrimendua eta kimika
CADEknabarmendu du animalien sufrimenduan oinarritzen dela ekoizpen mota hori. Txerri hazkuntza errentagarria bihurtzeko inposatzen diren baldintzek animaliei sufrimendua eragiten dietela zehaztu du. Txerrien bazkan zein osasun artetan ekai kimikoen neurrigabeko erabilpena egiten dela azaldu du Pachonek. Gainera, enpresa horiek men egiten diete industriari handien interesei, tokiko hazkuntza txikien kaltean. Biometanizazioaren irudi «ekologikoaren» babesean aurkeztu nahi duten xedea bertan behera gelditzen da karbono ekoizpenaren emaitza kontuan hartzen baldin bada, CADEren arabera.
Txerri gorotza baliatuz metanizazio xedea ezarri nahi dute plantan Tarnosen
Herbehereetatik ekarritako 650.000 tona gorotz sartuko lirateke urtero Baionako portutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu