Txibite baikor dago, baina Solanak ohartarazi du oraindik falta dela

Geroa Bairen ustez, programa ixtea falta da, eta betetzen ez diren gaien bermeak nahi ditu

Ramon Alzorriz eta Maria Txibite, atzo, Iruñeko PSNren egoitzara sartzear. JOXERRA SENAR.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Ostegunean PSNk azken eskaintza egin ondotik, korapiloa askatzen hasi da. Alderdi Sozialistak mahai gainean jarri dio Geroa Bairi lau departamentu kudeatzeko aukera, tartean Osasuna. Horrek Geroa Bairen nahiak asetzen dituelakoan, baikor agertu zen Maria Txibite atzo. «Baiezkoa besterik ez dut espero. Espero dut azken proposamena Geroa Bairentzat erosoa izatea, lau urtez partekatu behar baitugu gobernua». Haatik, itxaropen horiei baldekada bat ur hotz bota zien Geroa Baiko eledunak, Maria Solanak: «Oraindik ere lana dago egiteko. Ez dut gobernu egiturari buruzko erantzunik emango akordioa osorik izan arte».

Gobernu egiturari dagokionez, aurreko eskaintza hobetu du PSNk. Bi aldeak orain arte oso zurrun agertu dira informazioa plazaratzeko orduan, baina, Noticias de Navarra egunkariak aurreratutakoaren arabera, aurreko gobernuan bezala lau departamendu kudeatuko lituzke Geroa Baik: aldaketa nagusia litzateke Etxebizitza Departamentua Zurekin Nafarroak hartuko lukeela, eta Geroa Baik Osasuna kudeatuko lukeela.

Hauteskundeen aurretik, hori zen koalizioaren helburuetako bat. Erronka handia eta zaila du osasungintzak aurrean, luzarorako erreforma sakon eta estrategikoa bultzatu beharra baitu gobernuak. Halaber, horri loturik, lehen arretaren egoerari eta espezialitateen itxarote zerrenda luzeen arazoari heldu beharko die. Hain justu ere, Uxue Barkosek gai horri garrantzi handia eman dio azken hilabeteetan. Hala, gobernuko aurrekontu handiena izaki, proiekzio publiko handiko saila da, eta Geroa Bairentzat aukera politiko bat.

Aste hasieran egindako eskaintzarekin alderatuta, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eutsiko lioke, Itziar Gomezek egindako kudeaketari jarraipena emanez. Klima Aldaketaren Legea bultzatzeko zereginari heldu beharko dio, estrategikoa baita haientzat. Legeak jasotzen duenez, besteak beste, Energiaren Agentzia Publikoa garatu beharra dago, eta arlo horretan azpimarra berezia egin du Geroa Baik.

Horri gehitu behar zaio Garapen Ekonomikoko Departamendua arduratuko delaindustria eta energia politikez. Halaber, aurreko legealdian Ana Olloren agintepean izandako Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren aterkipean egongo dira euskara arloko neurriak: Bake eta Bizikidetza zuzendaritza beste departamentu batera pasatuko bada ere, kanpo ekintza bere gain hartuko du.

Azkenik, aurreko legealdian bezala, lehendakariordetza bat egokituko litzaioke, eta senatari autonomikoa. Hori guztia jakinda, Geroa Bairen iritziaren berri izatea falta da. EAJko eta Geroa Sozialberdeak alderdiko kideen iritzia entzun ondotik, koalizioaren organo gorenari dagokio erabakia hartzea; Batzorde Iraunkorrari, alegia. Atzo, Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria eta negoziazioetako eleduna zuhur mintzatu zen —ekainaren erdialdetik, Uxue Barkosek lesioa du zango batean, eta, horregatik, asteotan negoziazioetako lehen lerrotik at izan da, nahiz eta gertutik erreparatu dien—.

Solanaren arabera, oraindik akordio programatikoko puntuak zehaztea falta da: «Akordio programatikoa itxi behar dugu, eta gure arteko desadostasunak finkatu, gehiegizkoak izan ez daitezen eta akordioa galarazi».

Horrez gain, gobernu barruko funtzionamenduari ere garrantzia ematen diote: «Jakin nahi dugu ea PSN eta Zurekin Nafarroa, batik bat lehena, prest dauden joko arau zorrotzagoak bere gain hartzeko. Aurreko legealdian baino arau zehatzagoak eta eraginkorragoak nahi ditugu, kontu batzuk ez baitziren bete. Ezin izan genituen bideratu, eta hori jasan behar izan genuen». Halakorik ez gertatzeko bermeak nahi dituzte. «Ez du balio zerbait hitzartzeak, gero hura ez betetzeak, eta betetzen ez baduzu ezer ez gertatzeak».

PSNren bilera

Gertu ikusten du akordioa PSNk. Atzo arratsaldean Iruñeko Sarasate pasealekuko egoitzan bildu ziren zuzendaritzako kideak. «Ez dut ezer esateko. Geroa Bairen zain gaude. Ez dakigu noiz erantzungo duten», esan zien Ramon Alzorriz Antolamendu idazkariak atarian zain zeuden kazetariei. Kanpora begira zuhur mintzatu nahi badute ere, bilkura horretan inbestiduraren prozedura aztertu zuten, erantzuna jaso eta azken ukituak eman bezain azkar aktibatzeko. Amaieran berretsi zuten euren azken eskaintza «errealista» dela eta Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren aldarrikapenak kontuan hartu dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.