Bi izenen artean hautatu behar izan dute botoa eman duten 4.306 militante zein jarraitzaile sozialistek: Maria Txibite (Cintruenigo, 1978) edo Amanda Acedo (Torres del Rio, 1959). Hauteslekuak 20:00etan itxi dituzte, eta botoak zenbatuta, Txibitek irabazi ditu hauteskundeak, botoen %58,59rekin. Acedok %41,41eko babesa jaso du. Parte hartzeari dagokionez, 14:00etan %44,92koa izan da, PSOEk emandako datuen arabera. 5.514 lagun zeuden bozkatzera deituta.
Emaitza jakin ondoren, Txibitek aldarrikatu du gizartearen gehiengoak gobernu aldaketa eskatzen duela: "UPNren garaia amaitu da. Aukera asko izan ditu baina ez ditu baliatu". Itun politikei buruz, Txibitek bere asmoak zeintzuk diren aurreratu du: "Ez eskuinarekin ez muturreko nazionalismoarekin".
Bere aldetik, porrotaren ostean, Acedok esan du "alderdiak agindutako lekuan" egongo dela, "leialtasunez baina mendetasunik gabe". Haren ustez, emaitzek azaleratu dute ezin dutela "bakoitza bere aldetik" joan, baina Txibiteri ohartarazi dio: "Gure babesa izango dute, baina baita gure espiritu kritikoa ere". Nolanahi ere, PSNren hautagaia aukeratzeko prozesuaz "harro" agertu da Acedo.
Azken urteotan UPNri emandako babes politikoak eta PSOEk Barcina gobernutik kentzeko zentsura mozioari betoa jartzeak liskarrak sortu ditu alderdi barruan zein boto-emaileen artean. Azken hauteskundeetako emaitza txarrek, gainera, ez dute lagundu giroa baretzen.
Txibitek Roberto Jimenezen zuzendaritza taldean pisua izan duten bi pertsonaren babes politikoa dauka: bata Elena Torres Ongizate kontseilari ohia da, eta bestea Javier Remirez eleduna. Txibitek "sinesgarritasuna", "koherentzia", "gardentasuna", eta, batez ere, "politikan berreskuratu beharreko etika publikoa" aldarrikatu ditu herritarren konfiantza berreskuratzeko. "Esaten duguna bete behar dugu. Konfiantza ez da hitzekin irabazten, ekintzekin baizik", esan izan du. 36 urte ditu, eta soziologian lizentziaduna da. Nafarroako Parlamentuan hautetsia izan zen 2007tik 2011rako legealdian. Eta egun, Espainiako Senatuan dihardu.
Acedo, berriz, Roberto Jimenezen zuzendaritzarekin kritiko azaldu den sektoreko ordezkarietako bat da. 2008an, alderdiko idazkari nagusi izateko lehiatu zen Jimenezekin, eta, 2011n, Manuel Campillo Tuterako hautetsiaren alde egin zuen. Babes horren eraginez, zerrendetatik kanpo geratu zen iragan hauteskundeetan. BERRIAk asteon egin dion elkarrizketan azaldu duenez, garaile irtengo balitz barne aldaketak egingo lituzke alderdian, PSN "parte hartzaileagoa" izan dadin.