Azaroan bete zituen lehen ehun egunak Nafarroako Gobernuak, eta Maria Txibitek «ziztu bizian» doazela nabarmendu du prentsaren aurrean egindako agerraldi batean. Uztailean bere bazkideekin hitzartutako gobernu programa dute legealdi honetarako bide orri; lehen urteari begira, berriz, 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzea eta Espainian gobernua osatzea jarri du lehentasun gisa. Bi kasuetan, baikor ageri da. Txibiteren aburuz, aurrekontuak aurrera ateraz gero «erregai gehiago» emango lioke gobernuak hartu duen abiadurari.
Aurrekontuei begira, azaroaren 27an, Maria Txibitek Nafarroako jauregian hartu zituen Navarra Sumako ordezkaritza bat lehenik, eta EH Bildurena gero. Koalizio abertzaleak dokumentu bat helarazi zion gobernuari bai negoziazio esparruari buruz, bai neurri fiskalen eta gastu atalen ingurukoa ere. Txibitek aitortu du proposamen horietako batzuekin ados daudela eta beste batzuekin ez. Dena den, oraindik ez diote erantzun ofizialik helarazi EH Bilduri. «Oraindik ere baloratzen ari gara proposamena, baina, ulertuko duzuenez, gobernuak haiei helaraziko die balorazio hori zuzenean».
Navarra Sumak, aldiz, ez zuen inongo proposamenik egin, baina batez ere zerga neurrietan jarri zuen azpimarra. Eskuineko koalizioak zerga jaitsiera orokorra proposatzen du, eta, hain justu, gaur da parlamentuan horri buruzko lege proposamena aurkeztekoa. «Ez ziguten agiririk aurkeztu, eta prentsaren bidez jakin dugu proposamen horren berri. Ez dakit elkarrizketa bideratzeko modurik onena den. Edozein moduz, proposamenaren edukia zein den jakiten dugunean, aztertuko dugu», adierazi du Txibitek.
Aldaketa nagusia, zergetan
Kazetariek lehendakariari galdetu diote ea zenbateraino bere egin duen Barkosen gobernuaren jarduna. Txibitek erantzun du «gauzak ongi egin direnean» norabide horri eutsi diotela, eta, bestela, aldaketak ezarri dituztela. Hain zuzen ere, lehen hilabeteotan oihartzun handiena hartu duten neurrien artean daude zergen inguruko hiru lege proiektuak. Gobernuak ezarritako aldaketen artean sartu ditu Txibitek: «Adibidez, errenta zergan tarifaren deflaktazioa ez da hamar urtean egin».
Espainiako Gobernua oraindik ez da osatu. Apiril hasieratik, jardunekoa da Pedro Sanchezen gobernua, eta Txibitek garrantzitsutzat jo du gobernua osatzea. «Hobe da ongi egitea presaka egitea baino, baina egia da premia dagoela». Adibidez, Nafarroak «lehenbailehen» ekin nahi dio Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioari, eta, jarduneko gobernu horrekin "solasaldi ez-ofizialak" izan baditu ere, ezingo da hasi gobernua osatu arte.
Mugimenduan den gobernu bat irudikatu nahi izan du Txibitek, eta departamenduz departamendu hartu dituzten neurri nagusiak laburbildu ditu. Haren hitzetan, akordio programatikoan bertan zehaztuta zeuden premiazkotzat jotako neurriak, eta horiek abian jartzea izan da xedea, haren hitzetan. Adibidez, gobernuaren erronken artean enplegua dago, eta uste du gizarte eragileekin enplegu plana hitzartzea dela «erreminta onena» horri begira. Halaber, gogora ekarri du Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen akordioan lan erreforma aldatzea proposatu dela.
Bestelako neurrien artean, adibidez, 2019rako 725 lanposturako lan deialdia onartu dute (339 Hezkuntzan, 219 Osasunean, eta 169 administrazioan bertan). Halaber, «segurtasuna hobetu eta Europako irizpideetara egokitzeko asmoz», Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea erabaki dute, eta horren finantzaketaren inguruan hitz egiten ari dira oraintxe Madrilekin. Txibiteren esanetan, «hogei urte berandu» dator. Azpimarratu du Hezkuntzan aurreko ikasturtean baino 784 irakasle gehiago kontratatu direla eta, zuzendaritza nagusi bat sortuz, lanbide heziketa lehenetsi dela. Euskararen atalean, berriz, Sarean Euskaraz-en hirugarren edizioan 500 ikasle inguruk parte hartu dutela azaldu du.
Gizarte eskubideetan, berriz, 5,2 milioi handitu dira gazteak, iraupen luzeko langabeak eta autonomoak lan munduratzeko baliabideak. Halaber, nabarmendu du ikerketa eta garapenerako proiektuak babesteko 29 milioiko laguntza deialdia onartu dela, edo aurrekoaren ildotik 2020-2023rako espezializazio adimentsuko plan berria garatzen ari direla. Iragan astean, AIref erakundeak kaleratu zuen 2020an Nafarroak finantza egonkortasunerako baldintzak beteko dituela: besteak beste, zor publikoa BPGaren %1,7 apaltzea aurreikusten du Airefek. «Toki onean gaude beste urrats bat egiteko», azaldu du Txibitek datu horien inguruan.