Lau urterako bide orria, prest

«Eskumenak osorik» garatzeko eta Foru Hobekuntzaren berritzea bultzatzeko konpromisoa hartu dute PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Desadostasun batzuk jaso dituzte, baina ez AHTa

Lau alderdietako ordezkariak, atzo, pozarren, bileratik atera ondoren. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Oraindik gobernuaren osaera zehaztea falta da, eta sanferminen ondorengorako utzi dute atal garrantzitsu hori. Hala ere, gaur eguerdian suziria lehertzen denerako, korapilo nagusietako bat askatua utzi dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Izan ere, atzo hitzartu zuten akordio programatikoa lau alderdiek. Alderdi bakoitzeko barne organoek edukia berretsi zain, hurrengo lau urteetarako bide orria prest utzi dute. Negoziazioen hasieran PSNk aurkeztutako 40 orrialdeko agiriari, gainerakoen ekarpenekin zein lortutako adostasunekin, beste 33 orrialde gehitu zaizkio, azken dokumentua osatu arte. Konpromisoez gain, barne funtzionamendua ere zehaztu dute.

AUTOGOBERNUA

Lau alderdiek Foru Hobekuntzan jasotako «eskumen guztiak osorik garatzeko» prest azaldu dira—Gizarte Segurantzaren kasuan, ez dira ados jarri—. Iaz, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa hitzartu ondotik, oraindik airean dago, eta prozesu hori burutzeko asmoa dute. Halaber, «urtebeteko epean», ikerketa zientifiko eta teknikoaren zein espetxe osasunaren eskumenak bereganatzen saiatuko dira.

Bestetik, Hitzarmen Ekonomikoa aldatzeko eta 2020tik 2024rako ekarpena berritzeko konpromisoa hartu dute, estatuarekin hitzartu beharreko zergen atalean «autonomia gehiago» irabazi asmoz eta zerga berriak ezartzeko ahalmena bermatu asmoz.

Mariano Rajoyren agintaldiaz geroztik Madrilgo exekutiboek makina bat foru legeren aurka egin dutenez, lankidetza batzordea osatu nahi dute Espainiako Gobernuarekin. Egun Konstituzionalera heldu diren helegiteei irtenbide politikoa eman nahi diete. Parlamentuan, Foru Hobekuntza berritzeko batzorde berezi bat osatzeko aukera ere jaso dute. Aurreko legealdiaren ildotik, Akitaniaren eta EAEren arteko euroeskualdea «indartu» nahi dute. Gainera, «bultzatuko» dute Foru Ogasuneko ordezkariak Ekofinen parte har dezatela, «estatuko ordezkaritzaren barruan».

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Parlamentuan, «zoru etiko komun eta bateratu bat finkatuko duen agiria onartzea bilatuko dute. Jatorri politikoko indarkeria orori zilegitasun oro kentzeko balioko du». Iragan hurbileko indarkeriaren kasuan, «ETAren eta beste erakunde terroristen biktimak» babestuko dituzte. Balioetan oinarritutako hezkuntza sustatuko dute, eta urratsak egingo dituzte «indarkeria terroristaren ondorioei buruzko kontakizun ez baztergarri baten alde». 2011ko Terrorismoaren Biktimen Legea aldatzea bilatuko dute, «akordio politiko zabal baten bidez, biktimen elkarteekin batera». Motibazio politikoko biktimen legea ere «garatuko eta ezarriko dute». Torturaren kasuan, Istanbuleko protokoloa zein Giza Eskubiden Europako Batzordearen irizpideak ezartzea bultzatuko dute. Halaber, Memoriaren Institutua ezarriko dute Rozalejoko Markesaren jauregian, Maravillas gaztetxea zegoen tokian.

HIZKUNTZ POLITIKA

«Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren eta idiosinkrasiaren isla izango den akordio politiko eta sozial zabala» bultzatuko dute, euskara «eztabaida alderdikoietatik eta konfrontaziotik aldenduz eta bazterketa sentimenduak alboratuz». Irizpide gisa aipatu dute herritarren beharrei erantzutea eta, hizkuntzekiko elkarbizitzan, askatasuna ahalbidetzea. «Kontsentsuko araudi» izaten jarraituko du 1986ko euskararen legeak, baina hura aldatzeko aukera aipatu dute, beti ere aurretik aipatutako irizpideak betez. Euskararen erabileraren inguruko araudiak «aztertzeko eta, dagokionean, egokitzeko» aukera ere jaso dute. Urtebeteko epea eman diote gobernuari funtzio publikoan euskararen erabileraren inguruko egungo araudiaren funtzionamendua aztertzeko. Arau horiengatik egun abian diren helegiteen aurrean epaitegiek hartuko dituzten erabakiak errespetatuko dituzte.

HEZKUNTZA

Hezkuntzaren aldeko «itun poltiko eta soziala» bultzatuko dute. Halaber, hezkuntzarako zein beketarako baliabideak «apurka igotzeko» asmoa dute, Europako batez bestekora heldu asmoz; BPGaren %5era, alegia. Lomce legearen indargabetzea sustatuko dute. Hezkuntza sistemaren ardatz gisa hartu dute eskola publikoa. Itunpeko ikastetxeetan ez dituzte unitateak igoko, eta murriztu egingo dituzte «nahikoa eskaririk ez dagoenean». Skolae programa «baliabide publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietan» ezarriko dute. Halaber, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeekin «hitzarmena eragozteko neurriak hartuko dituzte». Ezkerrak proposatu du ikasleak ez bereiztea hizkuntza ereduaren arabera, eta Geroa Bai aurka azaldu da.

BERDINTASUNA

2019ko legea garatzeko asmoa dute, «beharrezko baliabide guztiak jarriz». Komunikabideetan genero berdintasunaren inguruko praktika onen kode bat ezartzea bultzatuko dute. Lan arloan, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalak kentzea sustatu nahi dute, eta emakumeen artean handiago den langabeziaren aurkako neurriak hartu. 45 urtetik gorako emakumeen kasuan, «programa zehatzak» garatuko dituzte. Enpresa guztietan berdintasuna sustatzen jarraituko dute. Zeregin horretan, azterketa eta berdintasun planak «funtsezkotzat» jo dituzte. Indarkeria matxistaren kasuan, 2015eko legearen jarraipen bat egingo dute emakume elkarte eta talde feministekin batera. Biktimen arreta osorako neurrietan aurrera egin nahi dute, eta arreta psikologikorako baliabideak handitu.

GIZARTE POLITIKA

Aurreko legealdiaren bidetik jarraituko dute. Errenta bermatuaren eredua «sendotuko» dute. Onuradunek lana bilatzea erraztu asmoz, kenkariak aurreikusi dituzte errenta zergan. Mendekotasunaren arloan, besteak beste, diru laguntzak eta zerbitzuak bermatu nahi dituzte, «gorabehera ekonomikoen gainetik». Halaber, berriki aurreko gobernuak onartutako ezgaitasunaren plan estrategikoa «osorik» garatu nahi dute. Nazioarteko lankidetzarako laguntzak 2023rako aurrekontuaren %0,6ra heltzea jarri dute helburu gisa.

AZPIEGITURAK

Nafarroako Ubidearen lehen fasea zabaltzeko obrak bukatzea jarri dute helburu gisa. Halaber, ura Erriberara heltzeko bigarren fasea eraikitzea jarri dute xede gisa, «herritarren, industriaren eta ureztatze sistemen benetako beharren arabera eta baliabide hidrikoen arabera». Egungo gobernuak lur azpitik joango zen hodi baten aukera aipatu zuen, baina akordioan ez dute hainbeste zehaztu.

Legealdi honetan, Manu Aierdi lehendakariordeak maiz ohartarazi du errepideakmantentzeko diru saila handitu egin behar dela, eta akordioak dio «nabarmen»igoko dela kopuru hori. «Adostasun handi bat»bilatuko dute errepideen kontserbaziorako finantzaketa nahiko bermatu asmoz. Akordioak ez du ezer aipatzen AHTari buruz, baina Maria Txibitek iragan astean ohartarazi zuen tren eredu horren aldeko «40 parlamentariko gehiengoa» dagoela (PSN, Geroa Bai eta Navarra Suma)

EKONOMIA ETA ZERGAK

Eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin dute: lurralde osoan eta industria guneetan herritarrengana zein enpresetara banda zabala hedatzeko helburua jarri dute. Legealdi honetan ezarritako espezializazio adimentsuko estrategia orokorra (S3) garatzen jarraituko dute, batik bat Nafarroako sektore nagusietan neurriak bultzatuz —hala nola, automozioa, elikagai industria, energia berriztagarriak...—.

Kudeaketa publikoari dagokioenez, baliabideen gestio «orekatu, garden eta arduratsua» lortzea jarri dute oinarri gisa. Zerga iruzurraren zein lehia desleialaren aurkako borroka «irmo» bultatuko dute. Zergei dakionez, sozietate zergaren tasa nominala «harmonizatzeko» pausoakemango dituzte. Enpresen kenkariak «berrikusiko» dituzte, baina ikerketa eta garapenaren laguntzari eutsiko diote. Ekonomia digitalari begira, «zerga berriak» ezartzeko aukeraz hitz egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.