Pastor
Darwin eta gu

Txillardegi, azoka eta greba

2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazkeneko goiz eguzkitsua Donostian. Bi neska geltokiaren aurrean daude, ibaiaren ondoan hizketan: «Sí, es un tocho de Txillardegi. Tengo los apuntes. Los aditzas y todo lo demás». Horrela segitu dute, erdaraz, noizean behin euskarazko hitzen bat tartekatuz. Haien adinari eta mintzagai duten aferari erreparatu eta unibertsitatean ikasten ari direla pentsa liteke. Euskal Filologia, agian? Hala ere, erdaraz ari dira. Interes filologiko hutsa dute. Euskal Herrian Filologia Ingelesa ikasten duten lagunek ingelesez egiten diote elkarri? Ez. Zergatik egin behar dute euskaraz Euskal Filologian matrikulatu direnek?

Hala bada, zer sentituko dute Euskal Filologiako irakasleek gazteak gelan espainieraz egiten entzuten dituztenean? Euskaraz ikasten eta erdaraz mintzo. EHUko fakultate guztietan, ez soilik Filologian. Autobusean doazen ikasle ugari halaxe ari dira. «No he entendido lo del metabolismo. Muy nahasia». «Has terminado la elkarrizketa?». Lehen izaten ez zena gero eta ohikoago dugu egun. Edonon. Erdaraz gustura asko ari diren ikasle horietako batzuk Durangon izango dira asteburu honetan. Erdaraz jardungo dute bertan? Azokan euskaraz eskatu, baina haien artean erdaraz segituko dute? Txillardegiren libururen bat erosiko dute, salgai badago? Euskal gramatika? Euskara batua zertan den? Leturiaren egunkari ezkutua?

Euskaldunon aberria euskara dela esan zigun Txillardegik. Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetako bat izan zen. Zenbat lan, zenbat kanpaina, zenbat isun eta jazarpen, frankismoa teorikoki amaitu berritan. Nola gaude egun? Beste aro batean bizi gara. Euskararen ezagutza inoiz baino handiagoa da, baina erabilera... Bai, euskarak mendeko eta zapaldurik segitzen du legez eta fedez —epaile zipaioak etengabe hartzen ari diren erabakiak ditugu adibide—. Alta, zer gertatu da gero eta gazte euskaldun gehiagok erdarara jotzeko? Morales tenientea dute ondoan, pistola eskuan mehatxuka?

Euskara karteletan, erdara ezpainetan. Euskaraz irakasten den geletan sar eta adi ezazu ondo. Hortxe duzu froga. Asteazkenean bertan, abenduaren 3an: aretoetan, euskara aldarrikatzeko eguna. Geletan, erdarazko eguneroko jarduna. «Me han invitado a una boda». «Sí? Yo estuve en una hace poco». EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irrati maratoia egin dute. Euskaraz. Saioa antolatu duten bi ikasle euskaldun erdaraz ari dira barra-barra. Urkoren kantaren ifrentzua: Guk erdaraz, zuk zergatik ez? Halaxe. Bai, haiek etxean zein kalean duten inguru soziolinguistikoak berebiziko eragina du. Horixe argudiatzen da beti, baina ez da faktore bakarra. Badira erdal giroan eta garai latzagoetan bizi arren euskara ikasi eta euskarari eutsi diotenak. Neuk, lerro hauek idazten ari naizen honek, badakit horren berri. Orduan?

Datorren astean hezkuntza sistema euskalduna eskatzeko grebarako deia egin dute ikasleek. Bikain, gure unibertsitate publikoetan ez baitago oso-osorik bermatuta euskaraz ikasteko eskubidea. Alabaina, aktiboki edo pasiboki protestarekin bat egingo duten gazteetako zenbatek egiten dute euskaraz haien artean? Hobe genuke euskaraz ikasten ari diren ikasle guztiek euskaraz jardungo balute. Hobe genuke euskaraz irakasten ari diren irakasle guztiek ere euskaraz egingo balute.

Udazkeneko goiz eguzkitsua UEMAn dagoen herrian. Aldapan gora doaz neska-mutilak, euskara hutsezko ikastetxera. Taldetxo bat, beste bat, hirugarren bat, bestea... Euskaraz bat baino ez, hiru neska nerabek osatua. Morales tenientearen arrastorik ez ondoan. Pizkundea beharrezkoa da, horixe, baina ezer gutxi balioko du euskal komunitateko kide berriak besoak zabalik hartzeak guk hizkuntza bazter uzten badugu. Eta euskarak enpatia eta buenrollismoa ez ezik, militantzia ere beharko balu oraindik? Militantzia. Kontzeptu astuna, antzinako batailen oihartzuna, esango dute. Espainieraz edo frantsesez egiten dugunean ez gara, ba, Erdal Herriaren alde militatzen ari?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.