Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k euskararen normalizazioa helburutzat hartuta egindako ekarpena landu dute gaur, Donostian, jardunaldi batzuetan, eta parte hartzaileek ondorioztatu dute haren ideiek bizi-bizirik dirautela eta etorkizunerako erregaia direla. Batzen koordinakundeak eta Kontseiluak antolatu dituzte jardunaldiak. Urtarrilaren 14an hil zen Txillardegi euskaltzale, hizkuntzalari, politikari eta idazlea, Donostian, 82 urte zituela.
Jexux Arrizabalaga Batzen-eko kideak Txillardegik hainbat eremutan egindako ekarpena azpimarratu du, eta merezi duen omenaldi nagusia noizbait antolatu beharko dela iradoki du.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esku hartzerik gabeko hizkuntz politika eta euskararentzako estatus egokia —berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa— aldarrikatu ditu, eta adierazi du horrek guztiak Txillardegiren ekarpenak dituela oinarri.
Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunaren arabera, “euskalduna oso leiala da bere hizkuntzarekin, ahal duenean euskaraz egiten du eta, ondorioz, erabilera mugatuaren arrazoiak beste nonbait topatu behar dira. Alegia, Txillardegik ‘erdal elebakarraren diktadura’ bezala definitu duen horretan, euskaraz ari ahal izateko espazioak euskalduntzen administrazioek egindako lan eskasean eta, orokorrean, azken hiru hamarkadotan garatu diren hizkuntz politika okerretan”.
Txillardegi institutua sortzeko proposamena
Imanol Esnaolak BAT soziolinguistika aldizkarian Txillardegirekin garatutako elkarlanetik abiatuz, glotopolitika alorrean hark egindako ekarpenak ekarri ditu gogora. Esnaolaren ustez, oso bizirik dauden ideiak dira eta “jada ez dago haren ekarpenetik ihes egiterik, etorkizunerako erregai oparoa dira eta aurrerantzean baliatu behar dugu”. Glotopolitika eremuan sakontzeko Txillardegi institutua sortzea proposatu du.
Xabier Isasi unibertsitateko irakasleak haren analisirako gaitasuna azpimarratu du eta, besteak beste, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko harremana azaltzeko hark proposatutako eredu matematikoari buruz aritu da.
Urko Aiartza abokatuak gaurko omenduak Euskal Herriari egindako ekarpena nabarmendu du. “Herrien historian beren biziraupenean gakoak diren pertsonaiak izaten dira eta, ez badaude, herri horiek hil egiten dira. Txillardegi pertsona horietako bat izan da Euskal Herriarentzat”. Euskararen normalizaziorako eredugarriak izan daitezkeen munduko esperientziak aztertzen Txillardegik egindako ahaleginaz aritu da Aiartza, eta azterketa horretatik atera zuen ondorio nagusia azpimarratu du: “Hizkuntza berreskuratzeko botere politikoa ezinbestekoa da, baina boterea izateak soilik ez du hizkuntzaren berreskurapena bermatzen”.
Bagera Donostiako euskara elkarteko kide Dani Goñik esan du euskalgintzak, zerbitzu emaile izatetik, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eragile izatera pasatu behar duela, “hori izango baita euskarari estatus egokia bermatzeko biderik eraginkorrena”.
Aditua ez ezik, aritua ere bai
Unai Larreategi EHEko kideak 'Txillardegi aritua' ere aldarrikatu du. "Txillardegi hainbat eremutan aditua zen, baina aritua ere bai; aktibista zen, euskararen aktibista eta horrela ulertu behar da, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen sortzaile eta militante izatea”.
Jardunaldiaen antolatzaileek Txillardegiren senideei opari bat eman diete bukaeran.