Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostiako euskalgintza biltzen duen Batzen elkarteak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta haren lana gogora ekartzeko jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur. Maiatzaren 12an izango dira, larunbatarekin, Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan.
Jardunaldien hastapenean Iñaki Lasa Kontseiluko kideak Txillardegik euskararen normalizazio prozesuari egindako ekarpen nagusiaz hitz egingo du, eta, horren ondotik, Imanol Esnaolak glotopolitikan egindako ekarpenak ekarriko ditu gogora.
Xabier Isasi Txillardegik hizkuntzen erabilera aztertzeko proposatu zuen eredu matematikoaz ariko da, eta Urko Aiartzak beste hizkuntza batzuen normalizazio prozesuen gainean idatzi zituenak laburbilduko ditu. Jardunaldien amaieran, EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko Unai Larreategik eta Bagera-ko Dani Goñik ere hitzaldia emango dute, euskalgintzak euskararen normalizazio prozesuan izan beharko lukeen rolaren inguruan.
Euskararen normalizazioari Txillardegik egindako ekarpena "handia" izan dela azpimarratu dute gaur egindako agerraldian. Horregatik euskalgintza harekin "zorretan" dagoela azaldu dute.
Jardunaldietan parte hartzeko honako bide hauetatik eman daiteke izena: telefonoz 943-59 12 00 edo 0559-59 49 48 zenbakietara deituta edo [email protected] helbidera idatzita.