Auzo zaharra da Txomiñenea. Auzo berria da Txomiñenea. Donostiako auzo zaharraren gainean eraiki eta hedatu dute berria. Ez da geratzen auzo zaharraren arrastorik ia. Denak dira eraikin berrituak edo berriak. Eraikin zahar apurrei aurrealdea berritu diete. Eraikin berriak zuri-beltzak dira, guztiak itxura berekoak. Egungo eraikuntza enpresek, lekua edozein dela ere, kopiatuetaitsatsi moduan egiten dituzten horietakoak. Balkoien lerro luzeak, altzairu eta kristalezkoak. Dena aratz, dena marra zuzen. Tarteka, jendea bizi dela erakusten duten elementuak: Palestinako bandera mordoxka bat, Realekoren bat eta Olentzero bat balkoitik zintzilik.
Loiola eta Martutene auzoen artean dago. Espainiako armadaren kuartela du mutur batean; espetxea bestean. Urumea ibaiak hesitzen du alde batean; errepideak eta trenbideak bestean.
Loiola auzoaren zatitzat hartu izan da. «Hala ere, Txomiñeneak izaera independentea izan du Loiolarekiko eta Martutenerekiko», argitu nahi izan du Jesus Alcaldek. «Nortasun propioa dugu». Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteko presidentea da.
«Batzuk lotara bakarrik etortzen dira. Autoa hartu, lanera joan, lanetik bueltan berriro aparkalekura sartu, igogailua hartu, eta etxera bueltatzen dira»
JESUS ALCALDE Lanberri auzo elkarteko presidentea
Inma Manterola Zarauztik iritsi zen Txomiñeneko etxe berrietara. Ez zuen auzoaren berririk: «Banekien Martutene eta Loiola zeudela, eta niretzat hau Loiolaren parte zen». Lanberrri elkarteko diruzaina da.
Alcalde betidanik bizi izan da Txomiñenean. Gogoan du lehengo auzoa: «Txikia, baina oso batua». Gaur egungoa beste zerbait da, handiagoa, lehengoa halako lau: «Lehen, 700 bat bizilagun ginen; orain, 2.800; eta hilabete gutxiren buruan, 300-400 gehiago, hiru mila inguru». «Lehen udalak esan zezakeen auzo txikia ginela, baina orain ez», gehitu du Manterolak.
Urte batzuk barru, gainera, Txomiñeneak ez du espetxerik eta kuartelik izango auzoaren bi muturretan. Biak eraitsi, eta etxeak egingo dituzte: 400 kartzelaren orubean, eta 1.700 kuartelaren lurretan.

Eraikin berriak, bizilagun berriak, bizimodu berriak, giro berria. «Jendeak lo auzo gisa erabiltzen du», Manterolaren arabera. «Hemen bizi diren lagun asko ditut, eta esaten didate ez direla auzora jaisten, bizitza hemendik kanpo egiten dutela». Alcaldek azaldu du: «Batzuk lotara bakarrik etortzen dira. Eraikin berri guztiek aparkalekuak dituzte azpian. Autoa hartu, lanera joan, lanetik bueltan berriro aparkalekura sartu, igogailua hartu, eta etxera bueltatzen dira». Alcalde asko ibiltzen da aurrera eta atzera auzoan. Tarteka, bizilagun batzuek esaten diote bertan bizi direla duela lau edo bost urtetik: «Nik ez ditut ezagutzen».
Osasun etxe txikia
Nestor Jauregi da auzoan bizitzarik egiten ez duten bizilagun horietako bat. Duela bost urtetik bizi da Txomiñenean. Farmaziara doa. «Auzo guztiz hutsa da, ez dago oinarrizko zerbitzurik», haren iritziz. «Auzoko bizitza terrazetan esertzea da».
Txomiñenea. Eraikin berriak, auzo berria... baina arazo eta gabezia zaharrak. «Duela 30 urteko azpiegiturak ditugu», laburbildu du egoera esaldi bakarrean Alcaldek. Hirietako auzoak herri askoren parekoak edo handiagoak dira, baina sarritan ez dituzte oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak.
«Atentzioa ematen du. Sarritan egoten da zaborra jaso gabe, edukiontziak gainezka, kaleak zikinak... Guk ere ordaintzen ditugu zergak»
INMA MANTEROLA Lanberri auzo elkarteko diruzaina
Osasun etxe berri bat da Txomiñeneko eskaera nagusia. Osasun etxea egon badago: eraikin baten behealde bat baino ez. Loiolako, Martuteneko eta Txomiñeneko bizilagunak artatzen ditu. Zerbitzuaren neurria definitzeko, «hiru ate eta hiru pertsona dira», esan du Xabier Guerrerok. Alabarekin jolasten ari da parkean. Duela zortzi urtetik bizi da bertan. «Ume asko daude auzoan, batzuetan pediatra falta da, eta hitzorduak egun batzuk geroago ematen dituzte».
Eusko Jaurlaritzak badu osasun etxe berria egiteko proiektua. Osasun etxe handia, lau solairukoa. 2027 amaieran edo 2028 hasieran zabalduko dute. Bitartean —eta aurreko urte guztietan—, osasun etxe zaharrarekin moldatu beharko dute.
Osasun etxe berriak iskanbila eragin du. Auzotarrek nahi dute, baina erakundeek auzoko plaza nagusian egingo dute, Arteleku plazan, gaur egun saskibaloi kantxa bat dagoen lekuan. Auzotarrek auzoaren sarreran egitea nahi zuten, hiruki formako lur zati batean.

Erabakiaz kexu da Koro Berroeta. «Plaza hau egiteko behar izan den denborarekin eta diruarekin... orain osasun etxea bertan egingo dute», esan du, esku batean makuluari eta bestean txakurraren uhalari heltzen dien bitartean. «Esaten dute osasun etxearen eraikina ez dela sartzen auzoaren sarrerako hirukian; ez dakidana da gu osasun etxean sartuko garen, inguruan oraindik etxe pila bat egin behar dituztelako, bertan jende pila bat biziko delako eta guztiak hona etorriko direlako».
Auzoaren sarrerako lurzorua libre dagoela ikusita, auzoko arkitekto batek bertan kultur etxea egiteko proiektua aurkeztu dio udalari.
«[Osasun etxea] hiru ate eta hiru pertsona dira. Ume asko daude auzoan, batzuetan pediatra falta da, eta hitzorduak egun batzuk geroago ematen dituzte»
XABIER GUERRERO Txomiñeneko bizilaguna
Arteleku plaza da auzoaren bihotza, topalekua. Bitxia da: arte garaikideari eskainitako zentro garrantzitsua izan zen Arteleku. Txomiñenean zegoen. Bota egin zuten. Orain auzoak ez du oinarrizko kultur azpiegiturarik.
Auzoan bada erabilera asko izan ditzakeen eraikin huts bat: Kristobaldegi komentua. Bizilagunek mila sinadura baino gehiago bildu zituzten udalari eskatzeko eraikina eros zezala, auzotarrei zerbitzuak eskaintzeko. «Mojen lehentasuna horixe zen», zehaztu du Alcaldek. Udalak, baina, herritarrei erantzun zien komentua uholdeek har dezaketen eremu batean dagoela, eta ez du erosiko.
Parkeak eta tabernak topaleku
Kultur etxerik ez, kiroldegirik ez... Parkeak eta tabernak dira sozializaziorako gune nagusiak. «Baina jende guztiari ez zaio gustatzen tabernetara joatea», adierazi du Manterolak.
Ivan Garcia tabernaria da. Duela bi urte arrebak El Rincon de Txomin tabernaren ardura hartu zuen, eta Garciak lagundu egiten dio. Euriak bustitako mahaiak eta aulkiak lehortzen ari da. «Gustura gaude», dio. «Haur asko daude, parkea tabernaren ondoan dago, gurasoek haurrak bertatik zaindu ditzakete». Onartu du bizilagun asko ez direla auzoan ibiltzen.

Haurrak badaude, haur eskolarik ez. Alcaldek gogoratu du bazegoela Txomiñenean haur eskola bat egiteko asmoa, baina ez dute egin. «Haur eskola bat baldin baduzu, haurrak eta gurasoak auzoan geratzen dira; baina umea auzotik kanpoko haur eskola batera eraman behar baldin badute, eskola bukatutakoan han geratzen dira, eta handik zuzenean etxera joaten dira», azaldu du.
Txomiñenean badaude tabernak, kafetegi-okindegiak, dentista, farmazia, masajista, ileapaindegia, motor denda, etxe agentzia —erakusleihoan ez du auzoko etxerik eskaintzen—, garbitegia, hotel itxurako bi pentsio, etxe turistikoak, supermerkatu bat...
Asko dira, ordea, falta direnak. Eraikin berrien behealde asko hutsik daude. Kutxazain automatikoa aipatu dute guztiek. Gutxienez Loiolaraino joan behar dute dirua ateratzera. Harategia eta arrandegia, gehitu ditu Manterolak. Tabako denda, Garciak. Supermerkatu handiagoa eta osatuagoa gehienek.
«Ez dakidana da gu osasun etxe berrian sartuko garen, inguruan oraindik etxe pila bat egin behar dituztelako, bertan jende pila bat biziko delako eta guztiak hona etorriko direlako»
KORO BERROETA Txomiñeneko bizilaguna
Rosa Azkarate «poz-pozik» bizi da auzoan. Sei urte daramatza bertan. Paseatzeko «zoragarria» dela nabarmendu du. Txakurrarekin atera da kalera. «Baina ez dago ezer, tabernak baino ez daude», onartu du. «Ez dut ulertzen zergatik ez dagoen zerbitzu eta negozio gehiago. Esaten digute ez dutela negoziorik zabaldu nahi». Amarako kiroldegira joaten da kirola egitera.
Alcaldek eta Manterolak uste dute udalak ahaztuta daukala Txomiñenea. Bai azpiegiturei dagokienez, bai zerbitzuei dagokienez. Garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak aipatu ditu Manterolak: «Atentzioa ematen du. Sarritan egoten da zaborra jaso gabe, edukiontziak gainezka, kaleak zikinak... Guk ere ordaintzen ditugu zergak».
Badira garraio zerbitzu publikoari buruzko kexak. Autobus zerbitzuak kendu dizkietela salatu dute Berroetak, Manterolak eta Alcaldek. Gero eta denbora tarte handiagoa dagoela autobusen artean. «Metroa ez zaigu inoiz iritsiko, eta Topoa kilometro eta erdira daukagu», kexu da Alcalde. «Hiriaren kanpoko auzoa gara, eta, gainera, autobusak kentzen dizkigute».

Lanberri auzo elkartea saiatzen da auzoari bizia ematen. Manterolak zerrendatu ditu urtean zehar egiten dituzten ekintzak: danborrada, kaldereroak, festak —irailean—, Gau Beltza, Olentzero eta Mari Domingi, santomasak, irteerak, tailerrak, haur txokoa, udalekuak... Ez dira bazkide asko. 60, ia hiru mila biztanleko auzo batean.
Badago euskara sustatzeko eta biziberritzeko elkarte bat ere: Behin Batean Txomiñeneko Euskaltzaleen Elkartea. Behin batean auzoa euskalduna baitzen. Gero, auzoaren eta inguruaren hazkundearekin, gaztelania nagusitu zen.
'Eko' eta 'smart' auzoa
Auzoan bada etxea ez den eraikin bat. Lurruna ateratzen da bertako tximinietatik. District Heating jartzen du eraikinean. Bertatik banatzen dute auzoko berogailuetarako eta iturrietarako ur beroa. Biomasa —egur ezpalak— erretzen dute horretarako. Udalak egin zuen azpiegitura, baina aldi baterako enpresa elkarte bati eman dio zerbitzuaren ardura, hamabost urterako.
Udal agintariek esan zuten sistema iraultzailea eta ekologikoa zela, eta bizilagunek dirua aurreztuko zutela. Urteotan, baina, bizilagunek salatu dute haien energia faktura garestiagoa dela eta energiaren parte handi bat eta ura galtzen dela.
Berokuntza sistema zentralizatuarekin batera, agintariek bi aurrizki gehitu zizkioten auzoaren izenari eta izaerari: eko eta smart (adimenduna). Gaiak irribarrea eragin die Alcalderi eta Manterolari. «Niri hala saldu zidaten», gogoratu du Manterolak. «Propaganda egin zuten», azaldu du auzo elkarteko presidenteak. «Pentsa, auzo osoan ez dago auto elektrikoak kargatzeko gunerik...».
Gabonetako jaiegunen arteko astegun bat da. Ez jaiegun ez lanegun diruditen horietakoa. Jende dezente dabil Urumea ibaiaren ondoan egin zuten parkean paseatzen. Bakarrik edo txakurrekin. Xabier Guerrerok alabari adi jarraitzen du parkean. Haren familia gustura bizi da Txomiñenean. «Hori bai», gehitu nahi izan du, «bukatu gabe dagoen auzo bat dirudi».
«uholdeen Arazoa konpondu da»
Txomiñeneko bizilagun asko larritu egiten ziren ohi baino euri gehiago egiten zuenean, halakoetan Urumeak gainezka egiten zuelako eta urak haien lokalak, garajeak eta etxeak hartzen zituelako, euritea joan, euritea etorri. Orain, ordea, neurri handi batean uholdeen beldurrik gabe bizi dira. Auzoko etxe zaharrak bota egin zituzten, haien hondakinekin betelana egin, eta etxe berriak zaharrak baino hiru metro eta erdi gorago hasi zituzten. Ibai parke bat ere egin zuten Urumearen erriberan, herritarrak ibaira hurbiltzeko eta, uholdeak izanez gero, aurrena parkea hartzeko.
«Uholdeen arazoa konpondu da», baieztatu du Alcaldek. Ura sartu zitzaion etxera 2011n, azken urteetako uholderik handienean. Auzo berria egiteko bota zituzten etxeetako bat izan zen harena. Auzo berria egiteko lanek iraun zuten sei urteetan, Morlansen bizi izan zen, Txomiñene berrian hitzartutako etxea eman zioten arte.
Urak ez zuen harrapatzen Koro Berroetaren etxea, baina azken urteetako uholde guztiak ezagutu ditu: 1960ko hamarkadatik bizi da auzoan. «Orain jendea lasaiago bizi da», baieztatu du. Asko gustatzen zaio ibai parkea.