«Eta bihotzetikan/ eskatu ezkero/ arbola biziko da/ orain eta gero». Aurten 170 urte bete ditu Gernikako arbola abestiak, eta, urteurrenaren harira, hainbat euskaltzalek Euskal Ereserkiaren I. Batzarra egin zuten joan den asteburuan, Urretxun (Gipuzkoa). Eskatu zuten Jose Maria Iparragirrek konposatutakoa izendatzeko Euskal Herriko himno, eztabaida oraindik amaitu ez bada ere. Horregatik, BERRIAk bere irakurleengana jo du, eta hauxe galdetu: zein izan beharko litzateke euskal ereserkia?
Hiru abesti zituen BERRIAk aste honen hasieran, sare sozialen bidez: Gernikako arbola, Gora ta gora eta Txoriak txori. Guztira, 2.000 lagunek baino gehiagok bozkatu dute, eta erdiek baino gehiagok egin dute Joxean Artzeren alde; %55ek, hain zuzen. X, Telegram eta Instagram bidez zabaldu du BERRIAk inkesta; denetan nagusitu da Txoriak txori. Bigarren geratu da Gernikako arbola, botoen %23 lortuta. Ia hamarretik batek aukeratu du Gora ta gora, eta beste horrenbestek uste dute hiru horiek ez besteren bat izan beharko litzatekeela euskal ereserkia.
Xn mila boto baino gehiago izan dira, eta begi bistakoa da botoen banaketa:
Zein izan beharko litzateke euskal ereserkia? Igandean eskatu zuten 'Gernikako arbola' ereserki izendatzeko, baina badira beste aukera batzuk.https://t.co/Nb7TDEjCrZ
— Berria.eus (@berria) November 28, 2023
Zer deritzozu zeuk? Bozkatu hemen, edo proposatu ereserki bat erantzunetan.
BERRIAren Telegrameko kanalean ere dezentek eman zuten botoa, 724k; hor ere, erdiek behintzat uste dute Txoriak txori dela aukerarik aproposena. Gernikako arbola edo Gora ta gora baino, botoa eman zutenek nahiago dute beste abestiren bat euskal ereserkitzat: %27k.

Instagramen 242k bozkatu zuten, eta ia bi herenek aukeratu zuten Txoriak txori; ia laurdenak, Gernikako arbola; eta hamarretik batek, Gora ta gora.
Hiru abesti horiez gain, aukera ere bazegoen norberak bere proposamenak egiteko, Xn edo Instagramen iruzkinak idatzita. 34 pertsona animatu ziren: gehien agertu den abestia Ikusi Mendizaleak izan da; bederatzik idatzi zuten. Mikel Laboak jarri zion doinua Txoriak txori abestiari, baina haren beste abesti batzuk ere proposatu dituzte zenbaitek: Martxa baten lehen notak eta Izarren hautsa. Hona hemen gainontzekoak: Eusko gudariak; Txanton Piperri; Ama Euskadi; Lepoan hartu ta segi aurrera; Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean; Galdurikan nago; Amaren besoetan; Sarri, sarri; Agur, jaunak; Kupela; Nafarroaren ereserkia; Bizitzaren iturria; Jo ta ke...