Zubietako plantaren proiektu ofizialaren arabera, errauste plantak 0,005 puntuko aldearekin gaindituko du Europako Batasunak hondakinen kudeaketa energia aldetik eraginkorra izateko jarritako indizea. 2009tik aurrera martxan dauden plantei gutxienez 0,65eko mugara heltzeko eskatzen die Europako Batasunak, horiek «energetikoki eraginkorrak» izatera irits daitezen. Zubietako plantaren proiektu teknikoarenarabera, 0,6552 puntu izango ditu errauste plantak. Alta, datu hori ezbaian jarri du EHUko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko irakasle Gorka Buenok.
Energia eraginkortasuna neurtzeko, R1 izeneko formula aplikatzen du Europako Batasunak. Ekoiztutako argindarra, beroa eta erabilitako energia ditu kontuan, besteak beste, formula horrek. Zubietako errauste plantak proiektuan eginiko kalkulua gaizki dagoela nabaritu du, ordea, Buenok. Idatzi duen txostenean, antzeman du formula horretan gehitu beharreko hainbat datu ez dituztela aintzat hartu. Besteak beste, erregai osagarrien gastua hutsa dela dio proiektuak, eta Buenok kontuan izan du datu hori. Hala, R1 formularen emaitza 0,6527 da, irakaslearen arabera; gutxieneko neurria baino 0,0027 gehiago. Gainera, arrazoi ugariren ondorioz, erregailu osagarri horien erabilerak gora egin dezakeela uste du Buenok, eta beraz, Europako Batasunak ezarritako mugaren azpitik egoteko arrisku handia dagoela iritzi dio.
2008an, indarrean sartu zen Europako Batasuneko hondakinen gaineko 2008/98/CE zuzentaraua, eta 2010eko abenduaren 12a baino lehenago zen txertatzekoa Espainiako legedian. Oraindik araudia indarrean ez bada ere, energia eraginkortasunaren aldetik aurrerapenak eragin ditu jada; izan ere, lehen eskatzen ez zitzaizkien baldintzakgaldegiten zaizkie orain errauste plantei. Baldintza berrietako bat da errauste plantak energia aldetik eraginkorrak izatea, eta R1 formularen erabileraezartzen du hori neurtzeko.
Zuzentarauak bost maila bereizten ditu hondakinen kudeaketan: prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea, balorizazioa eta desegitea edo erretzea. Zuzentarauaren bidez, errauste plantei balorizazioaren mailan egoteko eskatzen zaie, eta horretarako, R1 formularen arabera 0,65eko emaitza lortu behar dute gutxienez. Emaitza horretara ailegatzen ez diren plantek, energia balorizazioa egiten dutenen multzoan ez dituzten sartzen; hondakinak desegin baino ez dituzte egiten.
Kanpo zaborra jasotzeko ate
2006an 420 errauste plantaren energia eraginkortasuna neurtu zituzten, eta horietatik 252k ez zuten gutxieneko emaitza erdietsi. Europako Batasuneko planten %40k lortu zuten R1 maila.
Zergatik da garrantzitsua, beraz, R1 maila izatea? Kasu horietan baimenduta dagoelako atzerriko zaborra jasotzea.Hondakinak balioztatzeko erabiliko badira onartzen da beti ere; soilik erretzeko bada, ez. Maila hori erdiesten duten plantei erraztasun gehiago ematenzaizkie kanpoko hondakinak jasotzeko.
Buenoren arabera, argindarra ekoizteaz gain, behar-beharrezkoa da beroa baliatzea, 0,65eko muga errazago gainditu eta R1 maila eskuratzeko. Txostenean dioenez, argindarra ekoiztu eta beroa baliatzen duten plantek emaitza nabarmen hobeak dituzte, soilik argindarra ekoizten dutenekin alderatuz gero.
Hala ere, hori egin ahal izateko, hiru baldintza bete behar direla dio Buenok. Batetik, beroa banatzeko azpiegiturak izatea. Azpiegitura horiek ohikoak dira Europa iparraldean, baina ez hainbeste hegoaldean. Bestetik, beharrezkoa da bero eskaera etengabea ziurtatua izatea, ezinezkoa baita hura biltzea. Azkenik, plantak hiriguneetan kokatu behar dira, bero eskaera duten guneetatik gertu. Europa iparraldean eta erdialdean nagusitzen den eredua argindarra ekoiztu eta beroa baliatzen duena dela nabarmentzen du Buenok, eta Euskal Herriko errauste plantak eredu horretatik urrun daudela iritzi dio. Horregatik, administrazioek Euskal Herriko errauste plantak eredugarriak direla diotenean, era interesatu batean egiten dutela uste du.
Adibide batekin irudikatzen du Buenok administrazioen asmo hori. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko arduradunek Paris (Frantzia) inguruko bi plantara bisita egin zuten —Issy Les Moulineaux, Parisen; eta Halluin, Lillen—, eta eredu horiek Zubietako plantarako baliagarriak zirela esan zuten. Buenok dioenez, Parisekoa hirigunean dago kokatuta, bero eskaera duten guneetatik gertu. Lillekoa, ordea, landa eremuan dago. Hala, Pariseko errauste plantak emaitza nabarmen hobeak izan zituen 2004an energia eraginkortasunari dagokionean. Pariseko plantak 105,9ko emaitza eskuratu zuen; Lillekoak, aldiz, 53,64.
Beroa, kartzelara
Buenok txostenean adierazten duenez, Zubietako errauste plantaren proiektuak aintzat hartzen du beroa baliatzeko aukera. Beroa Zubietan eraikiko duten espetxeko ura berotzeko baliatuko dute.
Buenoren arabera, ordea, bero hori ez da hondakinak balioztatzetik etorriko, gas naturala izango baita bero hori eskuratzeko erregai bakarra. Plantan bertan ezarriko duten instalazio batek sortuko du beroa, ez hondakinen balioztatzeak.Gainera, eskaera hori, oraindik orain, ez dela egiazkoa oroitarazten du Buenok, espetxea eraikitzeko lanak ez baitira hasi.
Txosten batek dudan jarri du Zubietako plantaren energia eraginkortasuna
EHUko irakasle Gorka Buenok egin du ikerketa, eta akatsak nabaritu ditu Zubietako proiektuko kalkuluetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu