Iruñeko Udalaren aurka aurkeztutako helegitea epaitegietan atzera bota izanak ez du kikildu Espainiako Gobernuko ordezkaritza, eta aurrerantzean ere berdin jarraituko duela iragarri du. Esan eta egin. Madrilgo ordezkaritzak adierazi du auzitegietan salatuko duela Lizarrako jaien hasierako txupinazoan ikurrina udaletxeko balkoian jarri izana.
Gauza bera egin zuen Atarrabiako jaietan ere, baina atzera bota dute helegitea. Epaileak bat egin du defentsaren argudioarekin, eta adierazi du ezen, ikurren legearen arabera, beste estatu edo erkidego batzuetako gonbidatuak daudenean eremu horietako bandera jar daitekeela udaletxean.
UPN, haserre
"Ikurrina inposatzeko kanpaina bat" martxan jarri izana leporatu dio UPNk EH BIlduri, eta hari "amore ematea" Uxue Barkos presidenteari. Lizarrako jaien hasieran gertatutakoari erreferentzia eginez, berriz, Nafarroako bandera "arbuiatu" izana salatu dute: "Bigarren mailan jarri zuten, ikurrinari lehentasuna emanez, eta Barkos presidenteak eta haren gobernuak ez zuten ezer egin".