atxiloketak

Uberka Bravo Askapeneko kidea libre gelditu da 50.000 euroko bermea ordainduta

Urriaren 12an atxilotu zuten, Hendaian. Askapenaren kontrako polizia operazioa irailaren 28an izan zen, "ETAren nazioarteko frontea" delakoan. Walter Wendelin, Haritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez preso dauzkate.

2010eko azaroaren 2a
16:28
Entzun
Uberka Bravo (Irun, 27 urte) Askapeneko kidea libre geratu da 50.000 euroko bermea ordainduta, Askapenak berak gaur arratsaldean jakinarazi duenez. Bravo lehengo astean Espainiaratu zuen Frantziak, euroagindu baten ondorioz. Gaur eraman dute Auzitegi Nazionalera, eta bertan libre utzi dute. Bermea ordaintzeaz gain, estero joan beharko du sinatzera.

Urriaren 12an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Hendaian. Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak irailaren 30ean eskatu zuen hura atzemateko, "Segiko kanpo harremanetarako arduradun gisa, nazioarteko taldeko kidea" dela jota.

Irailaren 28an egin zuten Askapenaren kontrako polizia operazioa, erakunde hura "ETAren nazioarteko frontea" delakoan, eta zazpi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Bost kide espetxera bidali zituen Ruz epaileak bi egun beranduago: Walter Wendelin, Haritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez. Ruben Sanchezi hamar mila euroko bermea jarri zion eta Itsaso Lekuonari bost mila eurokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.