Donostia Antitaurina Orain plataforma sinadurak biltzen aritu da aurreko hilabeteetan, hirian zezenketei buruz kontsulta egiteko. Zehazki, espazio publikoak zezenketetarako uzteari buruz egin nahi dute galdeketa: “Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?”.
Galdeketa antolatzeko, 16 urtetik gorako donostiarren %5en babesa behar da. 8.000 bat lagun. Plataformak 10.000 sinadura aurkeztu zituen udalean, eta horietatik 8.986 ontzat jo dituzte —besteek akatsen bat zutela azaldu du Duñike Agirrezabalaga Parte Hartze zinegotziak: bikoiztutako sinadurak, 16 urtez beherakoenak...—.
Behin nahiko sinadura badirela baieztatuta, kontsulta egiteko prozedura martxan jarri du udalak. Bi hilabeteko epea du deialdia egiteko, eta ordutik aurrera hiru hilabete arteko muga dago kontsulta egiteko. Agirrezabalagak azaldu duenez, ordea, epe arazo batzuk sor daitezke. Batetik, hauteskunde deialdia —Espainian gobernurik osatu ezean, ekainaren 26an izango dira bozak berriro—: “Hauteskundeetara deitu eta egin arteko tartean ezin dira egin kontsultak. Ekainean gertatzen denaren zain gaude”. Bestetik, uda garaia: “Abuztua dago erdian. Aztertzen ari gara abuztua baliogabetzat jotzea, epeak ez aurrera egiteko eta jendeak lasaitasuna izateko”.
Uda ondorenerako uztea da asmoa, beraz. “Urteko azken hiru hilekoan egin daitekeela kalkulatzen dugu”, esan du Agirrezabalagak. Horrenbestez, aurtengo Aste Nagusian zezenketak egiteko trabarik ez litzateke izango.