Udako ikastaro batzuk 'on line' eskainiko ditu AEK-k

Euskalduntzeko, azterketak prestatzeko eta familientzako barnetegiak antolatu ditu, besteak beste

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtero bezala, AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak ez du etenik izango bere jardueran udako hilabeteetan, eta hainbat ikastaro antolatu ditu uztailerako eta abuzturako, euskaltegi nahiz barnetegietan. Aurten, gainera, 3. eta C1 maila Internet bidez egiteko aukera emango du, «euskaltegira hurbiltzerik ez edota opor lekutik ari nahi dutenentzat». Ikastaro horren iraupena ehun ordukoa izango da.

Olga Landa udako ikastaroetako arduradunak adierazi du AEKren aurtengo eskaintza «zabala eta gustu guztientzakoa» izango dela. Hego Euskal Herrian bi barnetegi antolatu dituzte, Arantzan (Nafarroa) eta Foruan (Bizkaia), eta Ipar Euskal Herrian, berriz, hiru, Miarritzen (Lapurdi), Hazparnen (Lapurdi) eta Urepelen (Nafarroa Beherea). Hegoaldekoek bi aste iraungo dute, eta eskolak goizean eta arratsaldean emango dituzte. «Euskalduntze prozesuarekin jarraitzeko aproposak dira», dio Landak. Iparraldekoak, berriz, hamabi egunekoak edota astebetekoak izango dira, baina «helburu berberak» izango dituzte.

Bestelako barnetegi batzuk ere antolatu ditu AEK-k udarako. Hala, azterketak prestatzeko egonaldiak egingo dituzte Foruan, eta jarduera barnetegiak Foruan bertan eta Miarritzen. «Ikasleei galdetzen diegunean zertarako egin nahi duten barnetegia, erantzunak anitzak dira: euskara ikasten jarraitzeko, euskaraz bizitzeko, lagunak egiteko edota oporretan euskaraz aritzeko. Horietzat da barnetegia, goi mailan dauden eta azterketez paso egiten duten ikasleentzat», azaldu du Landak. Barnetegi formatu horretan eskolak egon badaude, baina mintzamenera eta arratsaldean egingo dituzten jardueretara bideratutako eskolak dira: bertsogintza, ipuingintza, kirola, sukaldaritza...

Familientzako barnetegiak ere antolatuko ditu koordinakundeak udako hilabeteetan. Guraso nahiz haurrentzat. «Urteak daramatzagu eskaintza honekin, eta gu oso pozik gaude, jakin badakigulako euskararen transmisioa eta familiak euskalduntzea ezinbesteko baldintzak direla euskararen normalizaziorako».

Aurten matrikula prezioan deskontua izango dute ikasturtean AEKn 119 ordutik gorako ikastaroak egin dituztenek eta udan barnetegi bat baino gehiago egiten dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.