Udalak, Saderren jarduera portura eramatearen kontra

Bilboko Zorrotza auzoko Sader eta Profersa lantegiak itxiko dituela iragartzearekin batera, Bilboko portuan hondakin planta egiteko egitasmoa aurkeztu du Agaleusek. Orain, hari aurkeztutako alegazioak aztertzeko garaia iritsi da.

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badirudi Sader eta Profersa enpresen jarduerak baduela iraungitze data, gaur egun kokatuta dauden lekuan behintzat. Baina ez da berehalakoan izango, eta ordezkoa zein izango den ere ez dago argi. Bilboko Zorrotza auzoan daude bi enpresak, eta azken hamarkadetan ugariak izan dira inguruko auzokideen kexak eta protestak, lantegiek sortzen dituzten kutsadura eta kiratsak direla eta. Adibidez, iazko apirilean Sader-Profersa Kanpora plataforma aurkeztu zuten Zorrotzan, eta, egun batzuk geroago, Profersak isuria izan zuen eta kezka piztu inguruko herritarren artean. Herritarrek mobilizazio ugari egin dituzte: azkena martxoaren 27an izan zen, hamazazpi erakunde eta auzo elkartek babestua.

Profersa enpresak ongarriak egiten ditu; Sader, berriz, hondakinen tratamenduan aritzen da. Enpresa bien jabe den taldeak, Agaleusek, itxi egin nahi ditu: Profersa, behin betiko, eta Sader, berriz, enpresaren jarduera Bilboko portuan eraiki nahi duen planta batera eramanda.

Asmo horren berri eman zuen Saderrek otsailean plazaratutako ohar baten bidez: «Enpresa jakitun dago hirigune batetik gertu egoteak eragozpenak sortzen dituela, eta, horregatik, hamar urte daramatza Zorrotza auzoko jarduera hori itxi nahian, leku egokiagoan kokatutako proiektu berri batera eramateko. Gaur egun, badago egitasmo bat Bilboko portuan, baimentze fasean dagoena. Aurreikusita dago azpiegitura horretan ehun behargin baino gehiagok lan egingo dutela, zeharka sortutako lanpostuak kontuan hartu gabe».

(ID_13885284) Sader eta Profersa

Sader eta Profersaren aurkako elkarretaratze bat, Zorrotzan (Bilbo). MONIKA DEL VALLE / FOKU

Baina egitasmo horrek kontrako erreakzioak ere sortu ditu. Getxoko, Santurtziko eta Zierbenako udalek alegazioak aurkeztu dizkiote proiektuari, eta berdin egin dute Getxoko eta Santurtziko EP Elkarrekin Podemosen zinegotziek, eta Getxoko Alderdi Popularraren udal taldeak. Hiru herrietan, EAJren eskuetan dago alkatetza; Getxon, PSE-EErekin batera gobernatzen dute jeltzaleek, eta Santurtzin eta Zierbenan, berriz, bakarka.

Hiru herriek aurkeztutako alegazioak bat datoz argudio honetan: planta berria herriguneetatik oso hurbil egongo litzateke, eta horrek kalte egin diezaioke herritarren ongizateari. «Airearen kalitatea eta herritarren osasuna kaltetuak izan ez daitezen bermatzeko beharra» aipatu du Getxoko Udalak alegazioetan, «batez ere lantegia udalerriko bizitegi eremuetatik eta eremu naturaletik gertu dagoelako». Santurtziko Udalak, berriz, argudiatu du herritarrek «zaratak, usainek eta kutsadura isuriek sortutako eragozpenak» paira litzaketela, eta horrek «kalte larria» eragingo liekeela «ongizateari eta bizi kalitateari». «Aisialdi eta bizitegi guneetatik hurbil» legokeela salatu du Zierbenak, eta horrek proiektua «arretaz aztertzeko beharra indartzen» duela uste du.

Bestelako argudioak ere eman dituzte udalek alegazioetan. Santurtzik nabarmendu du portua ez dela jarduera industrialetarako gunea, eta hondakin plantak ez duela zerikusirik portu batean normalean egiten diren zereginekin. Getxok eskatu du zenbait produkturen biltegiratzea berrikusteko; azaldu duenez, ongarriak biltegiratzeko asmoa egongo balitz, hori 656/2017 dekretuak arautzen du, eta, beraz, ebaluazio espezifikoa beharko luke. Zierbena izan da alegazioak aurkeztu dituen azken udala —epea martxoaren 20an amaitu zen—, eta, bere idazkian, proiektuari detektatutako arazo ugariren berri eman du: eraikin batzuek gehienezko altuera gainditzea, hondakin uren kudeaketa, trafikoaren eta aparkalekuen plangintza eta abar.

Proiektua, «egingarri»

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izan da zazpi urtez; martxoaren 18an iragarri zuen ardura utzi egingo duela laster. Otsailean, 2023ko balantzea aurkeztu zuenean, gaia aipatu zuen, kazetariek galdetuta: «Zorrotzan Sader eta Profersa daude, eta Agaleusek iragarri du itxi egingo dituela. Agaleusek kontzesio bat eskatu dio portuari industria hondakinetarako planta bat jartzeko. Eskaera hori bideratzen ari gara, baina planta berria izango da; ezin da esan Sader portura ekarriko dutela».

«Planta portuan jarrita, murriztu egingo litzateke hondakin horien garraioa eta ibilgailu astunen joan-etorria»

RICARDO BARKALABilboko Portuko Agintaritzako presidentea

Barkalak «egingarri» ikusten du proiektua: «Horrek ez luke emisiorik izango, edo oso gutxi, eta gutxi horiek ez lirateke kutsatzaileak izango. Ez luke usainik botako. Auzia ongi ezagutzen dut, urte askoan Bilboko zinegotzi izan nintzelako eta [Cadagua Beheko] Usainen Mahaia eratu zenean [2010 inguruan] han aritu nintzelako: usain txarrak Profersatik sortzen ziren, ongarriak egiteko lantegitik. Hau oso bestelako proiektua da».

Barkalaren ustez, badaude arrazoiak Bilboko portua hondakinen plantarentzat kokagune egokitzat jotzeko: haren esanetan, planta horrek kudeatuko lituzkeen hondakinen %60 baino gehiago portuan sortzen dira. «Beraz, planta portuan jarrita, murriztu egingo litzateke hondakin horien garraioa eta ibilgailu astunen joan-etorria. Horregatik, egokitzat jo dugu egitasmoa. Begi onez ikusten dugu, arduratsuak izan nahi dugulako».

«Gabezia larriak»

Xabier Benito Ziluaga EPko zinegotzia da Getxon. Haren ustez, «adar jotzea» da egitasmoaren baimena lortzeko aurkeztutako dokumentazioa, eta «gabezia larriak» ditu, «batez ere, ingurumen eraginari dagokionez». Barkalari «gezurretan aritzea» leporatu dio: «Eztabaida dezakegu emisio horien nolakotasunaz, baina ez da egia plantak ez duela emisiorik, eta dokumentazioan bi emisio puntu aipatzen dira».

Benitok uste du portua ez dela lekurik egokiena horrelako jarduera baterako: «Bilboko portuaren arautzean gabezia handiak daude; adibidez, ez du plangintza berezirik, eta beldur gara gabezia horiek baliatu nahi dituztela portua industria kutsatzailearen atzeko patioa bilakatzeko. Eta portua, izenak adierazten duen moduan, portu azpiegitura bat da, ez industria parke bat».

«Haizeak portutik jotzen duen egunetan, kutsadura datuak handiagoak dira. Gaur egun, portua da Getxoko kutsaduraren iturri nagusia»

XABIER BENITOElkarrekin Podemoseko zinegotzia Getxon

Aurkeztu dituzten alegazioetan, hainbat gabeziaren berri eman dute EPko udal taldeek. Larriena lehen aipatutakoa da: haien ustez, merkantziak garraiatzeko azpiegitura da portua, eta hondakinak tratatzeko planta batek hor ez luke sarbiderik, «jarduera horrekin ez duelako zerikusirik». Baina gehiago ere badaude: «Planta itsasoak inguratuta egongo da, lau aldeetatik hirutan, baina ingurumen eraginaren azterketak ez du hori aintzat hartzen. Adibidez, zehazten dute akuiferoetan ez duela eraginik izango, inguruan ez baitago akuiferorik, baina eraikitze lanetan edo hondakinak garraiatzean gerta daitezkeen itsasorako isuriei buruz ez dute ezer aipatzen».

Emisioei dagokienez, Benitok gogorarazi du Getxon neurgailu batzuk jarri zituztela, udalerrian isuri gutxiko eremua ezartzeko prozesuan, «eta emaitza izan zen haizeak portutik jotzen duen egunetan kutsadura datuak handiagoak direla. Gaur egun, portua da Getxoko kutsaduraren iturri nagusia».

Joxi Martin EH Bilduren zinegotzia da Santurtzin, eta, dioenez, herrian badago gai honekin «urduritasun» puntu bat, portuarekin zerikusia duten «beste zenbait gauzarekin» bezala. «Herrian nahikoa hedatuta dago iritzi bat: portua far west moduko bat dela, hirigintzatik kanpoko zerbait. Santurtziko eta Zierbenako lur eremuetan dago, baina bertako udalek aukera gutxi dute han gertatzen dena kontrolatzeko, eta hainbat urtez zenbait gauza ikusi ditugu portuan, herritarrengan urduritasuna sortu dutenak. Proiektu honekin berriro ere antzeko zerbait gertatu dela esan genezake».

«Herrian nahikoa hedatuta dago iritzi bat: portua 'far west' moduko bat dela, hirigintzatik kanpoko zerbait»

JOXI MARTINEH Bilduko zinegotzia Santurtzin

Martinen iritziz, prozesuan ez da «informaziorik» egon, ezta «gardentasunik» ere: «Guk aldizkari ofizialean irakurrita jakin dugu horren berri». Orain pilota «Jaurlaritzaren teilatuan» dagoela uste du: «Jaurlaritza aztertzen ari da egitasmoa, eta ikusiko dugu azterketa horrekin zer gertatzen den. Hark bermatu behar du herritarren osasuna eta ongizatea. Guk, ingurumen eta osasun ikuspegi batetik, berme guztiak exijituko dizkiogu, eta adi egongo gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.