Zehazki, Ueman sartzeko erabakiaren aurka jo izan du azken hilabeteotan Carlos Urkijok, Zerain, Berastegi, Ea eta Dimako udalak salatuz eta auzitara joz.
Salaketa guztiak EAEko Udal Legea onartu aurrekoak ziren. Apirilaren 15az geroztik indarrean den EAEko Udal Legeak, ordea, hizkuntza politika garatzeko eskumena ematen die udalei, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko aukera legez babesten du. Izan ere, euskara sustatzeko beste erakundeekin elkarlanean aritzea edota euskara sustatzeko mankomunitateak, elkarteak edo partzuergoak eratzea ahalbidetzen du lege berriak.
Lege hori onartu eta aste apur batzuk igaro direnean, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ere udalerri euskaldunek aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko behin betiko epai irmoa eman ostean, Espainiako Gobernu Ordezkaritza erretiratzen hasi da udalerri euskaldunak Ueman sartzearen aurka jarritako salaketak. Gai honen harira epaitegietan lau udalek zituzten auziak zabalik: Zerainek, Berastegik, Eak eta Dimak. Horietatik hiruk, Zerainek, Eak eta Dimak, azken egunotan jaso dute epaitegitik jakinarazpena, Carlos Urkijok salaketak erretiratzen dituela eta auziak bertan behera geratzen direla nabarmenduz. Bai udalerri euskaldunen abokatuek eta bai Berastegiko Udalak ere hurrengo egunotarako espero dute azken jakinarazpena.