Udalbiltza berriz ere antolatu eta abian jartzea nahi dute hango kide izateagatik epaitu eta errugabetu zituztenek, eta halaxe egiteko deia egingo diete maiatzaren 22ko udal bozetan herritarrek aukeratutako hautetsei. Horretarako, ekitaldia egingo dute bihar, Iruñeko Carlos III.a aretoan. Ez dute kasualitatez aukeratu toki hori, hantxe bota baitzituen sustraiak Udalbiltzak 1999ko otsailean. 317 udaletako 666 alkate eta zinegotzi bildu ziren nazio erakundea martxan jartzeko, 21 alkatek egindako deiari erantzunez.
Toki berean eman nahi diote Udalbiltzari bultzada, duela urtebete Espainiako Auzitegi Nazionalean akusatuen aulkian eserita zeuden 22 lagunek —guztiak absolbitu zituzten urtarrilaren 20an—. Larunbatean publiko egingo duten agiria adostu dute, «etorkizunari begira ekarpen xumea» egiteko asmoarekin. Izan ere, aurrerantzean ere Udalbiltza «beharrezkoa» dela uste dute.
Udalbiltza. Atzo, gaur eta bihar. Aitortzatik etorkizunera goiburupean egingo dute ekitaldia, eta ez du instituzioa berrabiarazteko asmoa bakarrik. Beste bi xede ere baditu: Udalbiltzak egindako lanaren aitortza egitea, batetik, eta «Udalbiltza auziari aurre egiten» beraien ahalegina egin duten pertsona eta taldeei esker ona erakustea, bestetik. Horregatik, hautetsiak ez ezik, modu batera edo bestera auzian lagundu duten guztiak ere gonbidatuta daude 11:00etan hasiko den ekitaldira.
Zortzi urteko «amesgaiztoa»
Udalbiltza auzia zortzi urteko «amesgaiztoa» izan zen 22 auzipetuentzat. 2003ko apirilaren 29an egin zuen Espainiako Poliziak aurreneko instituzio nazionalaren kontrako operazioa, Baltasar Garzonen aginduz. Auzitegi horrek berak absolbitu egin zituen epaiketara eramandako 22 lagunak aurtengo urtarrilean; baina, zortzi urte horietan, hainbat kalte egin dira, bai pertsonalak eta baita politikoak ere.
Auzipetuen arabera, adibide argienak dira Udalbiltza Partzuergoaren eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren lana oztopatzea, udalek Udalbiltza Partzuergoari emandako dirua bahitzea, herritarrek Zuberoa Garatzen egitasmorako emandako 400.000 euroak bahitzea eta Udalbiltza bera «lan klandestinoa» egitera behartzea.
Kalte pertsonalen artean daude 13 lagun atxilotu eta espetxeratu zituztela, diru kopuru handiak ordaindu behar izan zituztela bermeetan, eta hamar urtetik 23ra bitarteko espetxe zigor eskaerak eduki dituztela, «polizia zein auzitegiek asmatutako eta sustengatutako salaketa batzuen ondorioz».
1999tik lanean ari zen aurreneko nazio instituzioa geldiarazi zuten 2003ko polizia operazio hartan. Baina bidean aurrera egitea nahi dute.
Itxaropen garaia zen Udalbiltzaren sorrera hura. Lizarra-Garaziko akordioa indarrean zen, eta ETA su-etenean. Testuinguru hartan, udalek «etapa horretan aktibo» izan behar zutela iritzita, udaletxe guztietara Carlos III.a aretora joateko deia igorri zuten 21 alkatek. Urtarrilean bidali zuten eskutitz hori, eta otsailean egin zen batzarra. Euskal Herri osoko herritarrak ordezkatzen zituen erakunde baten beharra adierazten zuen eskutitz horrek: «Euskal Herriaren lurraldetasunaren aintzatespena bultzatzen dugu, eta hautetsi guztion ekintza bateratua euskal komunitate politikoaren kohesioaren eta nazioarteko proiekzioaren aldeko ekimen garrantzitsua izan daiteke», zioten. Hala, Euskal Erakunde Nazionala abiatzeko aukera aztertzeko bilerara gonbita egin zieten.
Halaxe egin zuten batzarra, eta deitzaileek aurkeztutako agiria aho batez onartu zuten, udal izaeran oinarritutako euskal instituzio nazionala abian jartzea erabakiz. Asmoak aurrera eramateko Batzorde Iraunkorra ere osatu zuten. Han finkatu ziren Udalbiltzaren oinarriak, eta han zehaztu ziren bide guztian lagun izan zituzten bost puntuak ere. Batzar haren ondorioa izan zen irailaren 18an Bilboko Euskalduna jauregian Udalbiltza sortzeko egin zuten ekitaldia ere. Euskal Herri osoko alderdi abertzale guztietako 2.000 hautetsiren babesarekin abiatu zen instituzio nazionala.
Auzipetuek nabarmendu dute Udalbiltzak beti egin izan duela lan «printzipio guztiz demokratikoetan» oinarrituta, eskubide zibil eta politiko guztien defentsa egin duela, «udalerrien arteko nazio mailako lankidetza lanabes hartuta». Euskal Herria nazio modura hartu eta azaldu izan dutela, eta herritarrak eskubidedun subjektu gisa.
Aurrerantzean ere hala izatea nahi dute, eta horretarako deia egingo diete hautetsiei bihar.
Udalbiltza berriz osatzeko deia egingo diete hautetsiei
Oraindik orain Euskal Erakunde Nazionala «beharrezko tresna» dela diote 'Udalbiltza auziko' epaituekUdalbiltza sortzeko aurreneko bilera egindako toki berean bilduko dira, bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu