udalak

Udalbiltzak eta Kataluniako AMIk lanak koordinatu nahi dituzte

Bi udal erakundeek bilera bat egin dute, Montblancen. Erabakitzeko eskubidearen alde ariko dira.

Udalbiltzako eta AMIko arduradunak, gaur, Montblancen (Tarragona, Herrialde Katalanak).
2014ko irailaren 10a
07:50
Entzun

Udalbiltzak —Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra— eta AMIk —Kataluniaren independentziarako udalen elkartea— bilera bat egin zuten atzo goizean, Montblancen (Tarragona, Herrialde Katalanak), "Kataluniako azaroaren 9ko galdeketa dela-eta lanak koordinatzeko xedez".

Elkarrekin egingo dituzte ekimen batzuk. Kasurako, AMIko kide batzuk Euskal Herrian izango dira urrian, "Udalbiltzak Kataluniako prozesuari sostengua emateko egingo dituen ekitaldietan parte hartzeko".

Udalbiltzak dio Euskal Herriko eta Kataluniako hautetsiek "erabakitzeko eskubidearen aldeko apustu garbia" egina dutela, eta bi erakundeek uste dute "udalgintzak ekarpen garrantzitsua" egin dezakeela "prozesu demokratikoetan".

Gaurko bileran Udalbiltzako ordezkariak Maite Iturre nazioarteko harremanen arduraduna eta lehendakariordea, Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea eta Xanti Kiroga Udalbiltzako zuzendaria izan dira. AMIkoak, Josep Maria Vila d’Abadal (AMIko lehendakaria eta Vic-eko alkatea), Josep Andreu i Domingo (AMIko lehendakariordea eta Montblanceko alkatea) eta Josep Maria Roige (AMIko lehendakariordea eta Balaguerko alkatea).

AMIk 697 udal eta 38 eskualde kontseilu, diputazio eta toki erakunde biltzen ditu.

Bihar goizean Kataluniako udaletxeen aurrean bilkurak izango dira, AMIk deituta, eta Udalbiltzako ordezkariak Vicekoan izango dira. Arratsaldean, Bartzelonan egongo dira, Diadan, V gisako mobilizazio erraldoiaren antolatzaile ANCk gonbidatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.