Euskal kostaldean pilatutako hondakin plastikoak biltzea, identifikatzea eta beste erabilpen bat emateko prozesatzea helburu duen egitasmo bat aurkeztu du gaur goizean Udalbiltzak. Getarian egin dute prentsaurrekoa (Gipuzkoa), eta hor eman dituzte proiektuari buruzko xehetasunak: Plastigarbi du izena, eta hiru urtez egongo da abian.
Plastikoaren erabilera areagotu egin da azken urteetan, eta gorakada horrek ondorio zuzenak ditu Euskal Herriko hondartzetan, baita atzerrikoetan ere. Horrekin lotutako zenbait datu eman dituzte aurkezpenean: kasurako, plastikozko hondakinek eragiten dute munduko ozeanoetako kutsaduraren %85, eta kutsadura horrek arriskuan jartzen du eremu horietako bioaniztasuna. Are, ohartarazi dute neurririk hartu ezean plastikoaren kontsumoa handitu egingo dela 2060. urterako. Hala, «etorkizun jasangarri eta ekologikoago» baten bidean hartutako erabakitzat jo dute Plastigarbi egitasmoa.
Landare Olio Puruen Frantziako Institutuko lehendakari Andre Dubosek azaldu du proiektua zertan datzan, eta, horren arabera, bi urrats zehaztu dituzte: lehenik, itsas hondakinak bildu eta birziklatzen dituzten eragileen «kartografia tekniko-ekonomiko bat» egingo dute, baita kostaldeko eremu bakoitzean pilatutako hondakinen identifikazioa eta legediaren azterketa ere; gero, jasotako hondakinak prozesatuko dituzte, zenbait teknika konbinatuz, eta erabiltzen ez diren aisialdirako itsasontzi abandonatuak deseraikitzeko lan bat abiatuko da. Prentsa oharrean nabarmendu dutenez, fase horietan guztietan lurralde ezberdinetako eragileen elkarlana sustatuko dute.
Bestalde, Udalbiltzako Clara Rougetek proiektuaren sorreraren nondik norakoak azaldu ditu. Esan duenez, Hendaiako Udalak egindako eskaera bat izan zen abiapuntua, adierazi baitzuen ez zekiela zer egin portuetan erabili gabe gelditzen ziren aisialdirako itsasontziekin. Zalantza horri beste bat gehitu zitzaion gerora; itsasoko hondakin plastikoena, alegia. Eta, pixkanaka-pixkanaka, zenbait bazkide batu dira Udalbiltzak koordinatuko duen proiektura: besteak beste, Leartiker, EHUren Plentziako Itsas Estazioa eta Paueko Unibertsitatea. Horrez gain, EB Europako Batzordeko Poctefa diru laguntza jaso du.Â