Udalbiltzaren aurkako ahozko epaiketa amaitu zenetik bi hilabete eta erdi igaro ondoren, Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea buru duen epaimahaiak urtarrilaren 20an jakinaraziko du sententzia. Auzipetuek sentipen nahasiz espero dute epai hori: «Urduritasunaren barruan, lasai» daudela adierazi du Maribi Ugarteburu Amorotoko alkate ohiak.
Prentsaurreko jendetsua eman zuten Udalbiltza auziko auzipetuek atzo, Donostian. 21 akusatuetatik zortzi han izan ziren, atzean, elkartasuna adieraziz, hainbat eragile politiko eta sozial zituztela. Epaiketaren amaieran esan zutena berretsiz, absoluzioari eusten diote justizia egiteko aukera bakar bezala, frogatutzat jotzen baitute Udalbiltzaren jardunaren zilegitasuna. Gogorarazi dute akusazioen perituek ere ez zutela delitu zantzurik aurkitu, eta auzia martxan jarri zuten salaketak faltsuak zirela frogatzea lortu dutela. Arrazoi horietan oinarrituta, «lasai» eta «itxaropentsu» daudela dio Ugarteburuk.
Urduritasunerako arrazoirik ere badutela esan du, ordea: « 21 auzipetuen etorkizun hurbila eta askatasuna jokoan dago». Udalbiltzan, «instituzio demokratiko batean», jardun izana delitu modura zigortzeko aukerak ere urduri jartzen ditu auzipetuak. Epaiketa politikoa izan dela ziur dira akusatuak: «Epaiketa irabazita eduki arren, aise gainera, sententzia falta da, eta hori ez dago gure esku». Horregatik, urduritasunaren barruan, lasai egoteaz gain, «lasaitasunaren barruan urduri» ere badaudela esan du Ugarteburuk.
«Ereindako haziaz harro»
Udalbiltzaren lana eta balioa goratu du Ugarteburuk. Haren arabera, akusatuak ziur dira «horrelako tresna instituzional bat bakea eta demokrazia egoera erdiesteko bidean tresna oso baliagarria dela». Udalbiltzak konponbide politikoa erdiesteko ekarpena egin zuelakoan dira, eta etorkizunean ere antzerako tresnen beharra egongo dela uste dute. Horregatik, «harro» daude «ereindako hazi txiki hartaz». Harro baita ere, Udalbiltzako kide modura egindako bide guztia «eskubide demokratiko guztien defentsan» egin zutelako.
Gatazka egoeratik bake eta demokrazia egoerarantz bidea egiteko «pausoak metatzen jarraitu» behar dela uste du Ugarteburuk, eta ETAren su-etena bide horretan «oso pauso positiboa eta esanguratsua» dela gaineratu du.
Elkarretaratzeak bezperan
Udalbiltza udal hautetsiek sortu zutela eta, erakundea herritarrena dela gogorarazi du Ugarteburuk. Horregatik, urtarrilaren 19an, sententzia ezagutaraziko duten egunaren bezperan, udaletxeetan egingo diren elkarretaratze isiletara joateko dei egin die herritarrei. Ordua herri bakoitzean zehaztuko den arren, leloa bera izango da guztietan: Udalbiltza aske! Justizia=Absoluzioa. Sententzia ezagutu, eta egun horretan bertan Bilbon agerraldia egingo dutela ere aurreratu du. Auzipetuekin bat egin duten guztiei eskerrak emanez amaitu da prentsaurrekoa.
1999ko irailean sortu zen Udalbiltza, eta Euskal Herriko lurralde eta sentsibilitate politiko anitzeko sostengua izan zuen. 2003ko apirilean izan zen proiektuaren aurkako polizia operazioa. Hamabost lagun atxilotu zituzten; udal hautetsiak, hautetsi ohiak eta Udalbiltzako langileak. Zazpi urtez izan dira auzipetuak epaiketaren zain, eta bi hilabete eta erdiz sententziaren zain. Hamarna urteko espetxe zigorra eta lan publikoa betetzeko hamar urteko gaitasun gabetzea eskatzen du fiskaltzak hogei akusaturentzat. Udalbiltza ETAren egituraren zati bat zela leporatuta, «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diete auzipetuei. Defentsak absoluzioa eskatu du.
Udalbiltzako auzipetuek absoluzioa espero dute 20an, epaia jakitean
Justizia egiteko era bakarra auzipetuak errugabetzat jotzea dela berretsi, eta epaia «sentipen nahasiz» espero dutela dioteElkarretaratze isilak antolatu dituzte udaletxeen aurrean hilaren 19rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu