Udalbiltzaren aurkako epaiketak ez du segituko, iragarri bezala, hilaren 29an (asteazkena), hurrengo egunean baizik, BERRIA.INFOk auzipetuen iturrien bidez jakin duenez. 29rako CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako Estaturako greba orokor deialdia egina dute, baina Javier Gomez Bermudez Udalbiltza auziko epaimahaiburuak egun horretarako jarria zuen hurrengo saioa, epaitegiko langileek greba egin dezaketela jakin arren. Iritzia aldatu du epaileak, eta auzipetuei-eta orain jakinarazi diete egun bat atzeratu dela saioa, hilaren 30era.
Bermudezek azkeneko saioan -irailaren 14an-, bihar zortzirako ez ezik, irailaren 30erako eta urriaren 1erako ere ipini zituen hitzorduak; orain ikusi egin beharko nola geratuko den egutegia. Froga perizialen txanda izango da 30etik aurrera.
Azkeneko saioan defentsaren 11 lekukoek deklaratu zuten. Hain zuzen, uztailean auzipetuek egindako azalpenak berretsi, eta Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen esan zuten. Halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela.
Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa, eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak.
Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, era berean.
udalbiltza auzia
Udalbiltzako epaiketako hurrengo saioa egun bat atzeratu dute, hilaren 30era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu