gizartea

Udalean Bilboko txupineraren argazkia eta bala bat zeraman gutun bat jaso dutela salatu dute Konpartsek

Zapatuan Aste Nagusiari hasiera emateko txupina jaurtiko du Sonia Polok. Haren neba preso izateagatik Polok ezin duela txupinera izan esan zuten PPk eta PSE-EEk.

2009ko abuztuaren 12a
18:48
Entzun
Sonia Polok zapatuan jaurtiko du aurtengo Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko txupina. Polemika nagusi izan da Bilboko Konpartsek Polo txupinera gisa izendatu zutenetik. Izan ere, haren neba preso izateagatik PP eta PSE-EE txupinera aldatzen saiatu dira, Polok ezin duela txupinera izan argudiatuta. LABek eta Bilboko Konpartsek gaur jakinarazi dutenez, atzo Poloren argazkia eta 9mmko kalibreko parabellum bala bat zeraman gutun bat jaso zuten Bilboko Udalean. Jai Batzordeari zuzendutako mehatxu eskutitza zen, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Kasua ikertzen ari dira.

Jarrera hori guztiz gaitzetsi dute bi taldeek. Gainera, "bi alderdi zehatz eta horien jarraitzaileak" egin dituzte horren erantzule. "Jai giroa kakaztu nahi dute eta atentzioa beste gai batzuetara bideratu".

Aste Nagusia "konfrontazio politikorako" erabiltzeari uzteko eskatu diote PSE-EEri eta PPri. "Elkartasun osoa adierazten diogu Sonia Polori eta eraso faxista hauek guztiz baztertzen ditugu".

"Mehatxua egin dutenak atxilotzeko lanean ari da Ertzaintza", adierazi du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Gaineratu du "guztiz gaitzesgarria" dela mehatxu gutunaren gertakaria.

Ostiralean kontzentrazioa

Polori elkartasuna eta babesa adierazteko Bilboko Konpartsek prentsaurrekoa eta kontzentrazioa egingo dute ostiralean 12:00etan Arriaga aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.