Jaurlaritzak etxebizitza babestuak eraikitzeko erreserba bat osatu nahi du udalek emandako lurzoruarekin

Etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunei aurre egiteko plan bat onartu du Eusko Jaurlaritzak. Planaren helburua da etxebizitzaren eskaintza handitzea eta horretarako prozedurak arintzea. 2025etik 2027ra bitartean garatu nahi du.

Babes ofizialeko etxebizitzak, Zorrotzaurren (Bilbo). IREKIA
Babes ofizialeko etxebizitzak, Zorrotzaurren (Bilbo). IREKIA
kristina martin
2025eko maiatzaren 27a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskuratzeko «larrialdi egoerari» aurre egiteko plan bat onartu du gaur: Etxebizitza Gida Plana 2025-2027. Prozedurak arintzeko hirigintza arauak moldatzea, babes ofizialeko etxebizitzak finantzatzeko funts publiko-pribatu bat sortzea, udalek Jaurlaritzari emandako lurzoruarekin erreserba bat osatzea, eta tentsio handiko eremuak izendatzea: horiek dira planak jasotzen dituen neurri nagusiak. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eman ditu xehetasunak.

Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du plana, eta hurrengo pausoa Eusko Legebiltzarrera eramatea da. Izan ere, organo legegileari dagokio araudia aldatzea, planak jasotzen dituen zenbait neurri aplikatu ahal izateko.

Etxebizitza babestuen parkea handitzeko asmoz, lurzoru erreserba bat osatu nahi dute. Itxasok jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritza Eudelekin ari da jadanik hitzarmen bat negoziatzen. Horren arabera, udalek legez dagozkien lurzoru batzuk Eusko Jaurlaritzari emango lizkiokete, erakunde horrek etxebizitza babestuak susta ditzan. Ez dute zehazten udalek zenbat lurzoru utzi beharko luketen Eusko Jaurlaritzaren esku; ehunekoa eta baldintzak legebiltzarrean zehaztu beharko dituzte.

Planak proposatzen duen beste neurri bat da diru funts bat sortzea. Partaidetza publikoak eta pribatuak elikatuko lukete inbertsio funts hori, eta alokairura bideratutako etxebizitzak gehitzeko erabiliko luketela jakinarazi du Itxasok.

Horrekin batera, planak jasotzen du etxebizitza babestuen parkea handitzea —erosteko zein alokairuan jartzeko—, tentsio handiko eremuak izendatzea, eta etxebizitza hutsen mobilizazioa sustatzea. Halaber, gazteei etxebizitza alokatzeko ematen dizkieten diru laguntzen programak indartzeko asmoa ere agertu du Eusko Jaurlaritzak. Adibidez, gaur egun alokairuaren diru laguntza jasotzeko, etxebizitza osoa alokatu behar du gazteak. Asmoa da gela bat alokatuta ere laguntza jasotzeko eskubidea izatea.

Hirigintza araudia arindu

Helburu horiek guztiak lortzeko, nahitaez zenbait lege egokitu beharko dituzte erakundeek. Hirigintza araudia malgutu eta arindu nahiko luke gobernuak: besteak beste, erabili gabeko merkataritza lokalak etxebizitza bihurtu ahal izateko eta etxe zaharrak eraberritzeko.

Eusko Jaurlaritzaren xedea da plana urtea amaitu aurretik ezartzea. Aurreikuspenak betetzen badira, asmoa da datozen hiru urteetan 5.250 etxebizitza jartzea «alokairu eskuragarri» baten truke. Legealdi osorako erronka ere jarri du Imanol Pradalesen gobernuak: 7.000 etxebizitza berri alokairu sozialera bideratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.